Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 23. igandea - 2020.eko Irailaren 06a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinesmen berean elkarturik ospatuko dugun Eukaristia honetara. Jesukristo berpiztuak elkartzen gaitu otoitzean.

Jainkoa bizitzaren erdian, poztasunean, ezinean, egoera eta pertsona bakoitzean dagoela gogoratuko digu gaurko liturgiak. Askapenaren alde jokatzen den lekuan, hantxe dago Jainkoa. Baina bizitzak gora-behera asko dauzka; batzuetan gure “iparra” galdu edo besteengandik aparte bizi gara, ustez, gu zirikatzen dabiltzalako.

ELKAR ZUZENDU eta PARKATZEKO eskatzen digu Jesusek, gure norberekeri eta iluntasunak baztertzeko. Baina ez da egiteko erraza; kontuz eta apaltasunez egiteko lana da; Jainkoaren maitasunean bat eginda; Beragandik ikasteko gogoz; inor mindu gabe pertsonak salbatzeko gogoaz egina.

Eukaristia honetan anai-arrebengana hurbiltzen gara, elkarrekin Jainkoaren maitasuna ospatzeko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 33, 7-9

Profetaren zeregina adi egotea da; inguruan gertatzen dena Jainkoaren argitara ikusi eta herria bihotz berritzera eramatea. Ikusten dituen arriskuak ere iragartzen ditu, herriak baztertu dabiltzan eta Itunaren bidea jarraitu. Eginkizun hori betetzea, herriaren aurrean hartu duen konpromisoa betetzea da. Ezekiel profetaren zati hau entzuten dugu.


2. irakurgaia: Erromatarrei 13, 8-10

Erromatarrei egindako idazkian, kristauak lagun hurkoak nola tratatu behar dituen agertzen digu Paulo apostoluak: bere irudi garanez eta Famili Berriaren kide, Jainkoak nahi duena maitasunean bizitzea da. Senidea maite duenak ez dio minik egiten, beretzat onena dena deseatu baizik. Entzun dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 18, 15-20

Elkarte bizitzari buruzko katekesi barruan sartzen da entzungo dugun zatia. Anai-arreben arteko maitasunean dagoen oinarrizko alderdi bat aurkezten digu: SENIDEARTEKO ZENTZAPENA; ez da egiteko erraza, baina Jainkoaren pedagogiak horretara bultzatzen gaitu. Jesusen arabera, lagun hurkoa maitatzea ez da isiltzea; sarritan esan egin behar zaio, lagundu, norabidetu, onean zuzendu. Entzun dezagun Jesusek dioskuna.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Amaren laguntza behar dugu. Konfiantzaz beterik, Elizaren, gizadiaren eta gure premiak aurkezten dizkiogu.

1.- Eliza, gaurko munduan agertzen diren premietara zuhur eta ernai egonez, Jainkoaren maitasunaren testigu eta iragarle izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizartean izan ditzagun beti, besteen alde ematen diren pertsona solidarioak, apalak eta abegikorrak, itxaropenaren profetak eta Jainko biziaren mezulariak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristauok, Jainkoaren maitasunean oinarriturik, behartsuengana eta gure gizarteak baztertzen dituenengana hurbiltzen jakin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduan, gure herrian eta gutariko bakoitzarengan bakea nagusituz, beti barkatzeko, onartzeko eta elkarrizketarako prest agertu gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Harrera, errespetua eta barkamena zainduz, gure Elkartea denok aurkitzeko leku egokia izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKE KEINUAREN AURKEZPENA

(Gaur, momentu honetan egin genezake bakearen keinua. Jainkoaren barkamena onartuz, gu ere elkar barkatzera deituak gara. Otoitza, meza emaileak egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Maitatzen diren eta bihotzez barkatzen direnen aurrean pozten zaran Jainko Aita-Ama on eta errukitsua; barkatuak izatearen eta barkamenaren ezaugarri izan nahi dugu anai-arreben aurrean. Elkarri BAKEA emanaz, Zuk eskatzen diguzun eran bizitzeko gogoa agertzen dizugu. Lagun iezaguzu, Jauna, pertsona guztiak errespetatzen, eta behar denean bihotz onez eta maitasunez zuzentzen.

