Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Eguberriak - GABON EGUNA - 2017.eko Abenduaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Gabon jai zoriontsuak!

Gaurko egunak poza eta alaitasuna dakarzkigu. Jesusen jaiotza gomutatzen eta gaurkotzen dugu. Jauna gurekin dugu, gure artean. Gure historian lagun izatera etorri da, gutariko bakoitzarekin ibiltzera. Jainkoa gizon egin zaigula ospatzen dugu, Jainkoak lortu duela gurekin eta gu bezala bizitzea. Gaur Jainkoa Belengo Ume samur gisa agertzen zaigu.

Presta dezagun gure bihotza Jaunaren Hitza entzuteko eta Haren Gorputzez indartzeko. Zabal diezazkiogun gure bizitzako ateak eta gugan ipiniko du bere etxea. Utz diezaiogun bere presentziaz bete gaitzan, eta horrela izango gara Jaunaren errebelazioa, Eguberri festen testiguak.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 52, 7-10

Isaias profetak, oso pozik, Jainkoaren garaipena iragartzen dio bere herriari. Gure Jainkoa Errege da, eta haren Erreinua samurtasuna, poza eta bakea da. Hauxe da profetak, gertaerak baino mendeak aurrerago, bere herriari eta herri guztiei aldarrikatzen dien mezua pozgarria. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 1, 1-6

Hebertarrei eginiko gutunaren idazleak adierazten du: profetak iragarritako Jainkoa, betidanik itxaron zena, gizon egin dela Semearengan. “Bera da Jaunaren aintzaren distira eta beronen izatearen irudia”, esango digu. Bizitzaz beteriko eta itxaropenezko mezua gizadiarentzat. Onar dezagun bihotzez.


Ebanjelioa: Joan 1, 1-18

Jesus da Jainkoak gizadiari emaniko behin betiko Hitza, esango digu ebanjelariak, “ikasle maiteak”. Onartzen gaituen hurreko Hitza da, eta bere baitan itxi ordez, gure artean jarri du bizilekua, argitu egiten du gure bizitza. Baina ilunpean ere jarrai liteke: “bere lagunek ez zuten onartu”, gogoratuko digu ebanjelariak. Harengana zabaltzeko deia jasotzen dugu gogoeta honetan.

Jainko herriaren otoitza

Jaunaren seme-alaba izatearen konfiantzaz, gure beharrak, Elizarenak eta munduarenak aurkezten dizkiogu Jainko Aita-Amari, Jesu Kristoren bitartez.

1.- Elizaren alde, gure parrokietako eta erlijioso etxeetako elkarte txikien alde: senideak onartuz eta zerbitzatuz, iragar dezatela Belengo Berri Ona. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduan zehar sufritzen dauden haurren alde: beren inguruan aurki dezaten maitatuko, kontu egingo, zainduko eta arretaz elikatuko dituztenak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Iluntasunean eta borroka giroan bizi diren guztien alde: Berri Ona zabalduaz eta ezagutuaz, argitxoak pizten joan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde: Belengo Umeak, “Bakearen Mezulariak”, aldatu ditzala gure bihotzak; gure hitzak eta zeinuak egin ditzala elkartasunaren eta senidetasunaren ezaugarri. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Belengo jaiotza ospatzeko pozez elkartu garen guztion alde: Jaunak eskaintzen digun doako salbamenaren eramaile eta zabaltzaile izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KANDELAK AURKEZTEA

(Elizan daudenek prestaturiko kandelatxoa pizten dute. Jende gutxi dagoenean batzar buruarengana hurbildu eta eskaini zerbait esanez -nahi izanez gero-. Batzar buruak, laburpen bat edo honako otoitz hau esaten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Seme Jesu Kristoren jaiotzarekin mundua argitu zenuela-eta, Haren ezaugarri bezala, guk ere eliza hau argiz bete gura izan dugu. Kandela hauekin batera, geu besteentzat argi izateko konpromisoa eskaintzen dizugu. Gu ikusten gaituenak, Jesu Kristoren testigu bezala eta zure maitasunaren agerpen bezala ezagutu gaitzala.


BILDUTAKO DIRUA AURKEZTEA

(Zerbait kantatzen den bitartean, diru biltzea egiten da eta aldare aurrean utzi. Karitasen beharretarako izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona, gure artean, anaitasun giroan elkar banatzeko prest gaudenez gero, ezagutzen ez ditugun behartsuekin ere elkar banatu nahi dugu. Jesu Kristoren gizakundeak guztiok anaia-arreba egiten gaitu, eta hauxe da beren alde guk eskaintzen dizugun solidaritatezko laguntza.


