Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 1. igandea - 2017.eko Abenduaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak fedearen eta anaitasunaren topaketa hontara.

Liturgi Urte berri bati, Abendu berri bati, graziaren eta itxaropenaren aldiari hasiera ematera goaz. Erne bizitzeko deia eta gonbidapena egiten zaigu. Datorkigun Jaunak gure baitan haztea nahi du, gure zauriak sendatzea, bideak zuzentzea, bere Erreinua prestatzea. Merezi du gonbidapen horiei erantzutea, garai hau zain eta erne bizitzea.

Jainkoa bere Semearen Jaiotzan egin zen gure arteko, baina oso gutxik onartu zuten. Orain bila datorkigu bere Hitzaz, bere sakramentuetan, gizon-emakume bakoitzean, bizi ditugun gertaeretan. Iraun dezagun erne, loak hartu gabe, hurbiltzen zaigun bakoitzean ezezagun egin ez dakigun.

Honela emango diogu hasiera Liturgi Urte berriari.

Aldarria

Oharra:Zentzu berezia dauka eta zaindu beharra dago. Bakoitzak ikusi ze momentutan egin: hasieran, Hitzaren ondoren...).

Gaurko gizakia,
non daude zure begiak,
non zure itxaropena?

Gaurko gizakia,
zein da zure ibilbidearen helmuga?
Gose zara eta ezerk ez zaitu asetzen.
Eduki, eduki, eduki...
eta edukitzeak ez zaitu zoriontsu egiten.
Hainbeste eskaintza, eta buru makur jarraitzen duzu.

Gaurko gizakia,
zabaldu zure begiak zain ez zauden horretara!
Begiratu, mendietan zehar gizon ahul bat dator,
itxura handi gabekoa.
Bekatariekin bat egiten du,
haiekin batera bataioa hartu,
eta bere dohaina inork onartu ez.
Bataialariak bakarrik aitortzen du:
“Ni naiz bataiatu beharrean aurkitzen dena,
eta ez zu, Bataioaren egilea zarana”
.
Gizon ahul hau,
agindutako Erreinua ernetzeko
Jainkoak gizakien artean
ereindako kimu berria dugu.

Gaurko gizakia,
ase ezineko zure gose egarria entzunez
datorren berriak zure bihotza har dezala.
Berri guztia Bere barruan dago.
Ez bilatu edukitzean,
ezta inoiz beteko ez diren hitzetan.

Gaurko gizakia,
entzun zure bakardadea
eta isiltasun apalean,
eta bere agintzaria betez
zure bila datorrenarekin bat egiten saiatu:
“Jainkoak gizakia maite du. Gaur zurekin gogoratu da”.

Ulibarri, Fl.



Oharra: Abendualdiko 2 pregoi edo aldarri prestatu ditugu PowerPointeko argazki eta musikarekin. Erabili nahi izanez gero:
- >>> 1. pregoia<<<.

- >>> 2. pregoia<<<.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 63, 16-17; 64, 1. 3-8

Israel herria Jainkoaren presentziaren irrikan zebilen, bere biziari zentzua eman nahian. Bizi ziren ohikeriatik aterako zituen Haren egarria zuten. Isaias profetak horregatik esaten zion Jainkoari: “ai, zerua urratu eta jaitsiko bazina”. Zeruak urratu eta lurrera jaisten den Jainkoa ez da noizean behingoa, gaur bai eta bihar ezkoa: “Jainkoa-gurekin” da, gure artean bizitzera datorrena. Ez da Jainko zerga-biltzailea, baizik bere burua osorik ematen diguna. Onar dezagun mezu eder hau.


2. irakurgaia: 1 Korintiarrei 1, 3-9

Paulo apostoluak Korintokoei egindako idazki honetan, itxarotearen zentzua azaltzen digu; itxarotea, bizi eta esperimentatu denaren berri emateko da. Hau da Kristo Jaunak iritsitako BIZITZA BERRIA. Jainkoaren leialtasunari esker guztia ahal dela esango digu apostoluak. Onar dezagun bere testigutza.


