Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 2. igandea - 2017.eko Abenduaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorri, senideok, ospakizun hontara.

Berriro ere beste anaia-arrebekin elkarturik, gaurkoan Abendu aldiko bigarren igandea ospatuko dugu. Eta Eguberrirako bidean, Ebanjelioko pertsonaia garrantzitsu bat jartzen zaigu lehen lekuan: Joan Bataiatzailea.

Honek bihotz berritzera deitzen zuen, Jaunari bidea prestatzera. Eta etortzekoa zen Mesiasi, harrera ona egin nahiez, beren gogo-bihotzak Jainkoaren asmoetara aldatzeko prest zeudenak, Jordanen bataiatu egiten zituen.

Guk geuretzat hartzen dugu gaur gonbitea. Ez izan zalantzarik ateak zabaltzeko bakea dakarkizunari. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 40, 1-5. 9-11

Lehenengo irakurgai honek dioenez, etsipenak jotako erbesteratuen artean berri on bat zabaltzen da: askapenaren iragarpen pozgarria. Isaias profetak, Jainkoaren izenean, itxaropen hitzak esaten dizkio Israel herriari, Jauna bera baitator herria salbatzera. Poz eta alaitasunez beteriko hitzak dira. Onar ditzagun.


2. irakurgaia: 2. Pedro 3, 8-14

Gogoeta honek dioskunez, alferrikakoa da salbamen historiaren egutegia finkatzea; Jainkoak bakarrik daki noiz eta nola bukatuko den giza historia. Horregatik, Pedro apostoluak, Itxaropen deia egiten digu. Etortzekoa den Jaunaren egunari begira dago gure bizitza; itxaroten ditugun zeru-lur berrietara jasotzen dugu begirada. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Markos 1, 1-8

Entzungo dugun ebanjelioan, Joan Bataiatzailea agertzen zaigu; gizon latza, eta profeta lez Mesiasen etorrera iragartzen zuena, eta onartzen zutenek Jordanen bataiatzen zituan. Baina kontuz: bere entzuleak bihotz berritzera eta etortzeko zenari bideak prestatzera gonbidatzen zituen. Jainkoak hasitako bizi egitasmoa eta gizaldietan itxaron izan dena, Mesiasek bere osotasunera eroango du. Onar dezagun iragarpen hau.

Jainko herriaren otoitza

Orain, Jainkoak zuzendu digun hitzaren argitan, aurkez diezazkiogun uste osoz gure beharrizanak Jaunari.

1.- Elizaren alde: Ebanjelioaren Berri Ona leialtasunez zabal dezan, itxaropena eramanez eta behartsuengandik hurbil biziz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztien alde: bakean, justizian eta pertsona guztien ongizatean aurrera egin ahal izan dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde: Abendu aldi hau gogotik bizi dezagun, gure bizitzan eta gure inguruan Jaunaren bidea prestatzen serio saiatuz. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Taldetan besteen alde lanean diharduten pertsona guztien alde: onartuak eta maitatuak senti daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarteen alde: guztiontzat topaleku beroak izan daitezen, eta pertsona guztiek beren premietan harrera ona izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN BIGARREN KANDELA AURKEZTU ETA PIZTEA

(Koroia aldare aurrean edo ikusteko tokian ipini. Oraingoan, elkarteko pertsona heldu batek, bigarren kandela piztu eta hurrengo otoitza egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Aita-Ama, Abenduko bidea ametsez eta utopiaz beterik dugu; horiek laguntzen digute aurrera egiten. Zure Erreinua, bakezko eta zuzentasunezko erreinua dela konturatzen gara. Abenduko bigarren kandela hau piztean, amets horiek egia bihurtzen joan daitezela eskatzen dizugu; zure Erreinua indarra hartzen joan dadila.


ETXEKO ARGAZKIEKIN OSATUTAKO ALBUM BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona nagusi batek egitea komeni da. Aurretik, berari azaldu zeinu honen esanahia. Horrela azal lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire urteak gogoratuz, itxaropenerako arrazoi handirik ez daukadala diote; oraintsuago edo gerotxoago, heriotza aurrean dudala. Jauna, argazkien album honekin nire eta nire etxekoen bizitza eskaintzen dizut. Hor dago nire historia eta nire lehena. Baina lehen hori, biziaz beterik dago, Jauna, eta horregatik dakarkizut. Jauna, nire bihotzak itxaropenari tokitxo bat egiten dio. Hurbil sentitzen zaitut, eta egunen batean aurrez aurre ikusteko itxaropena daukat.


