Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Abendua - 4. igandea - 2017.eko Abenduaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, senideok, ospakizun hontara.

Abendu-aldiaren barruan, laugarren igande hauxe da guztietan andre Mariaren igandea. Jaunaren gizakundearen adierazpena dakar ebanjelioko pasarte polit eta sakonak, horren bitartez iristen zaigu Andre Maria. Jainkoaren hautapena beti da grazia, dohaina, bete egiten gaituen zerbait. Jainkoaren hautapenak ez ditu desegiten ez gure askatasuna ez gure benetako izaera.

Agurrak ez dio beldurrik sortzen Andre Mariari; ikara bakarrik esandakoaren edukiagatik. Jainkoaren presentzia beti da alaitasunaren eta bakearen ekarlea; horregatik aingeruaren hitzak: Ez izan beldurrik.

Agur horrek gutariko bakoitzarentzat ere balio du, Jainkoak hautatuak baikara, gure baitan daramagulako Jesus Berpiztua. Kristau guztiok eta bakoitza gara Kristoren eramaile, hau da, alaitasunez eta bakez Jesusen Bizi Berriaren eramaile.

Has dezagun anaitasun ezaugarri den ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Samuel 7, 1-5. 8b-12. 14a. 16

Bere jatorria indartzeko, Dabidek Jainkoari tenplu bat eraikitzea nahi du. Baina Jainkoa herriarekin dago eta erregeak ezin dio eraiki etxea Jainkoari. Erregearentzat eta herriarentzat Jainkoak berak eraikitzen du etxea: bere ondorengoak aukeratu eta seme bezala hartzen ditu. Jaiotzen den errege bakoitzak, Jainkoaren erreinu zuzena eraikiko duen itxaropena sortzen du. Mesianismoaren eta herri kontzientziaren ezaugarria dugu. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Erromatarrei 16, 25-27

Entzungo dugun Paulo apostoluaren gogoeta sakon honetan, ebanjelioa gizadiarentzat albiste ederra dela esango zaigu; Jainkoaren agerpen berezi bat ez bazen egon, gizakiok ezin izango genuen bere edukia pentsatu ere egin. Hauxe da Paulok izan duen eta guri kontatzen digun esperientzia. Onar dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 1, 26-38

Jainkoak Dabid erregeari egindako promesen betetasun bezala, aingeruak Mariari egiten dion iragarpena agertzen zaigu. Jainkoak askatasun osoz aukeratzen ditu pertsonak eta salbamen bideak ere Berak jartzen ditu. Gaur, bere Jainkoari begira bizi den neskato batekin aurkitzen da, eta berak zeukan salbamen proiektua osotasunean betetzen da. Salbatzailea gure artean dagoela agertzen digun iragarpena pozik entzuteko prestatzen gara.

Jainko herriaren otoitza

Sinesmena eta bizitza, oztopoz beterik daude. Inoiz ez da izan erraza esatea: “egin bedi nigan zuk nahi duzun bezala”. Jainkoaren seme-alaba izateak ematen digun konfiantzaz, Berari zuzentzen dizkiogu gure otoitzak eta eskariak, entzunak izango garan ziurtasunez.

1.- Elizaren alde: Espiritu Santuz beteta, Jainkoaren Hitza pozik onartu eta gizadi osoari eman diezaion. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Familia guztien alde: gure etxeak, gizonagoak eta emakumeagoak egingo gaituzten eskolak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gizon eta emakume guztien alde: bihotz xaloz, pertsona guztiengan Jainkoaren presentzia ikus dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure inguruan premia duten guztiengatik: gugan onarpena eta aditasuna aurki dezatela eta beraiekin solidarioak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hurbiltzen ari diren Eguberriak ez daitezela izan kontsumorako festak, baizik Jainkoarekin eta senideekin elkartzeko aukera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

6.- Gure (parrokiako) Elkartearen alde: aurki dezagula Espiritu Santuaren indarra eta lagun diezagutela gutxietsienen alde gure konpromisoak zintzotasunez berritzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ABENDUKO KOROIAREN LAUGARREN KANDELA AURKEZTU ETA PIZTEA

(Laugarren kandela hau, batzar buruak pizten du. Erraz ikusteko tokian eta ahal dela apaingarri bakarra izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Abenduko lau kandelak piztuta dauzkagu. Eta argia gure artean dago. Lehenago, Jaunaren Hitzari baietza eman zion sabelean, eta, gero, gizakioi eskaini zigun bizitzan egon zen. Gabonak bizitzekoak eta ukitzekoak dira. Gure itxaropena egia bihurtuko da. Jauna, errealitate eta itxaropen horren tartean, gure bihotzak ipini nahi ditugu; Mariaren antzera, bete itzazu zure argiz, gu ere zure lekuko izan gaitezen. Kontsumokerian erori gabe, benetako Gabonak ospatu nahi ditugu.


