Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 27. igandea - 2020.eko Urriaren 04a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesus Jaunak deituta jai hau ospatzera gatozenok. Ospakizun hau beharrezkoa dugu Jainkoaren seme-alaba bezala bizitzeko eta benetako eta zuzentasunezko fruituak emateko.

Gaurko ebanjelioan entzungo dugu, Jainko Aita-Amak, Jesusen jarraitzaileoi dagozkion fruituak ematera deitzen gaituela. Jaunaren “MAHASTIA” gara eta Bera gure alde dugu: bizia eman digu, gurekin arduratzen da, bere eskuz eusten gaitu eta aurrera egiten lagundu.

Guk ere, Jesusen antzera bizi izanez, gure ahalegina egin behar dugu, beste pertsona batzuk ere, solidaritatean, anaitasunean, harreran, bizitza norbaitegatik ematean sinestu dezaten. Jesusen morroiak gara egiteko horretan. Bera da gure Bidea eta gure euskarria.

Ospakizun honek sinesmenean bildu eta elkarte bezala sendo gaitzala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 5, 1-7

Israel herria, Jainkoaren bideetatik aldendu da, legea baztertuz eta moraltasuna galduz. Isaias profetak, mahasti baten irudia erabiliz, Israelen egoera argi eta garbi azalduko digu. Jainkoaren mahastia Israel da; Jainkoak zuzentasuna eta zuzenbidea itxaroten zituen, eta odol-isurketak eta garrasi-hotsak jaso. Onar dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 4, 6-9

Paulo apostoluak Filipoko kristauei egindako gomendio batzuk entzungo ditugu. Jaunarekin leiala izan nahi duen elkartearen deskribapena egiten du: datorrenari irekita, bakean bizi eta esker oneko agertuz, izen oneko den guztia aintzakotzat hartuz; guzti hau Jesukristok ekarri digun salbamena onartuz eta biziz. Onar dezagun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 21, 33-43

Parabola izugarri baten bidez, Jesusek bere herriaren historia laburbiltzen digu. Bere heriotza (gainean sentitzen duena) mahastilari zahar eta berrien erdigune gertatzen da. Jesusek hitz gogorrak ditu. Zuzentasun eta santutasun fruituak emango dituen beste mahasti bat landatuko da. Guretzat ere idatzita dagoen kontaketa hau entzuten dugu.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Jainkoarengan gure konfiantza jarriz, Berari zuzen diezazkiogun gure eskariak.

1.- Elizak, Jesusengandik hartu duen egitekoan leiala izanez, eta bere Espirituaren indarrez, pertsona guztiei bakean eta duintasunez bizitzen lagun diezaien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Kristauok, Jainkoagandik hartutakoaren banatzaile onak izanez, gutxiago daukatenekin solidarioak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Besteen alde beren zerbitzua eskaintzen duten pertsona guztien alde: guztien ona bilatuz eta eskuzabaltasunez eta prestutasunez bete dezaten beren egitekoa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Sinesmenagatik edo giza eskubideak zaintzearren aurrean erabiliak diren guztien alde: beren lanak eta testigantzak benetako fruituak eman ditzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Kristau Elkartea harrera leku eta topaleku izan dadin, eta ezbaian edo galduta sentitzen diren pertsonentzat, itxaropen indarra. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erraza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Elkartearen izenean, enbor hau dakarkizut, Jauna; Elizaren sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti berria da. Badakigu maitasunez eman diguzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zaudela. Zure laguntza eta indarra behar ditugu zure hitza eta gurariak bete ditzagun. Eliza honek, Zuk nahi dituzun maitasunezko eta zuzentasunezko fruitu ugari eman ditzala.


