Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 21. igandea - 2020.eko Abuztuaren 23a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak ospakizun honetara.

Jaiero, Jaun Berpiztua gure artean dagoela ospatzen dugu. Jesus, Jainkoaren salbamena ekartzera datorren Aita-Amaren Seme maitea dugu; Beragan oinarritzen da gure fedea.

Jesusek gaurko ebanjelioan bere ikasleei galdetzen die: “Gizonaren Semea, nor dela dio jendeak?”. Jesusen lagunak, jendeen esanei ez, baina beren barrura begiratzen dute erantzuna emateko. Erantzunak, sinesmen sakona eskatzen du.

Jesusek galdezka jarraitzen du: jendeak, zer dio nitaz? Erantzun ezberdinak daude: batzuk ez dakite nor den; beste batzuk zerbait entzun dute baina baztertu egin dute; beste batzuk, historiako pertsonai ezagun bat dela diote, baina ez dute ezagutzen bere mezua. Badaude baita, Jesusek beren barrua ukitu dienak, bere ikasle egin direnak eta bere jarraitzaile bihurtu direnak. Erantzuna, sinesmenez bakarrik eman daiteke: Nor da Jesus niretzat?

Has dezagun, anai-arrebok, bildurik Jaunaren inguruan egiten dugun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 22, 19-23

Errege etxeko buru den baten kontra egiten du zati honetan Isaias profetak; bere gehiegikeri eta harrokeriagatik jendearen aurrean gorrotagarri bihurtu da. Horren aurrean, herriaren zerbitzuan ariko den bere ordezko bat iragartzen du profetak. Jainkoak, herri aukeratuaren alde lan egingo dutenak aukeratzen ditu. Salbamen historiako bideak dira. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 11, 33-36

Paulo apostoluak, gogoeta honetan, Jainkoaren esku zabaltasuna goratzen du. Inork ezin du ezagutu Jainkoa. Ez dauka kontsejatzailerik. Beragandik dira gauza guztiak eta Bera da helmuga. Dohain bezala ematen zaigu guztioi. Entzungo ditugun galderak, norberen sinesmenetik erantzutekoak dira. Onar dezagun beren gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 16, 13-20

Jesusek bere jarraitzaileei egiten dien galderaren aurrean, Pedrok hartzen du erantzukizuna: Zu Jainkoaren Mesias zara. Hau da, gizadia salbatzera etortzeko izan dena zara zu. Sinesmen erantzun honetan oinarritzen da Maisuak emango dion egitekoa: bere elkartea, bere Eliza eraikitzeko “Harri” izan. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren laguntzaren premian gaude beti; konfiantzaz beterik gure beharrizanak aurkezten dizkiogu.

1.- Elizaren alde: ebanjelioaren alde egiten duen lana, gizarte honen erdian pertsona asko Jainkoari begira ipintzeko modukoa izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko eta gure herriko BAKEAREN alde; bakearen alde lanean dabiltzan gizon emakume guztien alde: kristauon hurbiltasuna eta solidaritatea senti dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jesusen jarraitzaile guztien alde: bila dabiltzan gizon emakumeentzat, Jainko Erreinuaren erakusle izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixorik, lanik gabe, bakarrik sentitzen direnak eta atzerritar guztien alde: euren premiak gozatu eta arinduko dituzten pertsonekin aurki daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau elkarteen alde: pertsona guztientzat zabalik egonez, bake leku, zorion leku eta anaitasun leku izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Pastoral kontseiluko arduradunak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau dakarkizut. Agintarien ezaugarria dugu. Beronekin, zerbitzurako prest nagoela agertu nahi dizut; horixe da izan ere zure familia osatzen dugunon ezaugarria. Zerbitzu hori betetzen jarraitzeko zure laguntza eskatzen dizut. Gure elkarteko denok elkarren zaintzaile eta laguntzaile izan gaitezela.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Bere familiarekin hurbiltzen den aita batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familia eta munduko familiak irudikatzen dituen mahats mordo hau dakarkizut. Adar ahul batek ale ezberdinak bildu eta lotzen ditu; gure familietan ere ezberdinak gara, baina batasunean bizi nahi dugu. Gurari hau eskaintzerakoan, zure laguntza eskatzen dizugu bizitzan zehar egi bihurtzen joan gaitezen.