LUNTXEAN HARTUKO DEN ZERBAITEN AURKEZPENA

(Pertsona ezberdinak ekarritako janariaren aurkezpena. Nahikoa litzateke ezaugarri batzuk ipintzea eta zertarako den esatea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gure familietako egun bereziak elkarrekin ospatzen ditugu. Gaur, zure Semearen Jaiotzak sortzen digun poza ere kristau familia lez ospatu nahi dugu, Eguberriak gure elkartean prestatuaz. Janari hauek, anaitasunaren ezaugarri lez eskaintzen dizkizugu; anaitasun hori egi bihurtu dezagula eguneroko bizitzan.

Agurra

Senideok: berriz ere Gabon jai zoriontsuak! Zalantzarik izan ez ditzagun, Jainkoak berak iragarri digu bere Semearen jaiotzaren Berri Ona. Hurbil gaitezen entzutera Belenera, Jesusen biziera gure biziera egin dadin, poztu gaitzan eta Hura eraman zuen tokiraino eraman gaitzan. Hurbil gaitezen Belenera eta utz diezaiogun Jainkoari bere maitasun mugagabeaz eta doakoaz busti gaitzala. Egun zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Berri On bat dakarkizuet, poz handi bat:
Mesias, Salbatzailea jaio izan zaigu”




Iritsi gara: GABONAK dira. Pentsa zenezakete: “badakigu; ez duzu esan beharrik”. Ba… kito. GABONAK direla diot. Eta hitz hauetan ZERBAIT HANDIA eta ederra dago. GABON zoriontsuak! Zorionak, ezkutuan zegoena aurkitzearren!

Kristau elkarteak, Jainkoaren Seme maitearen, Jesusen etorrera ospatzen du Eguberrietan. Salbamen etorrera hori (hauxe da “Mesiasen” esanahia) Erreinuaren historian momentu erabakiorra da; Jaunaren etorreraren aurrerapena da.

Kristau sinesmenak, Hitza haragitzearen misterioa ospatzen du. Gabonak, batez ere, errebelazio sakona eta azkenik gabeko agerpena delako, hitz sendoa, egiazkoa eta oinarrizkoa da.

Hitzak norberaren errebelazioa agertu nahi du; Jainkoak bere egiazko barrua agertzen digu: bere maitasuna, bere errukia, bere aitatasuna, bere bihotzeko samurtasuna. Eguberririk gabe, gizakunderik gabe, errebelazioaren argi horren faltan, gure Jainkoaren ezagutza errakuntzaz beterik egongo litzateke.

Haragi egin den Hitzari esker ezagutzen dugu egiazko Jainkoa: ez da pentsalarien Jainkoa, Jainko teista; eta bai gizakion zorion bat egiten duena, gure historian oso-osorik sartzen dena, heriotza bera ere norberarengana hurbiltzen duena. Gizakiongana hurbiltzeko era, gizaki egitea da. Jainkoak bere gain hartzen du, behartsuen, zapalduen eta baztertuen ezina eta apaltasuna, eta bere egiazko aurpegia agertzen digu; guk imajinatu ezineko aurpegia. Gizakundearen ondoren, Jainkoa Jauna da, baina ez indarrez, apaltasunez baino; ez indarkeriaz, ahultasunez baino; ezta mehatxuz ere, isiltasunez baino.

Haragi egindako Hitzaren hizketa horrelakoxea da; ekintzaz, maitasunez eta egia sakonez beteriko hizketa.

Zer gertatzen da? GABONAK hitza geuk nahi ditugun esangurez betetzen dugula. Nola ez! Kristau batentzat Gabonak ZERBAIT izan behar du; kalean ikusten denetik zerbait desberdina… “BELENERA BEGIRA NAGO” eta… benetan zerbait BERRIA da, zerbait HARRIGARRIA: Belengo sinpletasuna eta apaltasuna ikusiz, kristau GABONAK BENETAN desberdinak DIRA.

Gabonak zer diren jakin nahi duzu? BELENERA BEGIRA geratu: horixe da ikasteko era bakarra. Beldurrik gabe hurbildu: haur bat besterik ez da!

GABON ZORIONTSUAK!
Animatu: BELENERA BEGIRA geratu!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Eta hitza gizon egin zen eta gure artean jarri bizitzen"

(Jn 1, 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue