Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 26. igandea - 2020.eko Irailaren 27a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak anaitasun Eukaristia hau ospatzera.

Gaur gogoeta sakon bat planteatzen zaigu. Kristau asko geure sinesmenean oso gustura eta lasai sentitzen gara, Jainkoarekin daukagun harremana benetan aztertu gabe. Gure famili edo elkarte bizitzan, gure eguneroko lanean edo giza harremanetan, Jainkoak ez dauka leku handirik. Sinesmena, sarritan segurtasuna ematen digun ohitura bat bihurtu zaigu.

Gure eguneroko bizitzan, Jainkoak zelako garrantzia dauka, non ipintzen dut, noiz jotzen dut Beragana...? Kristau sinesmena aitortzeak, Nazareteko Jesus benetan hartzera eta Berari jarraitzera eroan behar liguke.

Jaunak bizkortu dezala gure barrua, bidal dezala bere Espiritua gure bizitzak berriztatzera. Jarrera hau geureganatuz, has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 18, 25-28

Ezekiel profetak bizitza aztertzen du zintzoaren eta gaiztoaren jokabidea konparatuz. Bere mezua itxaropentsua da: Jainkoaren ontasunean eta barkamenean konfiantza izatera gonbidatzen gaitu. Baina bakoitzak erantzun behar du bere jokabideekin. Entzun dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 2, 1-11

Sentipen eta maitasun berean elkartuz, Jesusi dagozkion asmoak edukitzera bultzatzen du Paulo apostoluak Filipoko elkartea. Hauxe da Jainkoaren nahia, eta nahi hori bete zuen Jesusek morroi izanez eta anai-arrebak gurutzeko heriotzaraino maitatuz. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Mateo 21, 28-32

Parabolaren bidez beste gogoeta sakon bat eskaintzen du ebanjelioak. Jesusek esango digu “bai” esatea ez dela nahikoa, bete egin behar dela. Hauxe da gaurko mezua. Jainkoaren Erreinuak bere alde bizia emango duten andre-gizonak behar ditu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren nahia egiteko bera laguntza behar dugu. Apaltasunez, Beragana jotzen dugu.

1.- Elizaren alde: bere ekintzekin Jainkoaren gogoa bete dezan, zentzu gabeko hitzetan galdu ez dadin eta Biziaren Jainkoa ager dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Politikoen alde: funtsezko esaldiak erabil ditzaten eta aurrean dauzkaten egitasmoak gure elkar bizitza baketsuagoa eta zuzenagoa egiteko izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: bidegabeko ondasunen bila ibili gabe, gizaki guztien beharrizanetara zabalik egonez, garena eta daukaguna banatzeko prest egon gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Mundu honetan ahotsik ez daukatenen gizon-emakumeen alde, guztiz baztertuta sentitzen direnen alde: beren ahots izaten eta beren eskubideen alde borrokatzen duten pertsonekin aurki daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: gure bizitzeko erak gure ingurukoengan kezka sortu dezan eta Jainkoaren benetako aurpegia ager diezaiegun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LANDARE BATEN AURKEZPENA

(Barruko landarea, ederra eta esanguratsua, urtean zehar erabiltzeko modukoa)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: zure Semearen bitartez Zuk gure barruan zure biziaren eta maitasunaren HAZIA ereitea nahi izan duzu. Gure bizitzan hainbat pertsona ipini dituzu hazi hori zaintzeko. Gaur, gure alde egiten duzun guztia gogoratuz eta eskertuz, elkartearen izenean LANDARE eder hau eskaintzen dizugu. Urtean zehar, Zuk jarritako HAZI hori zain dezagula, Jesusen laguntzarekin hazten joan dadila eta guk besteei eskain diezaiogula. Horrela izan bedi.


