Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 28. igandea - 2020.eko Urriaren 11a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jaun Berpiztuaren inguruan ospatzen dugun Eukaristia honetara.

Nazareteko Jesusen bitartez, Jainkoak zuzentzen dizkigun proposamenak entzuteko eta onartzeko prestatzen gara. Guzti hau, gure inguruak, gizarteak eta kulturak eskaintzen dizkigun beste proposamen batzuk gogoan ditugula onartzen dugu. Pertsonok, gehienetan, beste zerbaiten egarria dugu.

Azkar bizi dugun eta azalezko bizitza honetan, momentuko zoriontasun osoa bilatzen da sarritan. Badira pertsonak, apalak eta pobreak, munduko bide eta bide-gurutzetan Jainkoaren hitza pozik entzuten dutenak.

Ez dezagun ahaztu otordu batera gonbidatuak garela. Ugaritasuna, anaitasuna eta doantasuna nagusi diren Erreinuaren jaira gonbidatzen gaitu Jaunak. Bere deiari erantzuteko erne eta adi aurki gaitzala Jaunak. Hasi dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 25, 6-10a

Isaias profetak, etorriko denaren ikuskizuna kontatzen digu; Jaunak jai otordu bat emango die janari guri eta ardo zahar garbiekin. Ugaritasun, janari, edari, poz, jai osotasun, lortutako gurari, anaitasun eta doakotasun ezaugarria da otordua. Poztasunean eta bakean oinarritutako mundu berri baten itxaropena agertzeko erabiltzen da irudi hori. Onar dezagun profetaren mezu hau.


2. irakurgaia: Filipotarrei 4, 12-14. 19-20

Kartzelan aurkitzen den Paulo apostoluak, bere kutunak diren Filipotarren opari bat hartzen du. Amaieran, bidalitako diru laguntza eskertzen die. Baina berak hau diosku: “Denetarako daukat indarra, indartzen nauen Harengan”; izan ere, Jaunaren indarrari esker bizi dela sentitzen du. Kristo da bere bizitzako ardatza eta honek bultzatzen du aurrera egiten. Onar dezagun bere testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 22, 1-14

Entzungo dugun ebanjelio zati honetan, Jesusek gogor egiten du beren mundutxoan ixten direnen aurka, eta jarrera aldatzeko egiten zaizkien eskariei gortuta agertzen direnen kontra. Eztei otorduko parabolak, Jainkoak eten gabe egiten digun gonbidapena eta hori baztertzeko guk ipintzen ditugun aitzakiak dakarzkigu gogora. Arretaz entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: konfiantzaz beterik, bere Semearen mahaira gonbidatu gaituen Jainko Aita-Amagana joten dugu.

1.- Elizaren alde: poza, onarpena eta barkamena nagusi diren lekua izan dadin; anaitasuna eta bakea bizi diren lekua. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Behartsu, baztertu eta ahaztuta sentitzen diren guztien alde: ugaritasun, janari eta edari, eta benetako anaitasuna dagoen jai otordura gonbidatuak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko aberats eta nagusien alde: lurreko ondasunak ez ditzaten itsutu beren begiak eta belarriak gortu, eta Jaunaren deia entzunez, ematearen eta banatzearen poza senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko hainbat lekutan, pertsonen eskubideak zainduz, BAKEA egi bihur dadin; ekimen horretan ari diren hainbeste gizon emakumeek, aurrera egiteko adorea izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunaren mahai inguruan elkartu garenon alde: gure bizitzak, hitzak eta ekintzak Erreinuko jatorduaren aurrerapen izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALDAREA PRESTATZEA

(Musika isila jarriz, bi emakumezkok aldarea jantzi eta apaintzen dute. Gauza gehiegikeriarik gabe baina lora ontzi eder bat ongi legoke. Haietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zu gure artean dagoen senargaia zaran ezkero, aldarea banketa ospatzeko prestatu dugu. Horrela zure Erreinuko ezteien aurrerapena ospatzen dugu. Har ezazu baita ere gure bizitzen eskaintzaren zeinu bezala.


LUNTXEAN HARTUKO DUGUN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Meza ondoren zerbait hartzeko lekurik balego, elkarrekin zerbait hartzera gonbidatzen ditugu. Hemen patata poltsa bat eta edari bat aurkeztu daitezke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitzaren eta Gorputzaren inguruan ospatzen gauden sinesmen batzar honen ondoren, jai eginez jarraitu nahi dugu. Maitasunean eta anaitasunean hazten joateko, elkarrekin zerbait hartuko dugu. Gure oztopo eta langak garaituz, sinesmenean eta giza mailan bat eginez jarraitu nahi dugu.


