Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 22. igandea - 2020.eko Abuztuaren 30a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak sinesmen eta anaitasun batzar honetara

Bakoitzak daukagun misioan norberen bokazioa jarraituz, oinazea eta gurutza agertuko zaizkigula esango digu Jainkoaren Hitzak. Profetaren eta Jesusen hitzetan agertuko zaigu jarraipenak dakarren gurutzea.

Baina Jesusek ez du bilatzen gurutzea ez beretzat ezta beste inorentzat ere. Jainkoak nahi duena ez da oinazea, bere Seme maiteari jarraitzea eta honek berez sortzen duen gurutzea onartzea baino.

Eska diezaiogun Jaunari, entzungo dugun mezua bere sakontasunean onartzeko gaitasuna. Ospakizuna hasten dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias: 20, 7-9

Profetaren bihotzetik sortzen den kantu eder bat entzungo dugu. Jeremias, Jainkoak liluraturik, hartutako bokazioak hainbat neke eta jazarpen ekarri dizkiola ikusirik, Jainkoari Berari kontatzen dizkio bere penak, barrua hustuz. Bere hitzak, herriaren aurrean gorrotagarri egiten dute. Baina barruko berotasunak Jainkoaren mezulari izatera bultzatzen du. Aurrean erabilia izan arren ezin da isildu. Entzun dezagun barru-barrutik egindako aitorpen eder hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 12, 1-2

Paulo apostoluak, Erromako elkarteari eskatzen dio, Jainkoaren aurrean opari bizi eta atsegingarri izateko. Benetako kultuak, gure bizitza osoa Jaunari eskaintzea eta bere nahia egitea eskatzen du. Gogoeta esanguratsua dugu.

>
Ebanjelioa: Mateo 16, 21-27

Ebanjelio zati honetan Jesusek bere ikasleei iragartzen die berak jasan beharko dituen nekeak eta betiko aintzara heldu aurretik hila izango dela; bere Mesiastasunaren bidea agertzen digu: besteen alde bizia ematen duenaren Zerbitzaria. Pedrok Jesusen alde irten nahi du baina honek dio: “Nirekin etorri nahi duenak, har beza bere gurutzea”. Gurutzea ez da amaiera, BIDEA baizik: bizia salbatu nahi duenak, galdu egingo du, eta Nigatik galtzen duenak gorde. Jesusen PROPOSAMENA dugu. Entzun diezaiogun.

Jainko herriaren otoitza

Jainko Aita-Amaren laguntzaren beharrizana beti sentitzen dugu. Konfidantzaz beterik gure eskariak aurkezten dizkiogu.

1.- Elizaren alde: Jesusen mezua leialtasunez bizi dezan, guztiontzat onarpen, errespetu eta zuzentasun leku izanez. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: elkarrizketaren bidez, mundu zuzenago eta hobeago bat egiten ahalegindu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu honetatik ihesean dabiltzanen alde; besteen kontura bizi nahi dutenen alde; aginteaz edo aberastasunez jabetu nahi dutenen alde: behingoz esnatu daitezen eta besteen zerbitzua dela bidea ikus dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo, baztertu, espetxeratu eta alboratu guztien alde: Jaunaren laguntzaz, euren oinazea bakean eta maitasunean bizitzeko grazia izan dezaten, eta gu eurengana hurreratzera bultzatu gaitzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garenon alde: ikasleen antzera, Maisuaren atzetik joan gaitezen bere bidea eginez. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



EBANJELIO LIBURUAREN AURKEZPENA

(Ume, gazte edo nagusiekin katekesian arduratzen den batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelioak aurkezterakoan, zure Seme Jesukristo onartuz, bertan dakarrena jarraitzeko gogoa agertzen dizugu. Zure jarraitzaileon liburua dugu. Bertan oinarritu nahi dugu gure bizitza. Jesusek ebanjelioan esan digun gurutzea hartuz, gure bizitzak berenarekin bat egiten nahi dugu. Lagun esaguzu, Jauna, gure gogoak eguneroko bizitzan egi bihurtzen. Emaguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


BATAIOKO AGIRI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Bataioko Agiri honekin, Zuk eskatzen diguzun bezala bizitzeko konpromezua hartzen dugula agertu nahi dizut, Jauna. Bataiatua izatea eta zure Hitza entzutea ez dira nahiko; Zuk, eguneroko gurutzea hartu eta Ebanjelioa gure bizitzako bide lez jarraitzea eskatzen diguzu. Borondate onez egiten dizugu eskaintza hau, baina badakigu zure grazia eta laguntza behar dugula horretarako.