KATILU BAT AURKEZTEA

(Elkarteko gazte batek egin lezake. Berarekin, kristauon prestutasuna agertu nahi dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, katilu hau dakarkizut; ni eta nire kristau lagunak prest gaude Zugandik datorkiguna onartzeko. Mariaren antzera, zure Hitza eta zure grazia onartzeko prest gaude. Haiek gabe ezer gutxi gara, eta gure norberekeriak zugandik aldendu besterik ez gaitu egiten. Jauna, bete itzazu gure bihotzak zure graziaz.


JAIOTZAN IPINIKO DEN SEASKA HUTSAREN AURKEZPENA

(Haur batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Gure elizan ipiniko dugun Jaiotzan egongo den sehaskatxoa dakarkizugu, Jauna. Inguru guztia apaintzen dugunean, hortxe ipiniko dugu Belengo Haurtxoa. Gaur, zure Seme Jesukristo onartzeko gure bihotzak prest daudela agertu nahi dizugu. Jauna, egizu benetan gutariko bakoitzarengan jaio dadila.

Agurra

Senideok: gaurko ospakizunean Maria agertu zaigu era berezi baten; Jainkoak, bere Semearen amatzat aukeratu zuen emakumea dugu. Bere bitartez gure giza izatean bat egin zuen, eta mundu honetakoa egin zen, benetako bizia eta salbamena eskaintzeko. Mariak Jainkoaren deiari eman zion erantzuna ere entzun dugu; guretzat gaur egun ere eredugarri den erantzuna. Gure egitekoa Mariaren antzekoa da: gure hitzekin eta bizitzarekin Kristo ezagutzera eman. Eguberriak prestatuz, kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Birjinak sabelean sortu eta semea izango du
eta Emmanuel, Jainkoa-gurekin, ipiniko dio izena”




Abenduko bidean, azken igandera iritsi gara. Igande honetako liturgiak behin eta berriro diosku, datozkigun jaiak kristau zentzuz bizi ahal ditzagun prest egoteko; gure artera datorren Jainkoa (= EMMANUEL) eta gure inguruan bizi diren anai-arrebak ere onartzeko prest.

Agintzarien iragarpenak Aingeruaren Iragarpenean hartzen dute gailurra. Gure mundura eta historiara begiratuz, Elizak Salbatzailearen indarra aurkitzen du berriro ere, Jesus Mesiasen indarra, zain geundena eta gizaki guztiak beren loturetatik askatzera etorriko dena. Bere zain dauden eta bere bila dabiltzan gizakiengan, bake eta zuzentasun egarria piztuko du (Dabidi egindako promesa dugu:1go irakurgaia); gizaldietan ezkutuan egon dena agertuko da (2gn irakurgaia). Bere salbamen egitasmoa aurrera eramaterakoan Jainkoa guztiz askea da nahi dituen pertsona eta elkarteak aukeratzeko: salbamen egiteko honetan ez dago inongo pribilegio historikorik. Maria dugu Jainkoaren asmoak non dauden agertzen digun ezaugarri ederra.

Guk arrisku bat daukagu aurrean: datozkigun jaiak gure barruan bizi bai, famili giro ederrean ere bai, baina poz hori gure anai-arrebei eramateko arretarik gabe; batez ere beharrizanean dauden anai-arrebei. Eta horrela bada, jai hauetako benetako zentzua ez dugu gureganatu. Hemen kokatzen dugu urtero KARITASEK egiten digun deia. Gure artean gaizki pasatzen dabiltzanekin arduratu, gure sentiberatasuna agertu, hurbildu eta lagundu; Eguberri jaietan ere bai.

Giro honetan, datozen Eguberri jaiak gureak egiten saiatzen gara. Jainkoa gu salbatzera dator baina behartsu agertzen zaigu. Bera ezagutzeko “onda edo frekuentzia berdinean” aurkitu behar gara. Prestatu gaitezen. Gu salbatzera datorren Harekin BAT EGIN dezagula.

BEHARTSUEI zabalik dagoen EGUBERRI ZORIONTSUA!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gerta bekit zuk esan bezala"

(Lk 1, 38)

 

 


bidean@bidean.net
orue