Ebanjelioa: Markos 13, 33-37

Markos ebanjelariak erne bizitzeko deia egiten digu; Jainkoa hurbiltzen ari zaigu. Ezin gara lotan gelditu, ezinezkoa dugu ez arduratzea. Ezin dugu utzi inoren kontura gure erantzukizuna. Erne biziz bakarrik aurki eta bizi dezakegu eguneroko ibilian Haren presentzia eta esku-hartzea gure bizian eta gure munduan. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren Hitzari erantzunez gure otoitzak aurkezten dizkiogu Jaunari. Gutaz arduratzen delako, entzunak izango garan konfiantzaz egiten dugu.

1.- Gure Elizaren alde: pobreenen eta gutxietsienen aldeko ardurak, gizon-emakumeen itxaropenak bizkortuko dituen argi bizi izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduko herri guztietako nagusi eta agintarien alde: zuzentasunaren, bakearen eta askatasunaren alde diharduten mugimenduak sustatzen eta suspertzen saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bizitzako bideetan zehar ez nora eta ez hara dabiltzan gizon-emakumeen alde: aurki dezatela gure ibilian erne mantentzen gaituen eta biziaren betetasunera dei egiten digun Jainkoa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gorputzean edo espirituan sufritzen ari direnen alde: zuzengabekeriak eta minak, eurek duten itxaropena inoiz ez dagian itzali. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion eta gure elkartearen alde: Abendu-aldi honetan fedean erne, otoitzean sendo eta gure senideen beharretara adi bizi gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN AURKEZPENA

(Ohitura bihurtzen doan Abenduko koroiaz jarraitzen dugu. Norberak egina edo lorategian erosia. Pastoral batzordeko buruak egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkarte osoaren izenean, Abenduko ezaugarri hau aurkezten dizugu. Gabon aurreko egun hauek, sakontasunez bizitzera konprometitzen gara. Jauna, emaguzu zure indarra eta argia, zure gogokoa dena eginez bizi ditzagun egun horiek.



ABENDUKO KOROIAREN LEHEN KANDELA PIZTEN DA

(Buru egiten duena koroia dagoen lekura doa, eta lehen kandela pizten du)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jainko Aita-Ama, Abenduaren hasieran, koroiko lehen kandela hau pizten dugu. Gure itxaropena argitzen duen argia izan dakigun. Berak lagun diezagula esnaturik egoten; zure etorrera ikusteko bihotzeko begiak erne izan ditzagun. Zure arrastoa ez dezagun gal. Zu zauden toki guztietan, Zurekin bat egin dezagun.



AMETS BAT, GURARI BAT, ITXAROPEN BAT ETA OTOITZ BAT AURKEZTEA

(Eskaintza haur batek, gazte batek, gizon-emakume batzuek eta adineko batek egiten dute)

OTOITZA – AZALPENA:

- HAURRAK: Jauna, nik haur amets bat dakarkizut: mundua gure jokoak bezalakoa izan dadila, berdintasun eta anaitasun tokia.

- GAZTEAK: Jauna, nik gurari bat dakarkizut: gizakia eta gizartea, egiak eraginik bizi daitezela.

- GIZON-EMAKUMEAK: Gure seme-alabei begira bizi garenok, itxaropen bat dakarkizugu, Jauna: gizakien arteko harremanak bakezkoak izan daitezela.

- ADINEKOAK: Jauna, iraganak ukituta eta geroari begira bizi naiz. Otoitz hau egiten dizut: zure betiko etorrera oztopatzen duen guztia barka ezazu; eta haurraren ametsa, gaztearen guraria eta gizon-emakumeen itxaropena, zure graziaz egia bihurtzen lagun iezaguzu.



