Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Eguberriak - 1. igandea: FAMILIA SANTUA - 2017.eko Abenduaren 31a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorriak kristau ospakizun honetara!

Gaur kristau elkartean, Familiaren, Nazareteko Familiaren jaia ospatzen dugu. Ezin da izan beste era batera: Jainkoa gure arteko bat bezalakoa egin bada, familia baten jaio, bizi eta hazi behar du; Joseren eta Mariaren familia aukeratu du. Familia horrela aurkezten digu Jaunaren Hitzak: gizarteratzeko eta bizitzeko toki, pertsonaren garapenean gune garrantzitsu bezala.

Baina kontuan hartu behar dugu gure parrokietako eta erlijioso bizitzako elkarteak ere egiazko familiak direla, Aita Jainkoaren begiradapean garatzen diren familiak. Familia honetako kide garen segurtasunez eta sentimenduz, sakontasunez biziko dugu ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Siraken Jakinduria, 3, 2-6. 12-14

Laugarren Aginduaren inguruko iruzkina egiten du Jakinduriaren liburu honek. Gurasoak ohoratzea, gurasoei dedu eta lotsa izatea. Adineko, maisu, jakintsu, eskarmentu handiko gizaki bezala hartzen dira gurasoak jakinduriazko hizkeran. Seme-alabek begirunea, zerbitzua eta laguntza zor dizkiete. Eta guztia giza harremanak areagotzen eta Jainkoari begira jartzen dituen maitezko hizkeran emana. Onar dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Kolosarrei 3, 12-21

Paulo apostoluak, Kolosarrei idatzitako gutunean, Jainkoak hautatuak direla-eta, giza bertuteak eta kristauarenak lantzera gonbidatzen ditu. Senidetasun giroko maitasun handitik sortutako familia bezala hazten doan kristau elkartea sor dezatela. Benetan interesgarria apostoluaren proposamena.


Ebanjelioa: Lukas 2, 22-40

Simeonen profezia eta kantika entzungo dugu ebanjelio zatian. Kantika honen hasieran entzungo dugun “orain” hitza eta aingeruak artzainei iragartzeko erabiltzen duten “gaur” hitza berdintsuak dira: itxaroten izan dugun Mesiasen bitartez Jainkoa gure historian sartu da. Graziazko aldia dugu; Jainkoak, bere Semearen bitartez, esan beharrekoak bere herriari esaten dizkion aldia dugu. Eta Umeak, lurreko gizaki guztientzat bere askapena dakar. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jaunaren familiako izanik eta Nazareteko Familia Santua bitarteko dugularik, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Eliza osoaren alde: munduaren aurrean, gizaki guztiei bere maitasuna agertzen dien Jainkoaren seme-alaben familia bezala ager dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Familien alde: gaixotasun, gose, bazterketa edo aukerarik ezagatik txarto pasatzen daudenen alde: guztiak duintasunez bizi daitezen, egin gaitzazu, Jauna, solidarioak. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Ezkontzeko edo elkarrekin bizitzeko pentsatzen dauden gazteen alde: elkar errespetuan, elkarrizketan eta tolerantzian oinarritu dezaten euren bizitza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Nazioetako agintarien alde: egiten dituzten arauak eta legeak familia guztiak berdintasunean trata ditzaten, eta guztion artean gizarte zuzenagoa edo solidarioagoa egin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau elkartearen alde eta erlijioso elkarte guztien alde: barkamena, onespena, zerbitzua eta elkar laguntza bizi duten egiazko familiak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATS MORDO BAT AURKEZTEA

(Familia osoa ondoan duela, aita batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gure familia eta lurreko familia guztien ezaugarri bezala mahats mordo hau dakarkizut, Jauna. Enborrari lotutako aienek eusten dituzte hainbeste mahats mordo. Gure familietan ere era askotako pertsonak bizi gara, baina batasunean bizi nahi dugu. Jauna, lagun iezaguzu gure gogoak egia bihurtzen.


ETXEKO GILTZA AURKEZTEA

(Hau ere elkarteko guraso helduago batek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, etxeko atearen giltza dakarkizut. Nire familiaren giltza da. Gaurko egoerak sortzen dituen arriskuetatik zaintzea tokatzen zait. Egia esan, eginkizun hau, nire emaztearekin batera gustura daramadala. Seme-alaben heziketak arduratzen gaitu. Giltza hau dakarkizugu, atea irekitzea erraza baita. Munduko eta gizarteko arazoekin bat egin nahi dugu. Familiako eta gizarteko egoera hobetzen gure ahalegina egiteko prest azaltzen gara.


