Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 20. igandea - 2020.eko Abuztuaren 16a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jaun Berpiztuaren inguruan elkarturik egiten dugun ospakizun honetara.

Biziaren Jainkoarengana zabalik dauden guztiei eskaintzen zaiela salbamena esango digu gaur Jainkoaren Hitzak. Ez Israelek ezta beste inork ere ezin du gorde beretzat Jainkoaren salbamena. Horrela agertzen zaigu gaurko irakurgaietan.

SINISMENAK, ate guztiak zabaltzen dituela agertuko digu Jesusek. Ebanjelioan agertuko zaigun emakume kanaandarrak, Jainkoaren aurrean gure jarrera nolakoa izan behar den esaten digu. Jesusek, bera onartuz, Jainkoaren dohaina onartzera gonbidatzen gaitu.

Ospakizun honetan, Jesusek eskaintzen digun Biziaren Jainkoarengana hurbiltzen gara; Berarekin bat egin nahi dugu. Has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 56, 1. 6-7

Israel herria Babiloniako erbestetik etortzerakoan idatzia dela esan liteke Isaiasen zati hau. Itun Zaharrean unibertsaltasun gehienetarikoa daukan zatia dugu. Jainkoak, atzerritarrak ere gonbidatzen ditu bere herri santua izatera eta bere dohain eta agintzariak gozatzera. Salbamena herri guztiei eskaintzen zaie; inor ez da baztertzen. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 11, 13-15. 29-32

Paulo apostoluaren arabera, lehen, jentilak bekatariak eta Jainkoaren etsaiak ziren, eta hebertarrek, herri aukeratua. Orain judutarrak esan-txarrekoak bihurtu dira eta jentilak Jainkoaren errukia aukeratu dute. Horrela, jentilak salbamena onartzen dute. Paulok bere senideen bihotza bizkortu nahi du eurak ere onar dezaten; salbamen horren hartzaileak izanez, orain kanpoan gelditzeak min ematen dio. Entzun dezagun bere gogoeta.


Ebanjelioa: Mateo 15, 21-28

Atzerritar emakume baten sinismena goratzen du Jesusek ebanjelioan. Sinismena leinu, hizkuntza eta pentsaera guztien gainetik dago. Kanaandar emakumearen apaltasunaren aurrean, Jesus bera ere bigundu eta samurtu egiten da; pozez eta mirespenez bere sinismena onartu eta jarraibide bezala ipintzen digu. Argi dago: Jainkoarentzat, apaltasuna, bakuntasuna, txiki izatea, gogoko dira. Onar dezagun kontaketa hau.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren premia beti dugu. Konfiantza osoz Berarengana jotzen dugu gure beharrizan batzuk aurkeztuz.

1.- Elizaren alde: apaltasunean bizi izanez, beste era batera pentsatu eta bizi direnak ere onartu eta bakeak egin ditzan, eta denen aurrean Jainkoaren benetako aurpegia ager dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri aurreratuen alde: beren eta herri pobreen arteko aldea ez dadin handitu; beraiek dauzkaten ahalbideak, ez daukanen eskuetan jar ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Edozein arrazoirengatik sufritzen dauden gizon emakume guztien alde: beren ibilbidean bizitzeko eta itxaropena izateko arrazoiak eskainiko dizkien hurbileko pertsonak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure herriko eta munduko bakearen alde: pentsaera erlijiosoa dela eta, herrietako guda, jazarpen eta arrazakeriak desager daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunak deituta otoitzean elkartu garenon alde: Jainkoak, Berarekin bat egiteko grazia eman diezaiogun, eta dena Beragandik hartzen dugula kontura gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LUR GLOBO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du; gizarte zerbitzuren baten dabilen batek egiten badu, hobe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haur eta gaztetxoak mundua hobeto ezagutzeko eta gehiago maitatzeko gizarte ikasketetan erabiltzen duten lur globo hau dakarkizut. Eskuetan harturik, inor kanpoko edo atzerritar ez, baino denok hiritar sentitzeko, gizaki askok amesten duten auzo handi hori dirudi.