ELKARTEKO UMEEN AURKEZPENA

(Haurrak aldare aurrera doaz eta eskutik oratuta gelditzen dira; eta otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Abenduko koroiarekin batera gure itxaropena diren haur hauek aurkezten dizkizugu. Etorkizunari begira bizi dira. Gugan daukate beren konfidantza. Gu gara beren guraso, lagun eta gidariak. Gure bihotzean beti izan dezagula itxaropena; pozik bizi izaten laguntzen digun itxaropena.

Agurra

Senideok: Jaunak esan digu bere hitza, bere Semearen etorreraren zain, erne eta itxaropentsu bizitzeko deia egin digu. Guri tokatu zaigun gizartea zuzenagoa, senideagoa egiten konprometiturik bizitzea da kristau bezala erne bizitzea. Gure biziera lagungarri gerta dadila askok burua jaso dezaten, lagungarri zerumugan ernetzen azaltzen ari diren aldien zantzuak ikusteko eta biziera berri batetik abia gaitezen Jainkoaren presentziara eta utopiara irekitzeko. Abendu zoriontsu bat denoi!

Egun honetarako gogoeta

“Erakutsi iezaguzu, Jauna, zure errukia
eta emaguzu zure salbamena”




LITURGIAREN URTE BERRIA hasten dugu gaur. Kristau elkarteentzat hau berezia da: ondorengo hilabeteetan, JAUNAREN MAITASUNAREN HISTORIA, bere “salbamen historia” hori bizitzeko, ospatzeko eta elikatzeko prestatzen gara. Kristau Elkarteak hauxe ospatzen du liturgian. Oinarrizko ideia hau ahazten edo baztertzen dugun neurrian… gure ospakizunak aspergarri bilakatuko zaizkigu!

Jaunaren maitasun historia horretan, oinarrizko momentua, NORBAITEN PRESENTZIA DA; desiratua eta itxarona izan den Norbaiten jaiotza da. Bila dabilen, bizitzaren zentzuaren bila, historiaren zentzuaren bila, heriotzaren zentzuaren bila, estu eta larri dabilen gizakiari, itxaropena emango dion Norbait. Horregatik, ABENDUA, ITXAROPENAREN ALDIA DUGU; Jaunaren BIDEAK prestatzen joateko aldia. Harengana zabaltzeko eta onartzeko prestatuz bakarrik ezagutuko dugu. Hauxe da Eguberriak ospatzea; Jesus gure artean egote hori, itxaropen gisa eta salbamen gisa bizitzea. Hauxe da gaur hasten dugun aldia.

Gure askapenaren iragarpena entzuteak (“jaiki zaitezte, altxatu burua, zuen askatasuna hurbil dago”) eta esna egoteko egiten zaigun gonbidapenak (“egon zuhur ez bai dakizue noiz izango den eta”), sinesmendunongan ITXAROPENA sortzen duen deia dugu. Historian zehar profeten eginkizuna ere horixe izan da: Su-garra piztuta eduki. Hainbeste mehatxu eta heriotz bizi izan dugun gure munduaren historia honetan, argiaren premian gaude. Irribarrez eta begi argiz aurrera begiratzeko behar dugun argitasun horren miraria gertatu daiteke.

Dena dela kontuan edukitzekoa da baita ere, tentazioak beti inguratzen gaituztela: orain ongi bizi garenez hobeagorik ez dagoela pentsatzea, edo lehengoari begira egotea hobeagoa zelakoan. Lehengoan edo oraingoan itxita gelditzea, itxaropenaren kontrako pekatua da. Sinesmenduna, zu eta ni, gure aurrean dugun eta beti bila jarraitu behar dugun itxaropenetik eta itxaropenerako bizitzera deituak gara.

Zoriontsuak bere ETORRERA itxaroten dutenak:
gure nahiera sakonenak HAREK BETEKO ditu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Kontuz, bada! Egon erne!"

(Mk 13, 33)

 

 


bidean@bidean.net
orue