Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 34. igandea JESU KRISTO, GUZTIEN ERREGE - 2020.eko Azaroaren 22a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesus Jaunaren mahai inguruan ospatzen dugun Eukaristiara.

Hona hemen gaurko liturgiaren planteamendua: Jesus Jauna da, Jaun bakarra, GUZTIEN ERREGEA. Mundu adiskidetu eta salbatua itzuli behar dio bere Aitari. Baina… Jesusen jauntasunean bat egitea, bere eskuinaldean onartua izatea, besteen beharrizanetara zabaltzea da; behartsu eta baztertuengan Bera ikustea da; mundu solidario baten alde lan egitea da; Jainkoarengana zabalik dagoen gizarte aske eta zuzen baten alde lan egitea da.

Jainkoaren epaia ez da bakarkakoa bakarrik; giza egiturak, nazioen arteko erlazioak, Iparraldea eta Hegoaldea… guztia dago lotuta Jainkoaren Erreinuarekin eta bere egitasmoarekin.

Jaunaren hitzak bai bakarka baita giza talde bezala ere daukan eragina kontuan izanik, hasten dugu gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 34, 11-12. 15-17

Entzungo dugun zati honetan, Israelgo erregeek herria banatu eta suntsitu zuten. Honen aurrean, Ezekiel profetak, ardi galduak eta zaurituak maitasunez zainduz, gizadia bide zuzenetik eramango duen benetako artzaina iragartzen du. Zerbait berria eta ederra iragartzen zaigu. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 15, 20-26. 28

Jainko Erreinuaren erabateko izaera agertzen dio Paulo apostoluak Korintoko elkarteari. Adanek heriotzara eraman gintuen bezala, Kristok bizira garamatza. Jainkoaren bila dabiltzanen buru dugu Jesus Jauna; Aitaren Erreinura garamatza. Ondoren horretara iristen da Paulo apostolua. Entzun diezaiogun.


Ebanjelioa: Mateo 25, 31-46

Zer izango da azken epaia? Ebanjelioak, epai hori aldekoa izateko, ERRUKIZ jokatzera bultzatzen gaitu, gose, egarri, bakarrik, gaixorik, kartzelan edo atzerrian aurkitzen direnengana hurbilduz. Hori dugu Jesusek bere jarraitzaileoi egiten digun proposamena. Hauxe dugu gizakiok gainditu beharreko azken azterketa. Ez dago aitzakiarik ezta engainatzerik ere. Errukizko ekintzak egi bihurtzen joatea da Jainkoaren Erreinuko oinarrizko gauza. Entzuten dugun bitartean, saiatu gaitezen gure bizitzarekin lotzen.

Jainko herriaren otoitza

Jesukristo gure bitarteko bakarraren bidez, konfidantzaz beterik, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Elizaren alde: behartsuak, bere ardura nagusia izan dadin. Egiten duen guztia Aita-Amaren errukiaren islada izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Aginpidea daukatenen alde: mundu zuzenago baten alde jokatuz, gizarteko baztertuenen alde zerbait egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristauok, Jesusen sentimenduak gureak egin ditzagun; hurbiltasuna, errukia, pertsonak onartzea, baztertuenen zerbitzariak izatea, gure ardura nagusiak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Pobreen alde, askatasun gabe bizi direnen alde, gaixotasun edo bakardadeagatik sufritzen daudenen alde: beren lagun izango diren pertsonekin aurki daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: Jainkoak gure barrua uki eta alda dezan, eta besteen oinazean bat eginez, beren zerbitzura ipini gaitzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ELKARTEAREN LANDAREA AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona esanguratsu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: Pastoral urtearen hasieran (badira igande batzuk) landara eder baten aurkezpena egiten genuen konpromiso hau gogoratuz: Zuk gure barruan ereindako HAZIA, urtean zehar zaintzea. Lehen etaparen amaieran eta Liturgi Urte berriaren hasieran, LANDARA berbera aurkezten dizugu. Zaindu dugu eta Jesusen urratsak jarraituz zaintzen jarraituko dugu. Aita-Ama ona, gure konpromisoa betetzeko zure laguntza eskatzen dizugu.


