Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 29. igandea - 2020.eko Urriaren 18a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak. Eukaristia anai-arrebekin ospatzeko Jainkoak otoitzean alkartu gaitu.

Azkeneko hiru igandetan Jesusek parabolen bidez, Erreinuaren aurrean hartu genetzazken jarrera batzuk aurkeztu dizkigu. Gaur, beste hau esango zaigu ebanjelioan: “Emaiozue Zesarri Zesarrena, eta Jainkoari Jainkoarena”. Azpikeriaz etorri zitzaizkionei erantzun zien hori. Baina gaur guri diosku: ez ahaztu emaiozue “emaiozue Jainkoari Jainkoarena”.

Berarekin, Jesusekin eta honen mezuarekin bat egiten dugun neurrian onartuko ditugu bere proposamenak ere. Munduko kristau elkarteetan ospatzen dugun DOMUND egunak ere zentzua izango du, Jesusen mezuak gure bizitza ukitzen duen neurrian.

Giro honetan ospatzen dugu gure sinesmena eta horrek dakarkigun konpromezua geureganatzeko prestatzen gara. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 45, 1. 4-6

Profetaren kontaketa bat entzuten dugu. Jainkoak, Israel Babiloniatik askatzeko Ziro erregea aukeratzen du (Jainkoak aukeratzen “ezinezkoa” ematen duena errege paganoa). Askatasun hori ez zelako heltzen, jota zegoen herriaren gogoa bizkortzen saiatzen da Isaias profeta, hurrengo hau iragarriz: Ni naiz Jainkoa eta ez dago besterik; historian zehar zuekin egon naiz eta orain eta gero ere egongo naiz. Onar ditzagun hitz hauek.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 1, 1-5b

Irakurgai hau, San Paulok Tesalonikako elkarteari egindako gutunaren hasiera dugu. Erreinuaren behin betiko etorrera gogoratzen die apostoluak. Jauna datorrenean berea izango da garaipena, eta bitartean, estualdietan ere gogotsu agertuz, sinesmenean, itxaropenean eta maitasunean bizitzeko eskatzen die. Entzun dezagun bere erregua.


Ebanjelioa: Mateo 22, 15-21

Entzungo dugun ebanjelioaren testuingurua hau da: etsaiak, Jesus salatzeko arrazoi bila dabiltza eta Erromako agintarien laguntzaile egin nahi dute. Baina Jesusek, egiten dien galdera zabaldu egiten du: garrantzitsuena pertsona eta bere herriko “zuzendari erlijiosoak” baztertzen duten Jainkoa Aita-Ama da. Ebanjelioak, bizitzarako eskabide batzuk dauzka; hemen bide bat agertzen zaigu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: maitatuak izateak ematen digun konfiantzaz, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu Elizaren, munduaren eta gure premiak.

1.- Elizaren alde: bere testigantzarekin, benetan balio duena ager dezan: Jaikoak gu guztiok eta batez ere baztertuenak maite dituela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gobernuetako agintarien alde: kontura daitezen, barkatzen, adiskidetzen eta baketzen duen legea dela agindurik nagusiena. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Elizak daukan ebanjelizatze lan horretan era batera edo bestera parte hartzen duten guztien alde: gutariko bakoitzaren eta kristau elkarteen solidaritatea eta hurbiltasuna senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Apaiz, erlijioso, lekaime eta misiolari laiko guztien alde: Jesus Jaunaren lankidetza berdinean senti daitezen, eta eragozpen guztien gainetik Ebanjelioaren Berri Ona iragartzen jarrai dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoak digun maitasuna ezagutuz, hemen elkartu garenon alde: gure bizitza maitasun horren ezaugarri izanez, beste batzuk ere ezagutu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MISIOLARI BATEN ELKARTEARI EGINDAKO GUTUN BATEN AURKEZPENA

(DOMUND eguna girotzeko ongi legoke misio herrietako baten batekin harremana izatea eta berak idatzitako zerbait irakurtzea. Merezi badu, letra handiarekin kartulina baten uzten da denok irakurtzeko moduan...)

