Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 24. igandea - 2020.eko Irailaren 13a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak, Hitzaren eta Ogiaren inguruan egiten dugun bilera santu honetara.

Gaurko Hitza ere argia eta garbia dugu: Jainkoak gutariko bakoitzari asko barkatu digu, eskatu gabe eta baldintza gabe. Guk ere gure anai-arrebei neurri gabe barkatu behar diegu.

Mezu hau, Jainkoak elkar barkatuz bizitzeko egiten digun dei hau, gaur ere baliotsua da gure elkartearentzat eta gure gizartearentzat; egindako zauriak osatzeko bidea dugu.

Jainkoaren errukiari zabalik eta anai-arreben arteko barkamena onartuz, hasiera ematen diogu gaurko ospakizunari.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ben Siraken Jakinduria 27, 33 – 28, 9

Elkar bizitza ez da erreza eta sarri sortzen dira aditu-ezinak eta gogorkeriak. Judutar herria hainbat denboran zain egon zen, ea noiz etorriko arerioak zapalduko zituen Mesias. Kristo aurreko bigarren gizaldian, Ben Sirac izeneko jakitun batek, barkatu beharra gogoratzen du. Bere gogoeta entzuten dugu.


2. irakurgaia: Erromatarrei 14, 7-9

Garrantzizkoa dena eta ez dena bereiztera gonbidatzen gaitu Paulo apostoluak. Bere esanetan, garrantzizkoena Jesukristorekin bat egitea da. Beste guztia bigarren mailakoa da. Bataioaren bidez Kristorekin lotuak gaude eta bizi barri bat dugu. Testigantza eder hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Mateo 18, 21-35

Pedroren pentsatzeko era eta sarritan geurea ere ez dira egokiak. Jesusek, Jainkoaren aurrean jartzen gaitu eta gutariko bakoitzari diosku: “Ez diotsut zazpi bider, zazpitan hamar bider baino”. Parabola honek, barkatzen eta maitatzen bakarrik dakian Jainkoaren benetako aurpegia agertzen digu. Barkatuak izan garenok, barkatzera deituak gara. Prestatu gaitezen berba santu hau entzuteko, zutunik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoa Aita-Amaren laguntza behar dugu. Konfiantzaz beterik, Elizaren, gizadiaren eta gure premiak aurkezten dizkiogu.

1.- Elizaren alde: munduari Jainkoaren benetako aurpegia agertu diezaion, barkamenaren etsenplu izan dadin eta gizaki guztientzat adiskidetze eta bake iturri. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: elkarrizketaren bidez, pertsona guztien arteko harremanak ahalbideratu ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure auzo eta herrietan barkamenaren eta adiskidetzearen alde jokatuz, pertsona guztiak onartuak eta errespetatuak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Sufritzen dauden guztien alde, noraezean bizi direnen alde: euren ezinean bat egingo duten pertsonekin elkartuz, bizitzeko gogo berriak izan ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde, gure etxeko eta lagunen alde: bakea ereinez, gure arteko elkarte bizitza erraztu eta poztu dagigun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



IKASURTE BERRIAREN AURKEZPENA

(Motxila bat daramala haur batek edo gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskolarako bidean beti lagun izango dugun motxila hau eskaintzen dizut. Irakasketan dabiltzan pertsona guztien alde eskatzen dizugu: bedeinka itzazu beren lana behar den bezala bete dezaten. Bedeinka itzazu baita ere, guri laguntzeko eta gure ondoan dauzkagun guraso eta etxekoak. Zure laguntza eskatzen dizugu, aurrean daukagun aukera eder hau behar den bezala aprobetxa dezagun. Eskerrik asko, Jauna, ikasteko eta gerora begira prestatzen joateko daukagun aukeragatik.


KATEKESIKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista edo arduradun batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katekesiko liburu hau dakarkizut. Horrekin batera, urte honetako lana eskaintzen dizut. Zure deiari erantzunez, lanak prestatzen hasita gaude. Gure lana, zure laguntzarik gabe, ezerezean gelditzen da. Ukitu, Jauna, gure barruak, baita umeenak eta gurasoenak ere. Zurekin kontatzen dugu, Jauna.