KOPA BAT AURKEZTENDA

(Komunitateko kide batek, edonork, opari hau eskaintzen du: kristalezko kopa garbi-garbia. Elizkizun buruari eman ondoren, hauxe esango du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur, komunitatearen izenean eta gutariko bakoitzaren izenean, kopa garbi hau eskaintzen dizut. Kopa honekin doakizu koherenteak izateko gure nahia, baita fariseismoari uko egitekoa ere.


EGUNKARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunkari bat dakarkizugu. Inguruko eta munduko, eguneko gora beherak agertzen dira. Gauza onak oso gutxi agertzen dira; bestelakoak ugari dira: gerrak, zuzengabekeriak, erasoak... Gizakiok nolakoak garan agertzen digute. Egoera hauetan ere Zu aurkitzen zara eta hitz egiten diguzu. Gure sinesmenak argi gaitzala egoera guztietan Zurekin bat egiten eta zure nahia betetzen.

Agurra

Senideok: gaur egun oinazea baztertzeko ahalegin guztiak egiten ditugu. Eroso bizitzea bilatzen dugun gizarte honetan, oinazea entzuteak bakarrik min ematen digu. Baina oinazea ezkutatzen dabilen gizartea zuzen ote dabil? Munduan zehar hainbeste pertsonak duintasunez bizitzeko oinarrizko gauzak behar izan, eta gizarteak entzungor egiten duenean, zer pentsatu? Norberen bizitzarekin bakarrik arduratuz, zuzen ote gabiltza? Bizitza zaintzen ala galtzen goaz?

Jesusen hitzak gaurkoak dira eta Berri On bezala hartzen ditugu: “Nirekin etorri nahi duenak, uko egin bekio bere buruari, har beza bere gurutzea, eta jarraitu bekit”. Gogoeta zoriontsua guztioi! Eta... aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Nirekin etorri nahi duenak,
uko egin bekio bere buruari,
har beza bere gurutzea, eta jarraitu bekit”





MAISUARI entzunez jarraitzen dugu: bere irakatsia onartzeko prest dagoen taldea gara. Berari entzuteko eta bere mahai inguruan ogia banatzeko elkartzen gara. Horrexetarako elkartzen gara igandero.

Jaunaren Hitzak pertsonai bi bereziak aurkeztu dizkigu: JEREMIAS eta PEDRO; maiteminduta dauden Jainkoarekin, bere Jaunarekin leialak izan nahi horretan, bi jarrera oso ezberdinak agertu dizkigute.

JEREMIAS: bere bihotz urratutik honako hitzak esateko gai da: “Liluratu egin ninduzun, Jauna, eta nik liluratzen utzi”. Gogoeta sakon bat dago hemen, maitasunez betea, barrutik aldatzeko prest dagoena; gogoeta horretara hurreratu gaitezke. Jainkoak hartua dago. Bere bizitza markatzen duen esperientzia sakona bizi du.

PEDRO: joan zen igandean Jesusek goratu eta adibide bezala ipini zigun emandako erantzun ederragatik; gaur Jesusen ahotik berba gogorrak entzun behar izan ditu: “Kendu zaitez nire aurretik, Satanas! Oztopo zara niretzat; zure gogoetak ez dira Jainkoarenak, gizakiarenak baizik”. Pedrok ere Jesusen esperientziarekin bat egiteko, oraindik bide luzea dauka aurretik; esperientzia horrek ukitu eta aldatzen du pertsona. Pedrok ere egingo du, eta bidean dago. “Jakitea” ez da nahikoa, bizi izan behar da.

Eta... GU? Jesusek gure barrua eralda dezan eta bera nor den jakiteko, bera ezagutzeko, jarraitu egin behar diogu. “Irudi” ederrak izan arren ez da nahikoa. Gure barruan EZAGUTU beharra dugu.

ZORIONTSUAK Jesusek LILURATUAK direnak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nire ondoren etorri nahi duenak, uko egin biezaio bere buruari"

(Mt 16, 24)

 

 


bidean@bidean.net
orue