Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 3. igandea - 2017.eko Abenduaren 17a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak anaitasunaren ezaugarri den ospakizun hontara.

Gero eta hurbilago ditugun Eguberrietara goaz. ALAITASUNA da Abenduko hirugarren igandearen gai nagusia. Ikusiko dugunez, alaitasunera deika ari zaizkigu Jaunaren Hitza eta ospakizunaren edukia. Jaunaren etorrera gainean dugu.

Adieraz dezagun sentitzen dugun poza gure hitzez, gure keinuz eta gure jarreraz. Gure alaitasuna kutsakorra izan dadila.

Hasi dezagun ospakizun hau, Jesusen Espirituak Berak eraginda.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 61, 1-2a. 10-11

Isaias profeta, Espirituak igurtzia, itxaropenaren mezularia, askatasunaren pregoilaria eta oinazean daudenei berri ona iragartzera bidalia dugu. Irakurgaiaren bigarren zatia Itun Zaharreko “Magnificat” bezala ezagutzen da; herri askatuaren kantua eta behartsuak Jainko errukia eskertzeko erabili zuten ereserkia dugu. Albiste on bezala hartzen dugu guk ere.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 5, 16-24

Paulo apostoluak, karitateko ekintzak egitera bultzatu ondoren, kristauen ezaugarriak zeintzuk diren esango digu: pozik bizi dena, otoitzean irauten duena, Jainkoaren laguntzarekin on egin eta santutasun bidean dabilena, Jesukristo gure Jaunaren etorrera arte. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Joan 1, 6-8. 19-28

Joan Batailaria, argiaren aitormena egitera Jainkoak bidalia bezala agertuko zaigu, haren bidez denak sines zezaten; berak, etorrera iragartzen du, jendea prestatzen du, etortzekoa dena handiena delako. Bere iragarpena uraren bataioz laguntzen du; ekintza honekin jendeak bizitza aldatu beharra sentitzen du, datorren Mesias onartzeko prestatu egin behar dela agertuz. Mesiasen mezularia izan zenaren testigantza onartzen dugu.

Jainko herriaren otoitza

Seme-alabak aitagana hurbiltzen diren konfidantzaz, gure Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu, Elizaren, munduaren eta gure elkartearen premia-eskariak.

1.- Lurreko toki guztietan zabaldua dagoen Elizaren alde: Jesusek agintzen duen askapenaren, sendatzearen eta maitasunaren Berri Ona gogotsu eraman dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Nolabaiteko aginpide politikoa, soziala, kulturazkoa, erlijiosoa dutenen alde: beren erantzukizunak betetzean, babesik gutxien dutenen onaren bila lehia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Une honetan oinazez eta tristuran bizi diren pertsona guztien alde: Jainkoaren deia entzuteko eta Haren errukian erabat fidatzen bizitzeko gai izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gizartearen ertzetan bizi diren gizon eta emakume guztien alde: gugan laguntzarako bizkortasuna aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure fedea ospatzeko elkartu garen guztion alde: gure biziaren bidez egiaren, Berri Onaren, Jesusen, Jainkoaren testigu izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO HIRUGARREN KANDELA AURKEZTU ETA PIZTEA

(Arduratsu eta kezkati bizi den edo erakunde zibil baten lana egiten duen batek piztuko du gaurko kandela)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, elkarteak aukeratu nau hirugarren kandela hau pizteko; hirurek batera argi hobea egiten dute. Gizartean dauzkagun konpromisoen ezaugarri izan nahi dute. Zugan sinesten dugunok, Jauna, gure politikak edo sindikalgintzak karitatea ere kontuan izan dezala. Jauna, esna gaitzazu lotatik, gure gizartearen erdian zure lekuko izan gaitezen. Zuzentasunaren, askatasunaren eta bakearen alde jokatuz zure etorrera erraz dezagun.


BAKERO PRAKA BATZUK AURKEZTEA

(Eskaintza hau gazte batek egitea komeni da)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna, praka bakeroak. Gazteen ezaugarri bat dira. Gure kontsumismo egarria ere azaltzen dute: moda, musika, motorrak, jolasak, alkohola, drogak… Hor bilatzen dugu gure zoriontasuna. Eta momentu hori azkarregi pasatzen zaigu. Praka hauek eskaintzeaz batera, Jauna, gure poztasuna eta zoriontasuna Zugan aurkitu nahi ditugula agertzen dizugu. Bete gaitzazu, Jauna, zure bizi pozez.