ELKARTEKO UMETXO BATEN AURKEZPENA

(Gurasoak edo aita-ama besoetakoak egiten dute; umea hartu eta presbiteriora hurbiltzen dira)

OTOITZA – AZALPENA: Orain dela gutxi bataiatu genuen gure familiako txikitxo hau dakarkizugu, Jauna; zure jarraipenean hazteko konpromezua hartu genuen. Gaur, gure poza eta gure antzera aurkitzen diren famili guztien poza agertu nahi dizugu; baita ere kristau lez hezteko hartu genuen konpromezua berriztatzen dugu. Horrela eginez, zoriontsu izango garela eta bakean biziko garan itxaropena dugu.

Agurra

Senideok: Jaunaren maitasuna Nazareteko Familian bihurtua bizi izan dugu ospakizun honetan. Jesusek, Mariak eta Josek bizitzaren handitasuna eta sinpletasuna aurkitzera eta Jainkoaren maitasunaren esperientzia bizitzera gonbidatzen gaituzte. Festa honek bultza gaitzala MAITASUN horren lekuko izatera gure etxeetan, auzoan eta lagun artean. Familian bizi izatearen poza goza dezagun.

Egun honetarako gogoeta

“Kristoren bakeak agindu bedi zuen bihotzetan;
ugari bizi bedi zuengan Kristoren hitza”




GABONETAN eta JAINKOAREN MAITASUN misterioa kontenplatzen jarraitzen dugu. Ikaragarria da. Gure Jainkoa harrigarria da: bere planteamendua eta egiazko “gizakundea” ez da normala… ondorio guztiekin, gainera. Gabon festetako egun bakoitzak… hori KONTENPLATZERA deitzen digu. Eguberrietako Jaunaren maitasun misterio horren inguruan zer arakatu asko dugu.

Igande honetan, FAMILIA SAKRATUA begiratzeko deia dugu; bertan, gaurko kristauontzat ere pasatzen ez diren baloreak aurkituko ditugu: elkar bizitza, elkar ulermena, emankorrak eta onartze baloreak bizi dituen Nazareteko familia. Balore horietan egiazko “ESKOLA” eskaintzen zaigu; betikoak diren baloreak.

Familia, gaur egun “kontrako” iritziak egon arren (“penduluaren” legearen arabera), bizitzako errealitate nagusia dugu. Gaurko liturgiak Jesus eskaintzen digu familia baten bizitzen eta errealitate hori onartzen. Bere “gizakundearen” ondorioa da: giza errealitatea, mugatua eta gertagarria onartzen du; eta bizitzaren, erlazioaren, elkar bizitzaren eta haztearen ikuspegia eskaintzen digu. Jainkoa-Abba gisa hartzearen ikuspegia, baina baita “kontrakoa” agertzeko, familia eta jarraipena aurrez aurre ipintzen dituenean.

Bere arazoetan ixten den familia baten aurrean (“bakoitza bere etxean eta Jainkoa guztietan”), Nazaretekoa familia IREKIA bezala agertzen zaigu:

Inguruko beharrizanetara: hori agertzen digute ebanjelioetan agertzen diren xehetasunek.
Jainkoaren gogoetara: norberaren familiaren gainetik, Jesusen eta Erreinuaren proiektuaren inguruan sortzen doan FAMILIA BERRIARI begira ipintzen gaitu. Jainkoaren proiektua da lehendabizikoa (“lehendabizikoa lehena da, eta ondoren besteak dira”).
Norberaren izateari errespetuan: elkar ulertzearen eta onartzearen adibide gisa azal daiteke Nazareteko familia. Horregatik da eredua.

Errealitate hauek gaur balio ote dute? Hainbeste “aurrerapenen” ostean, EBANJELIOKO BALOREAK atzean geratu ote dira?

BELENA BEGIRATUZ ETA KONTENPLATUZ,
Nazaretekoaren antzeko FAMILIA izateko gogoa eta poza
izan dezagun.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Aita-amak harriturik zeuden Simeonek haurraz esaten zuenarengatik"

(Lc 2, 33)

 

 


bidean@bidean.net
orue