Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 33. igandea - 2020.eko Azaroaren 15a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Hitzaren eta Mahaiaren inguruan egiten dugun ospakizun honetara. Jesus Jauna gure artean dago.

Liturgi Urtearen amaierarantz goaz eta Jesusek ebanjelioan aurkeztuko digun parabolaren bidez, gure bizitzaren aurrean ipintzen gaitu, hartutako TALENTUAK, baloreak, bokazioa, sinesmenarekin zer egin dugun pentsatzeko.

Jainko gure Aita-Amak ondasun batzuk utzi ditu gure eskuetan eta gu gara horren arduradun. Hartutakoa ez da guretzat; ezta gordetzeko ere; hartu, erabili eta fruitua emateko baizik. Jainkoak, norbere indar eta ahalmenak errespetatuz, bere BERRI ONA gizaki guztiei iragartzeko eskatzen digu. Horixe da bere proposamena.

Eukaristiak, Berri Onaren alde lanean jarraitzeko adore gaitzala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Esaerak 31, 10-13. 19-20. 30-31

Herri jakiturian oinarrituz, bere etxea zaindu eta ondasunak ugaritzeko trebetasuna eta bere eskuak behartsuari zabaltzeko prest dagoen emakume baten adibidea ipintzen digu lehenengo irakurgaiak. Herriaren sentipena bildu nahi du hemen idazleak. Gogoeta bakun eta jakintsu hauek bihotzez onartzeko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 5, 1-6

Tesalonikako elkartean asko eztabaidatzen zen munduaren amaiera eta bere ondorenak. Gai horri buruzko teoria hutsak eta Jaunaren etorrerari buruzkoak alde batera uzten ditu Paulo apostoluak. Baina egun hori, gutxien uste dugunean iritsiko dela diosku. Kristaua, esna egonez, Jauna onartzeko beti prest egon behar du. Bere testigantza onartzen dugu.


Ebanjelioa: Mateo 25, 14-30

Jesus, talentuen parabolarekin baliatzen da, bere jarraitzaileok hartu ditugun dohainekin zer egin dugun galdetzeko. Dohainak ez dira lurperatzeko, fruitua emateko baizik. Ez gara jabeak, Jainkoak eman dizkigun ondasunen zaintzaile eta banatzaileak baizik. Jainkoak, bakoitzaren ahalegina goratzen du. Gogoeta hau gureganatzen saiatzen gara.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoak eman dizkigun ondasunak ongi erabiltzeko bere laguntza behar dugu. Elizako eta munduko premia batzuk aurkezten dizkiogu.

1.- Elizak, emakumearen duintasuna eta handitasuna benetan onar ditzan, bere helburuak eta gurariak zainduz eta bere gaitasunak onartuz eta baloratuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizartean, eraso fisiko edo psikikoak alboratuz, pertsona guztien duintasuna eta errespetua bila eta zain ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure artean eta munduko leku guztietan, BAKEARI ateak zabalduz, elkar bizitzarako bideak erraz ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristauok egiten dugun lana poztasunez egin dezagun, gure ahalbideak besteren zerbitzura ipiniz, eta gutxiengoen alde jokatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure elkarteetan, Aita-Ama baten seme-alabak garan ezkero, denak onartuak izan eta elkarrekin Jainkoaren Hitza entzuteko gai izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



PUZZLE BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpena elkarteko gaztetxo batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur puzzle hau dakarkizugu. Irudi bat egiteko zati asko behar dituen haurren joko bat dela badakizu. Beste andre-gizonekin batera gure denbora eskaini nahi dugunaren ezaugarri bezala eskaintzen dizut. Arazoren bat edo pertsonaren bat beharrizanean dagoen lekuan, han egon gaitezela gure denbora eskainiz eta ahal dugun neurrian lagunduz, guztion artean Jainkoaren Erreinua eraikitzen joateko.


ERLOJU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte edo heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik erloju hau dakarkizut, denboraren ezaugarri eta bera neurtzeko tresna. Gaur historiaren gainetik zuk daukazun aginpidea gogoratzeko dakarkizut. Aitaren eskuin aldetik zuk zuzentzen duzu eta dena zureganatzen. Zuregan gauza guztiak bere betetasunera iris daitezen zure laguntzaile izan nahi dugu.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA ERAMATEN DEN POLTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko etxeko andre batek aurkez dezake. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezen lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dudan tresna dakarkizut, baina era berean gure kontsumorako grina agertzen duen tresna da. Jauna, ez gaitezela erori kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituen sasi-baloreetan. Zure argia behar dugu itzarrik egon gaitezen; emaguzu Jesusen Espiritua bere antzera bizi izateko.


GAZTE PALTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Gazteak beraiek prestatzen dute. Ongi legoke ezaugarri batekin aurkezpena egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Parrokiako gazte pastoraltzan gabiltzanon izenean egiten dugu aurkezpen hau. Jauna, ez da erraza aurrean daukagun lana. Horregatik, zure eskuetan uzten dugu aurtengo egitasmoa, pentsatuta dauzkagun ekintzekin. Zure laguntza eskatzen dizugu, bai lanean zintzo irauteko, baita gure gaztetxo eta gazteen artean zure TESTIGU izateko ere.

Agurra

Senideok: ebanjelioak esan digu, Berri Ona gizaki guztiei transmititzeko, gure dohainak eta talentuak erabili behar ditugula. Jainko Aita-Amak aurrean ipintzen digun zeregina da. Bere ustez, mundu berri bat egitea eta anaitasunean bizitzea, gure eskuetan dauden aukerak dira. Argiaren seme-alaba bezala bizi gaitezela. Erreinuaren eraikuntzan, aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Zaudete niregan,
niregan dagoenak fruitu ugari emango du”




Bidean doan Jesusen taldea gara, eta igandero ELKARTEAN biltzen gara EUKARISTIA ospatzeko; egiten dugun guztia, Jesus berpiztua gure artean dugula jabetzeko eta ospatzeko da.

Igande honetako mezu nagusia TALENTUEN parabolan dugu. Zer eskatzen digu? Gure dohainak eta talentuak Jainkoaren Erreinuaren alde erabiltzeko deia dugu (lehenengo eta behin ezagutu egin beharko ditugu; pobreenak ere beti dauka zerbait besteari eskaintzeko).

Baina… Zer da “Erreinuaren zerbitzura ipintzea”? Jesusen esanetan, ahul eta pobreenen alde egiten dugun guztia da. Morroi alperrak ez zuen egin zerbait gaizki, egin ahal izan zuen ona egin gabe utzi baizik. Jesusek honetara gonbidatzen gaitu: Berak maite duena, baloratzen duena, berak bizitzako helburu bezala eduki zuena, guk egi bihurtzen ahalegintzea. Eta honek, zeruko Aita-Amaren desioarekin bat egiten du: JAINKOAREN ERREINUA gaurkotzen joatearekin. Eta guzti hau gauza ikusgarrietan ez, baizik eta eguneroko gauzei begiratuz.

Zoriontsuak ERREINUAREN alde lan egiten dutenak,
Jainkoa beraiekin izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gauza gutxian leial izan zara... sartu zure Jaunaren festa ospatzera"

(Mt 25, 23)

 

 


bidean@bidean.net
orue