MAHATS MORDO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mahats mordo honekin, guk ematen ditugun fruituak gogoratu eta eskertu nahi dizkizugu; Zugandik hartu ditugu eta zure gogoko izatea nahi genuke. Errezoetan eta asmo honetan geratu gabe, zuzentasunaren alde, giza eskubideen alde eta pertsona guztien garapen osoaren alde joka dezagula. Jauna, zure argitasuna eta laguntza eskatzen dizkizugu behar den lekuan eta behar den momentuan egon gaitezen.


ARGIMUTILAREN GAINEAN PIZTUTA DAGOEN KANDELAREN AURKEZPENA

(Elkarteko beste edozein pertsona helduak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kandela piztu hau aurkeztean, zera agertu nahi dizugu: gure eguneroko bizitzan, kalean, lanean eta Elizan, zintzo jokatu nahi dugula. Mundu honen erdian zure ARGIA izateko konpromisoa eskuratzen dugu.


KARITAS TALDEAREN AURKEZPENA

(OHARRA: hurrengo domekatan ondo legoke Parrokiako pastoral talde ezberdinak aurkezten joatea).

(Gaur, Giza Ekintza edo Karitas taldearekin hasten gara. Ondo legoke urteko egitasmoa idatzita eroatea eta amaieran banatzea. Aurkezpen hau kartel handi batekin egin daiteke. Taldeko batek egiten du)


OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure taldea, inguruan agertzen diren egoera mingarriekin arduratzen da. Elkartearen izenean egiten dugun ezkero, gure EGITASMOA idatzi egin dugu gero banatzeko. Eta helburua hauxe da: denok hurbil gaitezela egoera horietara. Onar ezazu, Jauna, gure eskaintza hau eta lagun ezaguzu inguruko premietara zabalik egoten.

Agurra

Senideok: gogoratu bakarrik Jesusek gaurko ebanjelioan fruituak eskatu dizkigula. Fruituak eman: familian, lagun artean, lanean, aisialdian... Bere bedeinkapena hartzen dugu, Berak gure barruan ereindako maitasunak, fruituak eman ditzan. Maitasun horrek anai-arrebengana hurbilduko gaitu, batez ere premian daudenengana. Kristau testigantzaz eta jarraipenez beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Nik aukeratu zaituztet mundutik,
joan zaitezen eta fruitua eman dezazuen,
eta zuen fruituak iraun dezan”





Jesusen jarraitzaileok, bere arreta eta kezkak gureak egiteko eta berak hasitako lana aurrera eramateko, otoitzean sarritan elkartzen gara. Bere Hitza, Kristau Elkarteak Albiste On bezala hartzen dugu.

FRUTU ONAK eman beharra, Jaunagandik sarritan entzuten dugun deia dugu; gure ahalegintxoa egiten dugu baina ez gara iristen bere betetasunera. Mahats heldua eta gozoaren ordez, sarritan mahats mikaitzak ematen ditugu; edo besteen gurutzeak eramaten saiatu beharrean beste gurutze batzuk geure gain hartu; edo zuzentasuna defenditu beharrekoan, nire txokoan ezkutatu eta isildu. Munduak, Elizak, parrokiak... ez dituzte behar “lege betetzaileak”, benetako testiguak baizik; ez dituzte behar “katoliko izena” daramatenak, sinesten dutena betetzen dutenak baizik.

Kristau elkarteak 2017-2018 urteari begira gure egitasmoak egiten hasita gaude. Jaunak, bere mahastian lan eginez, fruitu ugari ematera deitzen digu. Eta beti kontuan edukitzekoa: Jesus gure ondoan dator bidean. Gogoz, pozez eta eskuzabaltasunez har dezagun eskaintzen zaigun aukera berri hau. Eukaristia honek lagun dezaigula gure kristau konpromezua gaurkotzen, ebanjelizatze lana berriztatzen.

Zoriontsuak MAHASTIAN lana egiteko DEIA ENTZUTEN DUTENAK, ESKUZABALTASUNEZ SARITUAK izango dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Beste nekazari batzuen esku utziko du mahastia"

(Mt 21, 41)

 

 


bidean@bidean.net
orue