Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 19. igandea - 2020.eko Abuztuaren 09a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Eukaristia ospatzera. Jaunak elkartzen gaitu bere hitza entzun eta bere mahaitik parte hartzeko.

Itxaropenez beteriko mezua entzungo dugu. Jesusen hitzak gure barrua ukituko dute: “Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!”. Berarekin dena da ezberdina; ebanjelioan entzungo dugunez, egoera txarrenak ere Berarekin lasaitu egiten dira. Bihotz zintzoz Berarengana hurbiltzen denak aterpea eta babesa aurkitzen du. Ezin dugu ahaztu Jesus dugula Jainkoa agertzen digun aurpegia. Bere esanetan, Jainkoa gauza txikietan eta apaletan agertzen zaigu, eta ez gure gustuko diren gauza handi eta ikusgarrietan.

Bere Hitzean, Eukaristian, elkartuta dauden anai-arrebengan, bihotzaren isiltasunean… agertzen zaigun Jainkoaren presentzia ospatuko dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Erregeak 19, 9a. 11-13a

Israel herria, Itunaren Jainkoa baztertu eta sasi jainkoetara hurbiltzen ikusten du Elias profetak eta horregatik herritik alde egin nahi du. Profeta, bere bakardadean, Jainkoaren bila dabil eta, harriturik, Jainkoa ez dagoela gauza ikusgarrietan konturatzen da. Eta bai haize finaren zurrumurruan. Bakez onartzen dugu kontaketa hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 9, 1-5

Israelgo seme-alabak ez dute onartu Jesus Mesias bezala, eta Paulo apostolua kezkaturik agertzen zaigu. Egoera honek, anai-arrebekin bat egitera eramaten du, haiek ere berak bizi izandakoa bizi ahal dezaten. Bere egitekoa korapilatsua da, baina Pauloren giza sakontasuna agertzen digu. Entzun dezagun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 14, 22-33

Ebanjelioan Jesusen iragarpen harrigarri bat agertuko zaigu. Dena berria egiten duen Biziaren Jainkoa agertzera dator. Oraingoan, itsasoan agertzen da: denboralea gelditu eta sinesteak dakarren arriskua beldur gabe onartzera deitzen digu. Fededunak badaki Kristo bide lagun duela beti; zaindu dezagun konfiantza hori. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren laguntza beti datorkigu ongi. Konfiantza osoz berari zuzentzen dizkiogu gure premiak.

1.- Elizaren alde: nagusikeria eta harrokeria baztertuz, eta Eliza apala, hurbilekoa eta abegikorra izanez, hartutako misioa zintzotasunez bete dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Bakarrik, gaixorik, lanik gabe, paperik gabe, aterperik gabe aurkitzen diren eta gure gizarteak baztertzen dituen pertsona guztien alde: beren eskubideak zainduz, lagun izango dituen pertsonak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: Jainkoa gurekin batera dagoen sinismena eta konfiantza izan dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde; bakearen alde lana egiten duten pertsona guztiengatik: errespetua eta tolerantzia gordez, elkarrizketarako bide berriak eraiki daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau elkartearen alde; udaldian aurkitzen diren guztien alde: pertsona guztiak onartuak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAITZ HARRI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, harkaitz harri honekin, gure indarra eta aterpea zarela aitortzen dugu. Baretzen gaituen eta zure bakea dakarkigun hitza entzun nahi dugu. Inguruak ez digu eskaintzen giro hori, baina guk horrela bizi nahi dugu. Zure Seme maitearengan daukagun sinismenean sakonduz, bere laguntza senti dezagula gure ibilbidean.


TELEBISTAKO EGITARAUA DAKARREN ALDIZKARI BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, telebistako egitarauen aldizkari hau dakarkizut. Honekin, gure munduak eta gizarteak goraipatzen dituen baloreak gogoratuz, horren aurka ezer gutxi egin dezakegula agertu nahi dizut. Ebanjelioko baloreak beste era batekoak dira eta zuk bizitzeko eskatzen diguzu. Bizi naizen, lana egin eta atsedena hartzen dudan tokian zure baloreen lekuko izateko konpromisoa eskuratzen dut.


HONDARTZARA JOATEKO ERABILTZEN DUGUN ESKUZAPI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte edo heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Jauna, gure gizartean “itxura onekoa” izatea, eta horretarako eguzkia hartzea, eguneroko gauzak dira. Eskuzapi honek, oporretan gaudela agertzen du. Jauna, oporraldiak, gure izatearekin eta Zurekin aurkitzera eraman gaitzala. Benetako atsedena hartuz, indar berriekin itzul gaitezela gure zereginetara.


DIRU POLTSATXO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, diru poltsatxo hau, kontsumo zalekeriaren aurka gaudela agertzeko dakarkizugu. Jauna, zuk badakizu gazteok tentaldi ugari izaten ditugula. Salmo egilearekin batera diotsut: “urrundu gugandik Jauna baztertzea”. Eta Pedrorekin: “norengana joango gara? Zuk betiko bizitzaren hitzak dituzu”. Bihotz-bihotzez eskerrak ematen dizkizut, Jainko Aita, zure Seme Jesukristorengan sinistea eman didazulako.

Agurra

Senideok: konfiantza eta adorea ematen dizkigun hitzak entzun ditugu: “Gora bihotza! Ni naiz. Ez izan beldurrik”. Hitz hauek guretzat esanak izan dira eta Jesusen gonbidapena dugu. Berriro diotsuet: “Ez izan beldurrik”. Nire sinesmena apaltasunean bizitzeko, “Ez izan beldurrik”; errespetua eta tolerantzia zainduz, norberen iritzia agertzeko, “Ez izan beldurrik”. Jesus, zure ondoan, gure ondoan dago; gurekin dator. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunagan itxaroten nago,
nire barrua Haren Hitzaren zain dago”




Igandero, Jesus gure Jaunaren inguruan elkartzen gara. Ez gaitu bakarrik uzten; gure ahultasuna eta beldurrak ezagutzen ditu. Beldur hauek agertzen dira gaurko mezuan.

Gaur ere, Pedro agertu zaigu bere izatean; sarritan bere egoeraz bat egiten dugu: sinismena ahuldu, beldurtu, urperatzen doala sentitu. Gure bizitzako esperientzia asko egongo dira Pedroren deiadar honetan bildurik; bizitzan zehar zenbat bider esaten dugun: “Jauna, salba nazazu”.

Konturatu edo ez, gaurko gure mundu hau ere beldurrez bizi da; gizadiak aurrerapen asko egin ditu, baina ez du kendu bildurra: segurtasun falta, sufrimendua, gutarrei egindako kaltea, lanik eza, bakardadea, bazterketa edo zentzu gabeko bizitza. Zenbat pertsona eta egoera, hainbat beldur eta estualdi.

Eta egoera honetan, kristauok gaurko ebanjelioan entzundako hitzak, “Jesusek eskua luzaturik”, gogoan ditugu: Bera beti hurbilean, gure ondoan dago. Bizitzan behar dugun konfiantza Berarengan aurki genezake. Eta gu ere, bizitzako egoera ezberdinetan, beste batzuei konfiantza eman eta eskaintzen dien andre-gizonak izan gintezke.

Elias profetak, Jainkoarekin aurkitu ondoren uzten digun mezua ere ederra da. Jainkoa, haize gozoaren zurrumurruan zegoen, eta aurkitutakoan... dena aldatzen da!

Zoriontsuak beren inguruan KONFIANTZA sortzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Lasai! Neu naiz. Ez beldurtu!"

(Mt 14, 27)

 

 


bidean@bidean.net
orue