Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 25. igandea - 2020.eko Irailaren 20a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak.

Jainkoaren seme-alaba garela jakitearen pozez elkartzen gara berriro ere, Esker Oneko otoitza den Eukaristia ospatzeko. Jesusek berak diosku: “Egizue hau nire oroigarri”.

Argi dago markatzen ditugun helburuak beti ez ditugula betetzen eta horrek etsipena sortzen digu. Inguru giro honetan entzun behar dugu Jainkoaren Hitza: “Nire asmoak ez dira zuen asmoak”. Guk gure segurtasuna, gure ongizatea, momentuko gauza bilatzen dugu. Jainkoak, bere bizia emanez, guztion bizia bilatzen du; eta gainera Berarekin lankide nahi gaitu; mahasti berdinean lan egitera gonbidatzen gaitu.

Eukaristia honetan, besteen zerbitzura deitzen gaituen Jainkoaren maitasunaz aurkitu gaitezela. Anaitasun eta sinesmen batzar honi hasiera ematen diogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 55, 6-9

Isaias profetaren zatia entzungo dugu. Itxaropenez beteriko mezua eskaintzen digu, Jainkoaren asmoak ez direlako ezereza eta heriotza. Horregatik beste honetara gonbidatzen gaitu: gure bihotzak Jainko salbatzailearengana bihurtuz, zuzentasun eta anaitasun bidea egitera. Profetari entzunez bere mezua onartzen dugu.


2. irakurgaia: Filipotarrei 1, 20c-24. 27a

Paulo apostoluak, espetxean eta heriotzaren ateetan ere, Kristo goratzen jarraitzen du. Ebanjelizatze lan handia ikusten du aurrean, baina Jaunaren eskuetan uzten du bere izatea. Bere elkarteari ere, Ebanjelioaren arabera bizitzeko eskabidea egiten dio. Ikaslearen aitormen eder hau entzuten dugu.


Ebanjelioa: Mateo 20, 1-16

Ebanjelioko pasarte askotan salatzen dute Jesus, bekatariekin bat egiten duelako eta haiekin jan eta edaten duelako. Mahastira bidalitako langileen parabolarekin, Jainkoaren jokatzeko era agertzen digu: Jainkoak ERRUKIZ jokatzen du naiz eta entzuleak eskandalizatu. Jesusek, benetako Jainkoa nolakoa den agertzen digu. Mezu hau, pozez onartzeko prestatzen gara.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoak nahi duena egiteko bere grazia eta laguntza behar ditugu. Apaltasunez Beragana jotzen dugu.

1.- Ebanjelioaren mezua iluntzen duten handikeriak baztertuz, Elizak ere Jesusen apaltasuna, harrera eta hurbiltasuna norberagana ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: behartsuak gogoan izanez, solidaritatean eta zuzentasunean oinarritutako guztien ona bila dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gizadiaren premiei zabalik eta norberen zilborrari begira egon gabe, kristauok, garena eta daukaguna besteekin elkarbanatzeko prest egon gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bakearen alde lan egiten duten guztien alde: beren lanaren ondoren bezala, tolerantzia eta zuzentasun bide berriak zabaltzen joan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau elkarteen alde: Jesusen presentziari esker, pertsona guztiak elkartzeko eta pozez eta itxaropenez aurrera egiteko leku egokiak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PARROKIAKO KORUAREN AURKEZPENA

(Koruko zuzendariak edo kide batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure kantuekin Zu goratzea eta kristau elkarteari laguntza eta poza ematea bilatzen dugu. Jauna, kristau elkartearekin batera Zeu goratu zaitzagula beti. Kantuaren bidez, gure sinesmena sendotzen joan dadila eta itxaropenez bizitzen lagun diezagula.

(Nahi izan ezkero abestu daiteke «Aintza,aintza, aleluia»)


MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten duen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots gabekoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Haien egoera txarrak salatzea eta haien duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromezua. Haien ahotsa entzuten ez denez, guk izan nahi dugu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


INGURU-GIROTZE (SPRAY) BATEN AURKEZPENA

(Parrokian zerbitzuren bat egiten duen pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gure etxeak txukun eta gozo ipintzeko gure etxeko andreak erabiltzen duten Spray hau dakarkizut, Jauna. Pastoral ekintzetan ari garen eta ospakizunetan elkartzen garen guztien izenean dakarkizut. Gure harrera ona eta gure jarrera egokia kontuan izanda, pertsonak ondo eta gustura sentitzen diren ingurugiroa sortu nahi dugu. Onartu, Jauna, gure guraria eta egia bihurtzen joateko, emaguzu zure Espiritua.


MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko heldu batek egin lezake. Ahal bada, itsu baten makila hobeto legoke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta elkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan nahi dugula agertzen dizut. Itsuak zuzentzen ari den itsua izan ez nadin, ireki, Jauna, nire begiak. Iluntasunean ari den mundu honen erdian argi pixka bat jar dezadan, bete nazazu zure argitasunez.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaierara iritsi gara. Jaunak, bere mahastian lana egitera eta bizitzako une guztietan Berarekin bat egitera gonbidatu gaitu, guk Erreinuaren alde egiten dugun ahalegin guztietan Bera gure ondoan dagoelako. Berak bere bidea erakusten digu, guk doantasun eta zerbitzuaren bidez, guztien ona, anaitasuna, zuzentasuna eta bakea bila dezagun. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zabal ezaguzu, Jauna, gure bihotza,
gogoz onar ditzagun zure Semearen Hitzak”




Argi eta garbi aldarrikatu beharra daukagu: “GURE JAINKOA EZBERDINA DA” (honegatik ote da Jainkoa?). Igande honetako irakurgaiak irakurri ondoren, argi dago “zerbait gertatzen” dela: “Nire asmoak ez dira zuen asmoak; zuen bideak ez dira nire bideak” (1go irakurgaia); eta beste hau, “azkenak lehenengo izango dira eta lehenak azken” (ebanjelioa).

“Zerbait gertatzen” dela denok onartuko dugu. Eta gertatzen dena hauxe da: JAINKOAREN LOGIKA eta gurea ez direla berdinak:

- gurea: “zuzentasuna” esaten duguna da (hori ere probatu egin beharko litzateke): bakoitzari berea eta... “ni bakean utzi nazatela”.

- Jainkoarena: beti “ez ustekoa” ematen digu: dena ONTASUNA, dena BIHOTZA. Ez dio ajola “ordu asko edo gutxi izan diren”; berdin dio. Berak lanera gonbidatzen du eta bizitzeko behar duena eman (aldi hartan “denario bat” egunean jateko behar zena zen). Eta Jaunak egindakoa “bidegabekotzat” hartzen dugu.

Egia da sarritan gizakiok, Jainkoa geure neurrietara ekarri nahi dugula: “Zuzena” dela esaten dugunean, geure neurria erabiltzen dugu; “ona dela” esaten dugunean, ontasunaren neurria ere geuk ipintzen dugu. Eta horrela gauza guztiekin. Eta Jesusek JAINKOAREN BESTE AURPEGI BAT erakusten digu, eta aurpegi horrek, jokoz kanpo uzten gaitu, gure eskemak apurtzen ditu. Hauxe da Jesusen benetako ekarpena eta berritasuna.

Zoriontsuak Jainkoaren logika den ONTASUNA onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ni ona naizelako ezinikusia didazu?"

(Mt 20, 15)

 

 


bidean@bidean.net
orue