- Senideok: eskain diezaiogun elkarri benetako bakea eta barkamena.


ORDULARI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du; aita batek egiten badu, hobeto)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, denbora zaintzeko eta neurtzeko erabiltzen dugun ordulari bat dakarkizut. Gaur, ikasturte berri baten aurrean gaudela agertu nahi dizut. Gure ibilbidean, pertsona bezala eta sinesmendun bezala aukera berri baten aurrean aurkitzen gara. Eskerrik asko, Jauna, zugandik hartzen ditugun mesede guztiengatik; Zurekin kontatzen jarraitzen dugu.


UME BATEN AURKEZPENA

(Haurra, meza-emailearen ondora dijoa eta eskuak otoitz egiteko bezala biltzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, beste ezer ez, baino, gaur ni neroni eskaintzen natzaizu. Apaltasun ezaugarri bezala eta otoitzerako keinu bezala, zure aurrean eskuak bildu ditut. Zuri eskaintzen natzaizu, Jauna. Esku hobeagotan ezin naitekeenez egon, egizu nirekin, Jauna, Zuk nahi duzuna. Oso-osorik zurea naiz, Jauna.


ADREILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, adreilu hau dakarkizut. Etxegintzan, oinarrizko elementua dugu. Gure elkartearen izenean dakarkizut; zeu zara elkarte honen oinarri eta euskarri. Zugan ipintzen dugu gure sinesmena eta konfiantza. Zu kontuan izanez ulertu nahi dugu gure bizitza, gure ingurukoena, inguratzen gaituen guztiarena, errealitate eta historia guztiarena... Eta hor, zure Seme maiteak egin zuen antzera, zure Erreinuaren alde jokatuko dugu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaierara iritsi gara. Jainkoak, barkamena eskatzera eta barkamena eskaintzera deitu digu; elkar onartzera eta maitasunean bizitzera; solidarioak izanez eta senideak bideratuz, Jainkoaren maitasunera hurbiltzera. Jainkoak bere mezulari bezala behar gaitu. Prest gaude? Ebanjelio testigutzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jaungoikoak mundua Berarekin adiskidetzen ari zen Kristorengan,
eta guri eman zigun adiskidetzearen hitza”





Maisuak bere Elkartea, gu, deitzen jarraitzen du; bere Erreinuaren proposamena onartu dutenen taldea lantzen jarraitu nahi du. Gutariko bakoitzarengan, BIZITZEKO ERA BERRI BAT sortu nahi du.

Jainkoaren Erreinua barruan daramagunean, Erreinu horrek dauzkan baloreen lekuko izan behar du kristauak. Hauxe da Jainkoaren Hitzak igande honetan eskaintzen diguna. Kristauok, mundu honen erdian, gaitzez inguraturik aurkitzen gara; ezerezean geratu gabe, salatzera deituak gara (1. irakurgaia). Besteak egiten dutenarekin eskandalizatuta gelditzea ez da nahikoa; errealitatea baztertuz, toki “garbi eta santuan” ezkutatzea ez da Jainkoaren hitzak agertzen digun bidea.

Gizakiak bizi eta harremanak dauzkaten tokian, lana egin eta eginbeharrak hartzen dituzten lekuan, borrokatu eta ongi pasatzen duten lekuan egon behar dugu kristauok ere. Ez gizakia kondenatzeko, SALBATZEKO baizik. Hauxe da izan ere benetako helburua (gaurko ebanjelioa). Ez besteak epaitu, barkatu baizik; ez inor baztertu, dabilen artean bere ondoan ibili baizik.

Jaunak gurekin gauza berdina egiten du. Berak gu bihotzean garamatza eta hortik gauza guztiak ezberdinak ikusten dira. Hortxe dago gakoa.

ZORIONTSUAK Jesusen IZAERA hori onartzen dutenak:
haien bizitza mundu honentzat BEDEINKAPENA izango delako!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nire izenean bizpahiru lagun nonbait biltzen badira, han nago ni beraien artean"

(Mt 18, 20)

 

 


bidean@bidean.net
orue