HARRI BATEN AURKEZPENA

(Eraikuntzan erabiltzen den harria eta arlo horretan lan egiten duen batek eskaintzen du)

OTOITZA – AZALPENA: Etxeak sendotasunez egiteko erabiltzen dugu harri hau dakarkizut, Jauna; hor oinarritzen da eraikuntza. Gure elkartea eta Eliza Jesu Kristogan oinarritzen da.

Bere jarraitzaileok osatzen dugun eta zure egon leku den kristau elkartea eskaintzen dizugu. Mundu honen erdian zure Seme Berpiztuaren lekuko izateko konpromisoa eskuratzen dugu. Batasunean bizi izanaz munduaren zerbitzari izan nahi dugu.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egingo du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berpiztuaren ezaugarri den kandela piztu hau dakarkizut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristauak, elkarte bizietan. Gure elkartean egiaz bizitzeko eta elkar banatzeko gogoa eskaintzen dizugu lehenengo, eta baita, bigarren, elkartetik irten eta, geure hitzen eta bizitzaren bitartez, zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa ere. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.

Agurra

Senideok: zuretzat, nor da Jesus? Horixe da bakoitzari zuzendu digun galdera. Hor ikusten dugu Ebanjelioa hitz bizia dela, gure konpromisoa eskatzen duela, sinesmena benetan hartzen gonbidatzen gaituela, gogoetara bultzatzen gaituela; korrontez kontra goaz, gaur egun ez da erraza gure sinesmenaren berri ematea. Jainkoaren maitasunaren lekuko izateko konpromisoa eskuratzen dugu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Zu Pedro zara; harri horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza;
eta heriotzaren indarrak ez zaizkio nagusituko”




Jesusek behinola bere ikasleei egin zien bezala, gaur, beste igandetan bezala, geuri ere proposamen bat egiten zaigu: “Jendeak ni nor naizela diote”? Gure sinesmenaren oinarriko galdera dugu.

Berriro ere Pedro agertzen zaigu jarraitzaileen arteko ERDIGUNE bihurturik: egun batzuk direla, dudaz josita urperatzen zihoala, Jesusen eskuak salbatu zuen. Gaurkoan Pedrok ez dauka ezbairik eta Jesusek “zoriontsu” dio; Aitaren dohaina hartu duelako zoriontzen du. Eta hor sortzen da promesa nagusia: “harri horren gainean eraikiko dut Nik neure Eliza”.

Pedrorentzak bere sinesmenaren oinarrizko galdera izan zen. Guretzat ere bai: “Ikasitakoa”, “entzundakoa” erantzutea ez da nahikoa. Nire barruak, nire BIHOTZAK zer dio. Jesus, Jainkoak bidalitakoa dela, hortxe barruan bakarrik aurki nezake; eta hori aurkitutakoan, hortxe oinarrituko dut nire sinesmena. Pedrok, konpromezuz beteriko erantzuna eman zuen: ondorengo bizitza eta heriotza ere erantzun horrekin lotuta egon ziren; emandako erantzunak bere bizitza osoa lotuta utzi zuen.

Zer gertatzen da GUREKIN? Zein da gure erantzuna? Gure bizitza ukitzen du? Edo... “betikoarekin” konformatzen naiz? “Merezi ote du bizitza gehiago korapilatzea...?”.

Zoriontsuak Jesusen GALDERA ERANTZUTEN dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Pedro zara zu, eta harkaitz horren gainean eraikiko dut nik neure Eliza"

(Mt 16, 18)

 

 


bidean@bidean.net
orue