PITXERKADA URA AURKEZTEA

(Kristalezko pitxarra komeni da. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama: maitasunez emaniko ur pixka bat ere saritua izango dela gogoratzen digu Jesusek. Elkartearen izenean pitxerkada ura aurkezterakoan, gure gizartean dauden maitasun eta senidetasun keinuak gogoratuz egiten dut; gehienak isilak eta ezezagunak dira; baita euren bizitza elkar banatzea nahi duten gizaki hurkoen eta solidarioen konpromisoa ere. Lagun iezaguzu eginkizun horretan.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromezua gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.


TEOLOGIAKO LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko katekista batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Azken aldian agertu den Teologiako liburu hau dakarkizut, Jauna. Benetan fedea bizi nahi badugu, azaltzen ere jakin behar dugu. Testu berriak irakurriz, ikasten eta gaurkotzen goaz. Nahiz eta beste gauza asko egiteko eduki, heziketa iraunkorra ere beharrezkoa dugu. Horren ezaugarri eta Jesus benetan hartu nahi dugunaren ezaugarri da liburu hau.


GAZTE BATEK ZAHAR BAT AURKEZTEN DU

(Elkartean lanean dabilen gazte batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, oso ezberdinak gara izaeran eta urteetan. Baina gure ezberdintasunak aberastasun hartuaz, elkar onartzeko eta maitatzeko ere gai gara. Nire gaztetasunak agertzen duen indarra eta pertsona edadetuen ezina aurrez aurre daude. Jauna, egizu gure indarrak ezinduen onerako erabil ditzagula. Izan ditzagula gogoan eta haiengana hurbildu.

Agurra

Senideok: Karl Rahner kristau pentsalari eta teologoa zenak, beretaz hurrengo hau esaten zuen: “kristau izatera iristea itxaroten zuen” gizona zela. Teologiako ikerketara 50 urte baino gehiago eman ondoren hori nola esan daiteken galdetu ziotenean, hau erantzun zuen: “kristau izatea, beti kristau egiten joatea delako”. Eta apaltasun guztiaz, egunero egiten zuen beste otoitz hau agertu zion: “Ene Jainko, kristau naizela sinesteaz ez nadila konformatu, benetan kristau izatera iritsi nadila baizik”.

Senideok: fedea ez da betiko hartzen dugun zerbait, egunero bizi dugun IBILBIDEA baino. Kristau naizela esatea eza baina, benetan izatea da garrantzitsua. Nola bizi dut nire kristautasuna? Kristau ibilbide zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Nire ardiak entzuten dute nire ahotsa,
Nik ezagutzen ditut, eta haiek atzetik datozkit”




Igandero bezala, kristauok Jesukristoren inguruan elkartzen gara. Gaurko mezua esaldi baten laburtu beharko bagenu, hurrengo hau litzateke: “hitzak ez baina, ekintzak dira balioko”. Hauxe da izan ere gure bizitzako giltza.

KOHERENTZIAREN BILA ipini gaitu igande honetan Jainkoaren Hitzak. Benetan zeregin zaila! Egunero, esaten dugunaren eta egiten dugunaren neurria zaindu beharko genuke. Hau da, gure KONPROMEZUA nola BIZI dugu; eta konpromezu horrek lotuta egon behar du Jainkoaren Erreinua onartzeaz eta gaurkotzen joateaz.

Denok konturatuko gara sarritan gure “baietzak” “ezezkoak” bihurtzen direla. Bataio egunean, Jainkoaren nahia egiteko eta beti egia maitatzeko hartu genuen konpromezua ere, sarritan ezbaian geratzen da, Jesusen bideak eta gureak ez direlako berdinak. Jainkoaren gogoko gauza, Paulo apostoluak esan diguna da: “Izan itzazue zuongan Kristo Jesusi dagozkion asmoak”. Gure egiteko guztiaren laburpena dugu hau.

Badugu zeregina; bizitzan koherentziaz jokatu nahi badugu, zeregin ederra eta ibilbide luzea dugu kristauok.

ZORIONTSUAK Jesusen PROPOSAMENA onartzen dutenak
eta egunero betetzen ahalegindu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Damutu eta joan egin zen"

(Mt 21, 29)

 

 


bidean@bidean.net
orue