“DOMUND” EGUNEKO HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Aurreko igandean egitea ongi legoke. Gazte batek egin lezake. Ongi ikusteko lekuan jarri)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, datorren Igandean ospatzen dugun “DOMUND” eguneko horma irudia dakarkizut. Gure elkarteak misiolaria izan behar duela gogoratzen digu. Guk baino aukera gutxiago duten herriekin “Elkartasun katea” egin nahi dugu. Horregatik, Domund-eko kanpaina honetan parte hartzeko konpromisoa eskuratzen dugu. Onartu, Jauna, gure senidetasuna eta elkartasuna agertu nahi duen ezaugarri hau.


GARIALE SORTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko baserritar batek edo, egon ezik, elkarteko edozein nagusik, egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure soroen fruitu eta gure herri osoaren ahaleginaren ezaugarri diren gari-ale hauek dakarzkizut. Onar itzazu, Jauna, eta hauekin batera, baita gure lan eta zereginak ere. Zure graziaz eta ontasunez, bihur daitezela guregan bihotz zabaltasun eta anaitasun fruitu. Gauza izan gaitezela pobrezia erauzteko (kentzeko) eta jo dezagula sendo zuzentasunaren eta berdintasunaren bidetik.


NAGUSIEN KATEKESIKO TALDEEN AURKEZPENA

(Elkartean dauden talde guztien aurkezpena egin daiteke. Egitasmorik eginda balego, ongi legoke horri baten bildu eta jendeari banatzea. Pertsona batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: eskerrik asko Jesus zure Seme maitea eta gure Anaia ezagutzeko dugun aukeragatik. Gure sinesmen horretan sakontzen jarraitu nahi dugu, gaur agertzen zaizkigun erronkei erantzun egokia emateko. Gure kristau elkarteari jakitera ematearekin batera, EGITASMO hori lantzen jarraituko dugunaren konpromezua agertzen dizugu. Hauxe da gure eskaintza apala.

Agurra

Senideok: aholkuak ematen, dotrina irakasten, Idazti Deuna azaltzen, otoitza lantzen, Jainkoari buruz hitz egiten onak gara. Jaunaren Hitza irakurri, ikasi eta itxuraz ematen dugu. Irakasten badakigu, baina... irakasten duguna betetzen dugu? Bidea nondik den badakigu, baina... bide hori egiten dugu? Sinesmena, otoitza, zerbitzua eta sakramentuei buruz hitz egiten dugu, baina... hitzez agertzen dugun garrantzia daukate gure bizitzetan? Bakea, poza eta osotasuna iragartzen ditugu, baina... horrelako zerbait bizi izan dugu?

Jaunaren Hitzarekin eta Eukaristiarekin guk goza dezagun besteei zer eman izateko. Kristau testigantzaz eta konpromezuz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Jesukristo gure Jaunaren Aitak
argi bitza gure bihotzeko begiak”




Azken igandeetako haria jarraituz, gaurko MEZUAK ere argitu eta pozez beteko gaitu, Berak gure barrua hartzen badu. Mezu hau geureganatzen saiatuko gara.

Gaurko gai nagusia hau da: JAINKOAK GUZTIOI DEI EGITEN DIGU. Hau da: gizateri osoak Ebanjelioaren Berri Ona ezagutzea nahi du Jainkoak; Berri On horrek benetako bizia dakarrelako eta zoriontasunez betetzen gaituelako (eta gure inguruko pertsonekin gu gara horren mezulari). Eta gure osotasun hori, beste batzuekin elkar banatu dezagula nahi du Jainkoak. Horregatik Berak, “gure begietako negar malkoak lehortuko ditu” eta heriotza betiko hondatuko.

Jainkoaren Hitzak horrelaxe aldarrikatzen du, bai profetaren “ametsean”, baita Jesusen Ebanjelioan ere. Eta guzti hau eztei baten irudipean agertu digu: errege semearen ezteia da, eta batzuk ez dute onartzen gonbidapena (beraienekin ziur sentitzen ziren); beste gonbidatu batzuk eskaintza onartzen dute, eta beren ongi-izatearen eta zoriontasun gurariak bete egiten dira.

Baina gauza bat airean gelditzen da: deiari BAKOITZAK ERANTZUN behar diogu. “Besteak” ezin dute erantzun nire ordez: gonbidapenaren aurrean, neuk erantzun behar dut; horrela ez balitz, bazterrean gelditzeko arriskua daukat (parabolan, “eztei jantzi” gabe aurkitu zen gizonaren kasua dugu hau). “Bataiatuta egotea”, edo “elizako naizela” esatea ez da nahikoa. Eskatzen zaiguna beste hau da: JESUSEK Ebanjelioan agertzen digun BIZITZEKO ERA hori geureganatzea (gaurko ebanjelioa kontuan izanez, “eztei jantzia”).

Zoriontsuak JESUSEK DEIA entzun eta onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Deitu ezteietara aurkitu ahala guztiak"

(Mt 22, 9)

 

 


bidean@bidean.net
orue