UMEEN EKITALDIA AURKEZTEA

(Elkartearen poztasuna agertzeko haur talde batek kantu, dantza edo antzerki bat egiten du. Horren ondoren otoitza egiten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haurren ekitaldi honekin gure elkartearen poza agertu nahi dizugu. Zu ere gurekin poztuko zarela uste dugu. Poz hau zaintzen lagun iezaguzu. Gure itxaropenarekin batera gehitzen joan dadila, zure Semeak hasi zuen Erreinu berrian denok bat egin arte, haurrak aurretik direlarik.

Agurra

Senideok: Pozez entzun dugu Jainkoak esan digun hitza, Haren gorputzaren Ogiaz indartu gara eta elkarte bilduaren beroa sentitzen dugu. Gaur testiguak behar dira, testigantza emango duten pertsonak, behartsuei, federik ez dutenei, aldenduei Berri Ona iragarriko dietenak. Maitasuna, zuzentasuna, askapena eta bakea posible direla testigatuko duten jendeak. Jainkoaren seme-alabak bagara, izan gaitezen Haren Erreinuaren testigu. Aste zoriontsua Abenduko bidean!

Egun honetarako gogoeta

“Jaunaren Espiritua nigan dago,
behartsuei berri ona ematera bidali nau”




Abenduko BIDEAN aurrera goaz. Aldi honetako kantuak, “Itxarote denbora eta itxaropen denbora”, gure ibiliaren erritmoa markatzen digu. Aurrera goaz, salbatzen gaituen JAUNA indar berriz AURKITUKO dugunaren itxaropenez.

Abendu aldiaren erdia pasatu dugu. Eta aurkitzen garan momentu hau irudi batekin azaltzeko, haurdun dagoen ama baten estuasun, larritasun eta barruan daraman haurrak sortzen duen poztasunaren irudia dugu. Eta haurra itxaroten duen ama, EKINEAN dabil. Fisikoki, psikologikoki eta animuz prestatzen doa, baina baita ere giro gozo bat aurki dezan detaile guztiekin arduratuz: etxea eta inguruan behar diren gauza guztiekin. Ez da aurkitzen zereginik gabe. Datorkion haur berriak ezeren beharrizanik senti ez dezan, bere esku, bihotz, buru, bere izate guztia zereginean dago.

Amarena irudi ederra dugu. KRISTAU ABENDUA ere horrelakoxea da. Mesedez, kontuz! Hortxe gaude eta ez gaitezen nahastu. Jokoan asko dugu! Aurrean daukagun AUKERA galtzea penagarria litzateke.

Abenduko hirugarren igande honek, Batailariaren irudia ekarri digu. Profeta izanez, aitzindari eta bide erakusle bezala agertu zaigu, eta bide batez, inguruko jendearen bizitzeko era eztabaidan ipintzen du. Hortik, pekatua salatu, eta itxaropenezko etorkizuna iragartzen du. “Argiaren lekukoa” dugu, “nire atzetik dator, eta ni ez naiz inor Horren oinetakoen lokarriak askatzeko ere”; horren lekukoa dugu Batailaria.

Elizaren eta kristau bakoitzaren zeregina ere hauxe da: “argiaren lekuko” izatea, Gizaki guztiak argitzen dituen benetako ARGIARENA. Hau da: sinetsi ezineko lekuetan ere Kristoren agerpena ahalbidetu. Erronka ederra! Jainkoaren Hitzak daukan indarra lagun izango dugu: “Jaunaren Espiritua niregan dago, Jaunak igurtzi nau eta” (lehenengo irakurgaia); edo apostoluaren beste hau: “zaudete beti pozik” (2gn irakurgaia).

AURRERA EGIN BEHARRA DAUKAGU!
Jauna hurbil dago!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuzendu ezazue Jaunaren bidea"

(Jn 1, 23)

 

 


bidean@bidean.net
orue