GURE BIDEETAKO OPARIGINTZA AURKEZPENA

(Ospa lekuaren barrenetik prozesioa abiatzen da trafiko seinaleekin zenbait kartel dakartzatela. Presbiteriora heltzean seinale bakoitzaren esanahia ematen da)

OTOITZA – AZALPENA:

- Nik STOP seinalea dakart, Jauna, eta seinale honen bidez berekoikeriari gugana pasatzen ez uzteko erabakia adierazi nahi dugu.

- Ona hemen, Jauna, BIURGUNE ARRISKUTSUAREN seinalea: gogorkeriaren arriskua begien aurrean jarri nahi digu.

- Nik, berriz, EMAN BIDEA seinalea dakarkizut, eta bai nik eta bai nire elkartekoek gure arteko txikienei bidea emateko hartzen dugun erabakia eskaintzen dizugu.

- NORABIDE GALARAZIA seinale honekin hedonismoaren, kontsumismoaren eta edukitze kulturaren aurka jokatzeko erabakia adierazi nahi dugu, zure Erreinuaren aurka baitoaz zuzenean.

- Nik dakardan eta eskaintzen dizudan NORABIDE BAKARRA seinaleak zure Erreinua gureganatzeko maitasuna eta justizia hartzen ditugula bide bakar bezala adierazi nahi du.

- Baina bide honetatik abiada handian joan beharra dugunez, nik AUTOPISTA seinalea dakarkizut, solidaritatearen errepide onena.

- Nik, azkenik, HELMUGA seinalea dakarkizut, zure bakearen Erreinua baita gaur eta hemen gure ahalegin eta konpromiso guztien eragilea..

Agurra

Senideok: Ospakizuna bukatzen ari gara. Eta berehala gure etxeetara, familietara, eguneroko errealitatera bilduko gara. Abendu aldiko bigarren aste honetan ahalegin gaitezela aldatzen, eta besteari harrera ona egiten. Mesiasi gure baitan toki goxoa prestatzeko bide ona izango da. Jarrai pozik Abendu aldiko bidea, gure bizitzak bete ditzaken harekin topo egin arte.

Egun honetarako gogoeta

“Presta ezazue Jaunaren bidea, berdindu haren bidexkak.
Denek Jainkoaren salbamena ikusiko dute”




Joan zen igandean hasi genuen Abendu aldiko BIDEAN jarraitzen dugu: Jainkoaren bideak prestatzen jartzen gara. Gure helburua Hura gure SALBATZAILETZAT ONARTZEA da: Bera bakarrik izan daiteke gure salbamena eta gure itxaropena.

Gaur Ebanjelioak, garai bateko errealitate historiko eta geografikoan bete-betean sartuta aurkezten digu JOAN Bataiatzailea, eta hori, Mesias Salbatzailearen salbamen ekintza ere denbora zehatz batean eta giza historian burutzen dela adierazteko. Horrela, “grazia denbora” da eta historia “salbamen historia”. Eta Joanek bihotz berritze bataioa aldarrikatzen du, Salbamena hurbil ikusirik, Jaunaren bidea prestatzera etorri baita.

Gaur, atzo bezala, asko dira itxita dauden bideak eta zail gertatzen da salbatzen duen Jaunarengana iristea. Salbatzailea etor dadin, bidea irekitzera dei egiten digu Bataiatzaileak. BIHOTZ BERRITZEAK bidexkak berdindu egiten ditu eta esklabotzaren loturak hautsi, eta Jainko egarria berpiztu.

Zorionekoa BIHOTZ BERRITZEA irrikatu
eta bere bizi egiten duena,
BIZIAREN BIDEAN baitabil.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Moldatu ezazue bidea Jaunarentzat"

(Mk 1, 3)

 

 


bidean@bidean.net
orue