Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - Sortze Garbia - 2017.eko Abenduaren 08a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Andre Mariaren festa honetan!

Andre Maria BIRJINAREN SORTZE GARBIAren festa ospatzen dugu. Abenduko liturgia giro barruan ospatzen dugu. Maria izan zen Jaunari etorrerako bidea prestatu eta amaren maitasun samurrez itxaron ziona.

Jainko aitak-amak Maria aukeratu zuen bere Semea, gizon eginik mundura ekarri zezan. Maria dugu fededunen artean eredurik egokiena: FEDE HANDIKO ANDREA, Jainkoarekin oso-osorik fidatu zena, Jaunaren esana modua bizian sinestu zuena. Andre Maria gidari eta bide erakusle datorkigun Jesus bihotzean onar dezagun, horren jarraitzaile egin gaitezen.

SEMINARIOAREN egun honetan oso gogoan izango ditugu APAIZGOA hartzeko prestatzen ari diren gazteak eta beren alde otoitz egingo dugu. Apaizgoa: egiazko erronka etorkizun hurbilari begira. Beraz, zuzen-zuzen dagokigu.

Eukaristia honek lagun diezagula sinestu zuen eta fidatu zen Andre Maria Ama eta Fededun gisa ikusten.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 3, 9-15. 20

Hasieratik, giza historia osoan agertzen da bekatua eta gaitza; baita ere, salbamenaren agintzaria eta gauzatzea. Jainkoak bere bideak dauzka salbamen ekintza aurrera eroateko. Kristau tradizioan, galdutako adiskidetasuna berreskuratzeko, Maria Jainkoak aukeratutako bitarteko andrea dugu. Bibliako lehen liburutik hartutako gogoeta hau entzun eta onartzen dugu.


2. irakurgaia: Efesotarrei 1, 3-6. 11-12

Bedeinkapen goratzarrez hasten du Paulok Efesotarrei egindako gutuna. Jainkoaren salbamen asmo osoaren sintesia da. Kristorengan aukeratu gintuen Jainkoak, santuak eta bere seme-alabak izan gaitezen. Onar dezagun apostoluak eskaintzen digun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 1, 26-38

Jainkoaren Semearen Ama izatea da Andre Mariaren ohorerik handiena. Jainkoaren Espiritua Mariagan jarri zen, eta honek entzun, abegi egin, onartu eta erantzuna eman zion Aingeruaren mezuari. Eta orduan, Jainkoak miragarriak egiten ditu. Hara hemen gaurko ebanjelioaren mezu pozgarria.

Jainko herriaren otoitza

Mariaren Sortze Garbia pozez ospatzen dugula, elizaren eta munduaren premiak aurkezten dizkiogu Jainko Aita-Amari, bere Seme Jesu Kristoren bitartez.

1.- Elizaren alde: Abendu aldi honetan Andre Mariak bizkortu dezala berritze bidean, Jaunaren hitza bihotzean hartzen eta gizon-emakume guztiengana alaitasuna eta itxaropena eramaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Andre Mariaren bitartez, Jaunak eman diezagula bakearen dohaina gure herriarentzat eta munduko herri guztientzat; eta, pertsona guztienganako begirunetik, elkarrizketarako eta tolerantziarako bideak zabal ditzagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Munduko familia guztien alde: Andre Maria eredu dutela, aurrera egin dezaten elkar maitasunean eta harremanean, eta isiltasunetik lagun diezaiela beren seme-alabei. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Apaizgorako prestatzen ari diren gazteen alde: Andre Mariak lagun diezaiela senideen zerbitzurako bizkortasun osoz Erreinuko misterioa osotasunez bizitzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Elkarteen alde: behar duten guztientzat harrera on eta topaketa gune izan daitezen, gure bizi guztia, Andre Mariarena bezala, Jainkoarekiko BAI osoa izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, “errazak” eta kristau elkartearen ibilbidean erabili daitezkeen “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: inork ez dezala pentsatu, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LORE SORTA BAT AURKEZTEA

(Loreak ipiniko diren aldare aurrea prest eduki behar da. Elkarteko emakume batek egin lezake lore eskaintza hori)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure eta gure Amaren eguna ospatzeko, aldare aurrean lore sorta hau ipintzen dugu. Mariaren edertasuna gogoratzen dugu. Zuk Maria aukeratu zenuen zure Semearen egon leku izateko. Gaur, geu aukeratzen gaituzu zure Espirituaren egon leku bezala. Lore hauek kutsa gaitzatela bere edertasunez.


KUTXATXO BAT AURKEZTEA

(Kutxa irekita, elkarteko gizonezko batek egin lezake. Ahal dela, kutxatxoa ikusgarria izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kutxatxo hau, Mariaren jarrera azaltzeko aurkezten dizugu. Berak bere bihotzean gordetzen zituen zure Hitzak eta bere Semeak esaten eta egiten zuen guztia. Kutxatxo hau aurkezterakoan, beste hau geureganatu nahi dugu: zure hitz guztiak entzun eta gauzarik ederrena bezala geure bihotzean gorde.


KARTEL HAUNDIA, “FIAT” irakurtzeko bezala idatzita AURKEZTEA

(Kartela prestatu, “Fiat” eta “Egin bedi” ondo irakurtzeko eran idatziz. Ingurua bakoitzaren sormena erabiliaz. Gazte taldekoak egiten dute)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Hitza betetzeko konpromezua eskuratzen dugula agertzeko, latinezko hitz hori erabili dugu: “FIAT”, “Egin bedi”. Zure hitzak gure bihotzean erabiltzea eta hausnartzea ez da nahikoa. Bere apaltasunean eta kristau izatean zuk aukeratutako Mariaren antzera, entzuten duguna bizitzara eroan nahi dugu; gure historiako egoera ezberdinetan egi bihurtzen ahalegindu; Hitza, gure haragiaren zati egin.

Agurra

Anaia-arrebok: Jaunak gizadiari eta Elizari egin dion oparirik handiena ospatu dugu: MARIAREN festa. Bera, Jainkoak eskatzen ziona egiteko prest zegoen, eta horrela gizon-emakume guztioi ikaragarrizko mesedea egin digu. Gaurko festak, Abendu aldian aurrera egiteko itxaropenez bete gaitzala. Mariaren antzera Jaunaren lekuko izan gaitezen. Kristau testigutza pozgarria bizi dezagun!

Egun honetarako gogoeta

"Poztu zaitez, Maria, graziaz bete hori, Jauna da zurekin;
bedeinkatua Zu andre guztien artean"




Abenduko giroan, MARIAREN SORTZE GARBIAREN festa ospatzen dugu. Festa honek gure ibilbidea zer-nolakoa den MARKA lezake: ona den edo ez; benetakoa edo ez. Mariak, ibilbide hori era berezi batean egin zuen; Mariak ere “Jaunaren bideak prestatu zituen”. Horregatik, Bera dugu JARRAIPENAREN EREDUA.

Maria, batez ere, SINESMENDUN ANDREA dugu; Salbatzailearen etorrera era berezi batean bizi izan zuena. Bera izango da, baita ere, Nazareteko Jesusek iragartzen duen Erreinua bere osotasunean hartuko duena. Berak isiltasunean eta sakontasunean bizi izan zuen.

Horregatik, gaurko ospakizuna, Salbatzailearekin AURKITZEKO egiten goazen bidean, lagungarri dugu. Arlo honetan Mariak zer erakutsi eta zer irakatsi asko du.

Goazen AURRERA abenduan…
MARIA, gure ama LAGUN dugula!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jauna zurekin dago"

(Lk 1, 28)

 

 


bidean@bidean.net
orue