Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 30. igandea - 2020.eko Urriaren 25a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Eukaristia honetara, bere Hitza eta Mahaia gurekin elkar banatu nahi duen Jesus Jaunarekin bat egitera.

Jaunak gaur zuzentzen digun Hitza argia eta erabatekoa da: maitasuna da balio duen gauza bakarra. Jainkoari diogun maitasuna, lagun hurkoa onartzean eta behartsua tratatzean agertzen da. Jainkoaren nahia gizakia bizitzea da eta ez lege batzuk betetzea. Jainkoa maitatzea, besteentzat eta batez ere txarto aurkitzen direnentzat, bizi iturri izatea da.

Senideok: ospakizuna hastera goaz. Jaunak gure bihotza uki dezala eta bere maitasunaren zabalgarri bihur gaitzala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 22, 21-27

Giza harremanak zaintzea Jainkoa onartzeko era dela gogoratuko digu idazle sakratuak; izan ere gizakia da Jainkoaren sorkuntzarik ederrena. Arrotza onartzea, alarguna eta umezurtza kontsolatzea, behartsuarekin eskuzabal izatea, ordezkoa eskatu gabe emateak... bizitzeko eta izateko era bat agertzen du. Ebanjelioan entzungo dugun maitasun legea onartzea eta betetzea da. Entzun dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 1, 5-10

Paulo apostoluak, Tesalonikako kristauei beren sinesmenaren hasiera gogoratzen die; arazo artean, baina sasi jainkoak baztertu eta benetako Jainkoa onartu zuten momentua. Haiek, Jesus Jaunaren eta Pauloren ikasbidea jarraitu zuten. Paulok, sinesmen eta maitasun eredu bezala izaten jarraitzeko eskatzen die. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Mateo 22, 34-40

Judutarren artean zegoen eztabaida bat zuzentzen du Jesusek entzungo dugun ebanjelioan. Zein da Legeko agindurik nagusiena. Farisearrei erantzunez, Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea, agindu bakarra dela diote Jesusek. Eztabaida hor bukatu zen. Baina guri tokatzen zaigu egi bihurtzea. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Jainkoaren asmoak gureak egiteko bere laguntza behar dugu. Berari zuzentzen dizkiogu eskari hauek.

1.- Elizaren alde: pertsonen duintasuna beti defendi dezan, premi gorrian geratzen diren hainbeste pertsonekin egiten diren zuzengabekeriak salatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nazioetako agintarien alde: guztien on bila dezaten; beren egitasmoetan, solidaritatea eta zuzentasuna nagusi izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: gizarte honen erdian, gure itxaropenaren berri lotsa gabe ematen jakin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Oinazetan aurkitzen direnen alde: atsedena hartzeko, borrokatzeko, bakez eta itxaropenez betetzeko behar dituen pertsonak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkarteen alde: gure gogoa eta itxaropena berriztatuz, gure inguruan gehien sufritzen dutenen ondoan egoten jakin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona konprometitu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri bezala dakarkizut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko bezala, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dugu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar gabe geldi ez dadin, zure laguntza eta grazia eskatzen dizkizugu.


KANDELEN AURKEZPENA

(Bi gaztek eramaten dituzte aldara gainean ipiniko diren bi kandela. Haietariko batek egiten du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Jesukristorengan dugun sinesmenaren ezaugarri bezala, gure ospakizunean bizturik edukiko ditugun bi kandela hauek dakarzkitzugu. Espirituaren dohain bezala eta zuk emandako erregalo bezala, zeuk isiotu duzu sinesmen hori gure barruan. Lehenengo eta behin eskerrik asko. Sinesmen horrek gure bizitza zentzuz bete du, eta sinesmen hori eskaini nahi diegu guk ere gure ingurukoei.


KATESIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Ume, gaztetxo eta gazteen katekesiaren aurkezpena egiten da. Ongi legoke zerbait idatzia edukitzea, denok ikusteko eran, edo denoi banatzeko eran. Denon izenean pertsona batek aurkezten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama ona: KATEKISTA taldea aurkezten gara gaur. Gure egitekoa, zure Semearen antzera, Zure Erreinuaren Berri Ona iragartzea da. Egiteko hau benetan hartzen dugu. Baina Zuk badakizu ez dela erraza kristau baloreak gaurko ume eta gazteei transmititzea. Guk, gure ahalegina eskaintzeaz batera, Jesusen Espirituaren argitasuna eta indarra eskatzen dizkizugu. Egunero hobeto egiteko gogoa agertzen dizugu.

Agurra

Senideok: Jesukristorekin bat egin dugu eta bere proposamena onartu. Badakigu, agindurik nagusiena, Jainkoarenganako eta lagun hurkoarenganako banatu ezineko maitasuna dugula. Bihotz guztiaz, arima guztiaz, garan guztiaz, norbere burua bezala maitatzea da Jesusen proposamena. Erronka aurrean dugu. Zein izango da nire erantzuna? Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Ni maite nauenak, beteko du nire hitza,
nire Aitak maiteko du eta Harengana etorriko gara”




Hitzaren eta Eukaristiaren mahai inguruan elkartzen da Jesusen Elkartea. Jesusek, bere inguruan, elkarte bat egin nahi du. Jainkoaren izenean eskaintzen digun proposamenarekin bat egiten duten guztiekin, elkarte bat egin nahi du.

Jesusek eskaintzen digun Jainkoaren proposamen hori, ulertzeko erraza da. Honela adierazi genezake: Jainkoa maitasuna da. Berak maite gaitu, eta gure maitasun eta konfiantza osoa Beragan ipintzea nahi du; gure bihotza zabalduz, bere seme-alaba bezala nahi gaitu. Eta Berari zuzentzen garenean ulertzen gaitu; gure hutsak barkatzen ditu; etsipenean Berak bizkortzen gaitu; triste aurkitzen garenean, irribarrea egiten digu.

Baina gure ondoko anai-arreba ere maita dezagula nahi du. Eta hemen pixka bat galdu egiten gara: harroa eta gezurtia maitatzea ez da erraza; ezta nire aurka dabilena; nire hutsak onartzen ez dituena ere ez; beti gure esanen aurka dabilena ere ez; gure ondoan egon arren baztertzen gaituena ere ez... Lagun hurkoa maitatzea ez zaigu egiten erraza.

Igande honetako mezua hemendik doa. Zentzu gabeko eztabaidak baztertuz, Jesus eguneroko bizitzara pasatzen da. Izan ere, “Jainkoaren maitasunak” eta “Jainkoa maitatzeak”, baztertu ezineko aurpegi konkretu bat dauka: LAGUN HURKOA MAITATZEA. Hori ez badugu ulertzen ez gabiltza ongi. Argi eta garbi agertzen zaigu hori. “Entzuteko belarririk daukanak, entzun dezala”.

Zoriontsua bere HITZA gordetzen duena,
BIZIAREN ARGIA izango du!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maita ezazu Jauna, zure Jainkoa... eta maitatu lagun hurkoa zeure burua bezala"

(Mt 22, 37. 39)

 

 


bidean@bidean.net
orue