OTOITZA – AZALPENA: Gutun honekin hauxe agertu nahi dizugu, Jauna: beren herritik kanpora eta misio herrietan dauden hainbeste pertsonak egiten duten lana eskertu, onartu eta goratu nahi dugula. Zuk gizakioi diguzun maitasunaren jarraipena ikusten dugu ekintza horretan. Eskaintza hau zure gogokoa izan daitela eta gu ere, gure gizartean eta gure inguruan, zure maitasunaren lekuko izan gaitezela.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko beste sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


MEDIZINA BATEN AURKEZPENA

(Keinua egiteko kanpoko azala nahikoa litzateke. Arlo horretan lana egiten duan batek egiten du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, medizina hau, errukiaren ezaugarri lez aurkezten dizut; artzain onaren eta ebanjelizatzailearen ezaugarri ederra. Jauna, lagun ezaguzu besteentzat medizina izaten; besteen zauriak sendatzen dituzten olio biguna; besteen arazoak arinduko dituzten onarpen eta entzuteko gaitasuna. Zure laguntzarekin, zure Seme Jesukristorengandik ikasi duguna egiten jarraitu nahi dugu.


MISIO EDO BOKAZIO PASTORALTZAN DABILEN TALDEAREN AURKEZPENA

(Urtean zehar jorratzeko egitasmorik balute, ongi legoke idatziz aurkeztea. Elkartearen izenean batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jainkoa Aita-Ama ona: Jesus zure Seme maitearen jarraipenera deitu gaituzu, hori guztiontzat ona dela esanez. Eskerrik asko gure BOKAZIOAGATIK. Gure parrokian misio eta bokazio pastoraltzarekin arduratzen den taldearen egitasmoa aurkezten dizugu. Gure ahalegina eta gure ekintzak aurkezten dizkizugu. Zure DEIA entzunez, besteen ZERBITZURAKO beren bizitza eskaintzen duten pertsonak izan ditzagula beti gure elkarteetan.

Agurra

Senideok: eukaristiaren amaierara heldu gara. Ebanjelioan Jesusek esan digu: “eman Jainkoari Jainkoarena eta Zesarri Zesarrena”. Geure gauzetan itxi eta besteengandik banatuta bizi gabe, Jainkoarengana eta bere borondatera zabaltzea eskatzen digu; Berak zaindu, elikatu eta Jainkoaren Erreinua egi bihurtzen joateko indarra ematen digu. Aurkitzen garen lekuan, gure testigantzaz sinesgarri egi dezagula eskatzen zaigu. Berri Onaren testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Izar argiak bezala agertzen zarete munduan,
bizitzaren zentzubide bat emanez”




Jesusen bidea jarraituz goaz. Gaur ere gure sinesmena ospatzeko eta gure gogoa eta itxaropena berriztatzeko elkartu gera. Jesusen oroimena den Eukaristia ospatzearen zentzua dugu hori: Jesusek egin zuen bizitza eskaintza horrek, gure inguruko pertsonak ezagutu eta goza dezaten, konpromezuan ipintzen gaitu.

Igande honetan ere Jainkoaren Hitzak gauzak bere lekuan ipiniko ditu eta argi dago bere bidea eta gureak ez direla berdinak. Jainkoarentzat ez dago mugarik. Ziro, aukeratutako herriaren barik, herri pagano bateko erregea izan arren, Jainkoa berarekin baliatzen da salbamen ekintza aurrera eramateko (lehen irakurgaia).

Eta bere herriko agintarien aurrean Jesus argi eta garbi agertzen da. Farisearrak berriro ere “Hitzetik nola helduko zebiltzan”, baina Jesusek momentu hori aprobetxatzen du, gauzak bere lekuan ipintzeko eta JAINKOAREN BIDEAK zeintzuk diren agertzeko.

Gaur eta hemen, zer da “Jainkoak guretzat” nahi duena? Horren ordez, zer “eman” behar diogu? Ondorena argia da: Jainkoak guretzako zer nahi duena jakiteko, JESUSI BEGIRATU beharko diogu; bere bizitzeko era; bizitza ikusteko eta ulertzeko era; Jainkoarekin eta ingurukoekin zeukan erlazionatzeko era. Hauxe da Berak eskaintzen diguna, eta ulertzea eta bizitzea kostatzen zaiguna.

Zoriontsuak JAINKOAREN BIDEEN BILA dabiltzanak:
BIZITZA OSOTASUNEAN bizi izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eman Zesarrena Zesarri eta Jainkoarena Jainkoari"

(Mt 22, 21)

 

 


bidean@bidean.net
orue