GARBITASUNEAN DABILEN PERTSONA BATEN AURKEZPENA

(Garbitasunean dabilen pertsona batek egiten du, lan tresna bat eramanez)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, eskaintza bat egitera natorkizu. Badakizu zein den nire lana: gustura sentitu gaitezen eliza ingurua garbi eukitzea. Badakizu gustura egiten dudana. Egiten dudana elkartearen alde eginez, ni ere horren kide sentitzen naiz. Ez nabil txaloen bila. Beste barik egiten dut. Gauza bat eskatzen dizut, Jauna: egiten duguna besteen zerbitzurako egiteko grazia. Niretzat eta elkarte osoarentzat eskatzen dizut, Jauna.


IRATZARGAILU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egiten du; ondo izan ezkero aita batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, goizero lanerako eta zereginetarako esnatzen nauen iratzargailu hau dakarkizut. Famili bizitza ere martxan ipintzen du. Zure gauzetarako eta Zu gure inguruan ikusteko adi, esna egon behar garela gogoratzen digu. Elkarte osoaren izenean eskaintzen dizut. Badakigu hainbat eragozpen aurkituko ditugula eta sarritan gure gauzetan murgildurik, loak hartuko gaituela. Jauna, lagun ezaguzu zure gauzetarako esna egoten.

Agurra

Senideok: Jesusek barkamenerako egiten deuskun deia entzutea ez da erreza. Barkatzeak ez du esan nahi zuzengabekeriak ahaztea edo beste gabe onartzea. Barkamenak, gaitza ontasunez gainditzea eskatzen du. Barkamenak pertsona eraberritzen du, eta beste erabateko harremanak izatera eramaten. Jesusek eskatzen digun eran barkatzen badugu bakarrik egingo dugu anai arteko elkartea. Senideok: baketzearen eta adiskidetzearen bitarteko izatera deituak gara. Har dezagun Jainko errukitsuaren bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Agindu berri bat ematen dizuet;
Nik maite izan zaituztedan lez maite egizue elkar”




Pastoral ekintzetan lan berriekin hasten garan une honetan, igande honetako mezuak, kristauontzat oinarrizkoa den gaia dakarkigu aurrera; eta “hil edo bizikoa” bada, ez da “aukerakoa”, edo “ondo bazetorkigu”. BARKAMENAREN gai nagusia da. Ederra benetan Jesusek eskaintzen digun kontaketa.

Baten batek pentsa lezake “barkamena makalen gauza dela”; “indartsuak ez daukala barkatu beharrik”. Horrelako pertsonak errukarriak dira. Jesusek proposatzen digun barkamena bizia da, bihotzaren erdian sortzen dena, eta PERTSONA ERALDATZEN DUENA; bai barkatzailea, baita barkatua izan dena. Barkatzen dugunean, JAINKOAREN BARKAMENEAN PARTE HARTZEN DUGU: eta Jainkoaren barkamena sortzailea da beti, hazten laguntzen du, pertsona onartzea eta ulertzea eskatzen du. Jainkoaren barkamena MAITASUNEAN oinarritzen da eta maitasuna beti askatzailea da.

Mendekua, norberekeriaren adiera garbia da; hori garbi dago. Mendekuak, gure bihotzak ez daukala argirik agertzen deusku; gure ikusmuga geugan geratzen da, itsututa gelditzen gara. Horregatik gogoratuko digu Jesusek anai-arrebekin adiskidetzen ez bagara ezinezkoa dela Jainkoarekin adiskidetzea. “Barkatu gure zorrak…” otoitz egiterakoan, ondo ulertu dezagula zer eskatzen dugun.

“BARKAMENA - BARKATU”:
eraldatzen gaituana,
BENETAKO MAITASUNAREN laburpena.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zenbat aldiz barkatu behar diot nire senideari?... Zazpi milatan zazpi aldiz"

(Mt 18, 21-22)

 

 


bidean@bidean.net
orue