Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 17. igandea - 2020.eko Uztailaren 26a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinesmen eta anaitasun ospakizun honetara.

Igandero bezala, Jesukristo Berpiztuarekin bat egiteko elkartu gara. Elkarrekin Jainkoaren Hitza entzungo dugu; gure bizitzarako aholku eta lagungarri dugun Hitza. Hitz horren arabera, BALIO guztiak ez dira berdinak eta ezin daitezke parean jarri. Balioen maila bat dago. Jaunaren Hitzak hori agertuko digu gaur.

Oporretan aurkitu arren, ahalegintxo bat egiten dugu, guzti hau sakontasunez bizitzeko. Bizitzan, benetan merezi duten gauzetarako, ez dago oporrik. Jesusen gonbidapena dugu.

Jesus gure Jaun eta Maisuaren inguruan elkartutako senideen batzar honi hasiera ematen diogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 3, 5. 7-12

Itun Zaharreko zati bat entzungo dugu. Salomonen erregetza gustukoa izan ez arren, Jainkoak Dabidi egindako agintzari baten ondoren bezala aukeratu zutela diosku idazle sakratuak; Jainkoa eta erregearen arteko hurbiltasuna eta elkarrizketa nagusitzen da; Jainkoak, Salomoni nahi duena eskatzeko esaten dio, eta honek, bihotz zentzuduna herria zuzentzeko, ona eta txarra bereizteko. Gogoeta esanguratsua.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 28-30

Paulo apostoluak, pozez beterik, Jainkoaren salbamen asmoa iragartzen du. Jainkoak -guk merezi izan gabe- salbamen maitasunean bat egin gaituela konturatzen da. Horrelako dohain ederrak gizakiongandik erantzun bat merezi du; baina guztiok ez dugu egiten era berean. Egiten dutenak, Jainkoarekin harremanean bizitzeko errazago daukate, Jainkoa leiala denez hutsik ez duelako egiten. Gogoeta ederra.


Ebanjelioa: Mateo 13, 44-52

Jesusek, jende xeheari, Erreinuko ezkutuko gauzak, parabolen bidez azaltzen jarraitzen du. Gaur, helburu berdinarekin, hiru parabola eskaintzen zaizkigu; hirurak, Jainkoaren Erreinuaren handitasuna azpimarratzen dute; berarekin aurkitzen denak, beste guztia bigarren maila baten uzten du. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Apaltasunez eta konfidantzaz Jainkoa Aita-Amagana joten dugu gure premiak eta gizadiaren premiak aurkeztuz.

1.- Elizaren alde: egi eta bake leku izanez, pertsona guztiak onartuak eta beren duintasunean aintzat hartuak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristau guztion alde: gizartearen erdian Jaunaren lekuko izan gaitezen, eta behartsuenen alde zerbait egiteko prest egon gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Herri aberatsetako agintarien alde: betiko hitz eta promesen ordez, beharrizanean aurkitzen diren herrien alde benetan joka dezaten, pobretasuna, gosea eta zapalketa guztiak behingoz desagertu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko gazte guztien alde: bere Hitzaren bidez, gertaeretan, behartsuetan eta bakardadean aurkitzen diren pertsonen bidez Jesusek egiten dien deia entzun dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau elkartearen alde: Zuk eskaintzen diguzun mezu ederra norberaganatuz, Zure Berri onaren iragarle izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HARRIBITXI (BITXI) BATEN AURKEZPENA

(Emakumeak erabiltzen duten edozein bitxikeri izan daiteke, eta emakume batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta elkarte osoaren izenean, bitxi hau dakarkizut; mundu honetan zeren bila gabiltzan agertu nahi du. Zuk zer bilatu behar dugun esan diguzuna ere gogoan dugu. Lagun ezaiguzu, Jauna, gauzak bere neurrian hartzen, eta gure bihotza benetan merezi duten gauzetan ipintzen. Zuk eskaintzen diguzun helburuaren bila, elkarrekin joka dezagula. Eskerrik asko zure argitasunagatik.


DIRU-POLTSA HUTS BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gizon heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru-poltsa huts honekin hauxe agertu nahi dizut: Zure jabe izanez, beste guztia bigarren maila baten gelditzen dela. Baina gaur egun, mundu honetan tentaldiak ugariak dira, eta gure bihotzak beste gauza batzuetan nahasten dira, zure jarraipenaz ahazturik. Zure grazia eta indarra eskatzen dizkizugu, Jauna.


ESKU HUTS BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek, katilu antzera ipinitako esku huts batzuk aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Zu zara gure itxaropena eta gure aberastasuna; guk ez daukagu ezer. Zure grazia hartzeko gure prestutasuna bakarrik dugu. Zuk bete ditzazun zain dauden esku huts hauen bidez, horixe da gaur eskaintzen dizudana.


EGOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromisoari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu.

Agurra

Senideok: soroan ezkutatutako altxorra eta harribitxi ederraren parabolak entzun ditugu. Jainkoaren Erreinuaren balioak, batzuk baztertu egiten dituzte eta beste batzuk ezagutu ere ez. Batzuetan inork ez dizkielako eskaini; beste batzuetan, ezagutu arren ere, JESUS den altxorra onartzea eta jarraitzea ez zaigulako egiten erraza. Egiteko ederra aurkeztu zaigu igande honetan. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatu Zu, Aita-Ama, zeru-lurren Jauna,
Zure erreinuko misterioak jende apalari erakutsi dizkiozu-eta”




Jesus, Jaun eta Maisua, bere ikasleen taldearekin dago, astiro-astiro, Berak iragartzen eta aldarrikatzen duen errealitate berri horrekin jabetzen joan daitezen. Horretarako, denak ulertu dezaten, eguneroko bizitzatik hartutako adibide errazak erabiltzen ditu.

Gaur, begi bistan dagoen zerbait, eta erraz ahazten duguna agertzen digu: bizitzan gauza guztiak ez dute garrantzi berdina. Engainatu ez gaitezen eta gauzak nahastu ez ditzagun, BALIOEN MAILA bat derrigorrezkoa dugu.

Liturgiak jarraibide batzuk eskaintzen dizkigu: Salomonentzat, herria zuzentasunez gidatzeko, garrantzitsuena jakituria da; eta jakituriaren dohaina eskatzen du. JESUSentzat, beste gauza guztiak utzi eta benetan garrantzia daukan gauza bakarra, Jainkoaren Erreinua da. Harrigarria! Paulorentzat Jainkoaren salbamen egitasmoa da, berak hasieratik maite gaituelako eta lehenengoa Bera delako.

Jaunak mezu hau dakarkigu gaur. Eta argi eta garbi, Erreinuaren alde jokatzeko eskatuko digu, arriskatzea merezi duen ALTXORRA delako. Horrela egin zuen Jesusek. Erreinuaren espiritua aurkitzen duenak, altxor ederra aurkitzen du.

Zoriontsuak ERREINUAREN alde JOKATZEN dutenak,
ALTXOR eder baten jabe izatearen poza izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Dituen guztiak saldu eta landa hura erosten du"

(Mt 13, 44)

 

 


bidean@bidean.net
orue