Jauna, arrazakeri eta erlijio ezberdinak sortzen dituzten gorrotoak desegitea eskatzen dizut. Jesusen jarraitzaileok, baztertzaile ez, baino bateratzaile izan gaitezela. Tolerantziaren, elkarrizketaren, elkar ulertzearen eta maitasunaren lekuko egin gaitzazu.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko beste sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


ARGIA AURKEZTEA

(Ondo legoke bataioko pastoralean dabilenen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elizan gauden guztion izenean, argi hau eskaintzen dizut, aldarean dagoenarekin bat eginik. Bataioak gugan duen eragina agertu nahi dizut. Zure Seme Jesu Kristo Berpiztuak piztu du gure barrenean, eta munduaren erdian gu ere argi izatea nahi du. Emaguzu iluntasunean ere beti argia izateko grazia.


KATILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egiten du. Katilua hutsik dago; sinesmendun bezala betetzen joateko konpromisoa hartzen dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu honekin, nik eta kristau guztiok hartzeko daukagun jarrera agertu nahi dizut. Mariaren antzera eta zure lekuko izan diren askoren antzera, zure Hitza eta zure grazia hartzeko prest gaudela agertzen dizut. Haiek barik, txiki gelditzen gara eta Zugandik urrunduta bizi. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.

Agurra

Senideok: Jesusen jarraitzaileon ospakizun hau bukatzera goaz. Hemen hartutakoa ez da bertan uzteko; eraman dezagun bizitzara, geu bizi garan lekura; bila dabiltzan guztiek ikus dezatela Jainkoaren salbamena gizaki guztientzat dela. Gure inguruak hain gauza ederra ezagutzea geure eskuetan ere badago. Horretarako, lehenengo norberak bizi behar sinismenaren eta graziaren poza eta sakontasuna. Horrela izan bedi. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

< class="centradogest">“Jesusek erreinuko berri ona iragartzen zuen,
eta gaitz guztiak sendatzen zituen herrian”




Igandero bezala, Jesus Jaunak DEITZEN digu; bere ahalegina gu heztea da, bere irakatsietara hurbiltzea; Berak egiten digun proposamena gure bizitzarako onena dela senti araztea eta onartzea. Gure bizitzari zentzua emanez gu betetzen joan gaitezen. Horretarako elkartzen gara otoitzean.

Gaurko MEZUA hauxe da: SALBAMENA ez da batzuena bakarrik; aukeratua izan zen Israel herriarena ere ez. Herri guztiak bizia izatera deituak dira; Jainkoak bera onartzen duten guztiei doanik eskaintzen dien bizia.

Horregatik, salbamena, Jainkoaren bizia, DOHAI bat da, GRAZIA da; batzuk gogoz onartzen dute, jendearen esamesen gainetik (ebanjelioan agertu zaigun emakume kanaandarra, jentila); beste batzuk, Jainkoaren proposamena gogoan izan gabe, beraien bidea eta egitasmoa jarraitzearren aldeko agertzen dira. DILEMA horretan aurkitzen gara.

Salbamen dohain hori onartzeak, salbatuak izango garan jarrera iraunkorrez bizitzea eskatzen digu. Eta bere gonbitea baikortasunez erantzuteko aukera eskaintzen digu. Nahi izatea bakarrik da; Berarekin, Biziaren Jainkoarekin kontatzea bakarrik eskatzen du. Eta Berak, egi bihurtzera bidaliko gaitu, gure munduari eskaintzera: gure EGITEKOA, gure MISIOA da. Gizaki guztiok, Jainkoaren benetako FAMILIA izatera deituta gaude.

Zoriontsuak bere DEIA ENTZUTEN dutenak,
ERREINUAREN poza Berarekin biziko dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Emakuamea, handia da zure fedea!"

(Mt 15, 28)

 

 


bidean@bidean.net
orue