LUR GLOBOAREN AURKEZPENA

(Ebanjelizatze arloan dabilen batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Lur globo hau dakarkizut. Hainbeste naziotan, herritan, kulturatan eta hizkuntzatan banatutako gure munduaren ezaugarria da. Gizaki guztien gurariak eta interesak biltzen dituen bakarra Zeu zarela aitortzen dugu. Gizadiaren batasunaren alde lanean jarraituko dugun ezaugarri gisa dakarkizugu.


OTARRE BETE FRUITU AURKEZTEA

(Fruitu ugarirekin betea. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake. Amaieran, premian dagoen familia bati eraman liezaioke)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, otarre bete fruitu dakarkizut. Naturaren bidez, gure onerako eta gozamenerako ematen dizkiguzu. Sortutako gauza guztien Jaun eta Errege zarela aitortuz eskaintzen dizut. Eskerrik asko, natura zaintzea, erabiltzea eta ekoiztea gure eskuetan utzi duzulako. Ondasunak behar diren bezala erabiltzen eta banatzen ikas dezagun.


LITURGI URTEKO EGUTEGIEN AURKEZPENA

(Domeka honetan amaitzen den egutegia eta berriaren aurkezpena. Balego, Liturgi taldeko batek egiten du; bestela elizako arduradun batek)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkartearen izenean LITURGI URTEKO BI EGUTEGI hauek aurkezten dizkizut: urtean zeharreko ospakizunak prestatzeko orain arte erabili duguna, eta datorren igandetik aurrera erabiliko duguna. Urteko ospakizunen bidez zure bila jarraitu nahi dugu, Jauna; zure esku maitagarria gure eguneroko bizitzan nabaritu. Gure orainak eta geroak zentzua izan dezan, uneoro zure laguntza behar dugu. Zurekin kontatzen dugu, Jauna.

Agurra

Senideok: ezinduen eta behartsuen alde jokatzen badugu; haien bizitza hobeagoa egiteko gure zerbitzua eskaini badugu; gurutzeratuekin bat egitearren eta laguntzearren gure inguruan eztabaida sortu badugu… azken egunean Jesusen hitz gozoak entzungo ditugu: “Zatozte, Aitaren bedeinkatuok”. Bide horretatik aurkituko dugu Jainkoa eta salbamena. Jainkoa benetan ezagutzeko, pobreengana hurbildu behar gara; haiekin arduratuz bizi dena, Jainkoa ilunpean izan arren ere, Aita-Amaren maitasunean bizi da. Ezagutu ez arren, Jainkoarekin bizi da.

Senideok: bidea ezagutzen dugu; ibili gaitezen bide horretatik… Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua Jaunaren izenean datorrena.
Bedeinkatua datorren erreinua, Dabid gure aitarena”




Liturgia Urtearen amaiera bezala, Kristau Elkarteak JESU KRISTO SORTUTAKO GUZTIEN ERREGE festaburua ospatzen du. Kristo atzo, gaur eta beti. “Errege ahaltsuak” entzute onik ez daukaten mundu honetan, ausardia behar da festa hau ospatzeko.

Festa honetan, zer ospatzen du Kristau Elkarteak? Mundu honetako erregeekin badu zerikusirik (= boterea eta aberastasuna)? Eta erantzuna: INONDIK INORA ERE EZ. Kristoren erregetza ulertzeko “beste giltza” bat sartzea beharrezkoa da. Horrela esanez, benetako baieztapen bat egiten gabiltza: Berak kristau bizitza guztia ukitzen du. Bere ikusteko erak, maitatzeko edo jarduteko erak, bere jarraitzaileari ere NORTASUN berezi bat eman behar dio: eguneroko bizitza, zuzentasun gogoak, egia zaletasunak, elkartasun zeinuak, bizitza bihurtu eta bizitza sortzen doazen eremua.

Erregetza honek ez du zer ikusirik “biba Kristo erregea” oihukatzeaz. Gauzak bere tokian ipintzea bere jarraitzaileoi dagokigu. Kristoren erregetzaren giltzak GURUTZEA eta ZERBITZUA direla munduari agertzea geuri dagokigu.

Ez ahaztu: “Egiaren testigu izatera etorri naiz. Egiarena denak, entzuten du nire hitza”.

Zoriontsuak ERREGE eta JAUN bezala onartzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zatozte, nire Aitaren bedeinkatuok"

(Mt 25, 34)

 

 


bidean@bidean.net
orue