Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Eguberriak - Urte berria: Andre Maria, JAINKOAREN AMA - 2018.eko Urtarrilaren 01a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Urte Berri on!

Urtearen lehen egunean eta Jesu Kristoren jaiotzatik zortzi egunera, liturgiak ANDRE MARIAren festa hau proposatzen digu, Jaunaren Semearen Gizakundeko Misterioa sakontzen jarraitzeko. Gaur, gainera, “MUNDUKO BAKE EGUNA” ospatzen dugu. Guztiok itxaroten eta behar dugun bakea. Bakea munduan, bakea elkarren arteko harremanetan eta bakea gure barrenean.

Horregatik, urtearen lehen eguneko ospakizunari hasiera ematean, argi eta garbi aitortu nahi dugu Jainkoarengan, gure bizien eta historiaren Jaunarengan dugun fedea. Urte berri honen oparia da, dudarik gabe, fedean hazten segitzeko, Jaunaren jarraipenean leialak izateko ematen zaigun aukera berria. Ez dezagun ahaztu Andre Maria, Jainkoaren Ama, gu babesten eta gure alde erreguka dugula.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Zenbakiak 6, 22-27

Israelgo abadeak urtearen hasieran herria bedeinkatzen zuten. Bedeinkatzeak, pertsona, leku eta gauzak ondo tratatzea esan nahi du. Jainkoak bere on egitea eskaintzen digu urtearen hasieran. Aita onaren ezaugarria da Jainkoaren bedeinkapena. Bere bakea eta argitasuna eskaintzen dizkigu. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Galaziarrei 4, 4-7

San Paulo apostoluak hau gogoratzen digu: Jesusi eskerrak “Abba”, Aita, dei egin diezaiokegula Jainkoari. Zoritxarrez ohituegiak gaude Jainkoari “Aita” esaten, eta ez gara konturatu ere egiten norainoko oparia dugun hau: Aita dugu bera, eta gu haren seme-alabak gara; seme-alaba babestuak eta maitatuak. Onar dezagun mezu eder hau.


Ebanjelioa: Lukas 2, 16-21

Pasarte honetan entzungo dugunez, artzainek, aingeruaren mezuak motibatuak eta bihotza berotuta, bideari ekin zien Jainkoak zer adierazi nahi zien ikustera joanez. Artzainak erne zeuden, zain, itxaroten, irauten, bilaka ari ziren, bideari ekin zien, elkar animatzen zuten, guztiak abesten, eskerrak ematen zituzten, bedeinkatzen, poza adieraziz egin zuten bidea; dudarik gabe Jainkoagan konfiantza ipini dutenen jarrera gogotsua.
Beste alde batetik, Lukasek diosku: Mariak Jainkoari entzuten ziola jazoeretan eta bere bihotzean gordetzen zuela artzainek esaten zien guztia. Mariari ere, ziurrenik, ez zitzaion erraza gertatu hautatua izatea, barneratzen zuena bizitzea. Fedea, gugan bezala, Mariarengan ere prozesua izan zen. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen jaiotzarekin Jainkoaren seme-alaba izatearen pozaz, aurkez diezazkiogun gure eskariak eta premiak.

1.- Herrietako agintarien alde: egiazko bakearen eta justiziaren alde, gizon-emakumeen eta herri guztien arteko berdintasunaren alde gogotsu lan egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Seme-alabak gaixorik edo drogari lotuak dituztelako edo beste ezerengatik sufritzen dauden ama guztien alde: Jesusengan aurki dezatela itxaropenerako indarra eta gugan behar duten laguntza eta elkartasuna. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- BAKEAREN alde: gaur hasten dugun urte berri honetan bakea gure artean eta munduan bideragarri gerta dadin, sendo eta gogotsu lan egin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Urte berri hau zailtasunez eta beldurrez estreinatzen dutenen alde, gure gizartearen zokoetan bizi direnen alde: gugan onarpena, errespetua eta beroa aurki dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Urteko lehen ospakizun honetan elkartu garenon alde: Jesusen ondoren, ilusioz eta itxaropenez beterik jarrai dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



USOEKIN ESTALPERA IBILALDIA

(Elizan dauden haur guztiak, kartulinan egindako usoak dituzte. Estalpera hurbildu eta han uzten dituzte. Haur batek honako eskaintza hau egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen elkartu garen haurrok, zure estalpea usategi bat bihurtu nahi izan dugu: BAKEA dena eta bake ezaugarriak bat eginik. Zure Semeak, uso hauek airera ditzala, munduko bazter guztietan bakea lora dadin. Bete gaitzazu zure bakeaz eta egin gaitzazu bakezale.


AGENDA BAT AURKEZTEA

(Urte Berriko agenda. Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake. Ondo legoke irakasle batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, estreinatu gabeko agenda hau dakarkizut. Urte Berria zurian dago. Elkartearen izenean dakarkizut; Zugan gure konfiantza baitugu, Urte Berria eta gure bizia zure eskuetan uzten ditugu. Gure gogoak eta ilusioak ere hortxe daude; baita, urte hau Zuri eta anaia-arrebei begira bizitzeko konpromisoa ere.


AMA BIRJINARI EGINDAKO OLERKI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko neskato batek egiten du. Herriko Ama Birjinaren irudi bati edo beste barik Ama Birjinari egindako olerki bat irakurtzen du eta gero horri hori, aurkezpen lez, aldara inguruan utzi)

Agurra

Bakea “shalon” da, harmonia Jaunarekin, senideekin eta kreazioarekin; zoriontasun espirituala eta materiala da, justiziaren, askatasunaren eta maitasunaren emaitza. Baina bakea guztion eta bakoitzaren egitekoa ere bada; guztion erantzukizuna da, gizakiaren egarririk sakonenetakoa baita. Giza duintasuna errespetatzearen ondorioa da: kultura solidarioa, ondasun banatuak, gizarte zuzena… Bakea ez da zerbait burutua, baizik eta eguneroko eginkizuna. BAKEA egi bihurtzen joateko pausoak eman ditzagula!

Egun honetarako gogoeta

“2018 URTE ZORIONTSUA!”



Kristau elkarteak, mundu honetan kokaturik, URTE BERRIA hasten du. Zentzuz, indarrez, ilusioz eta konpromisoz beteriko bi arrazoi nagusi dauzka:

- Jesusen amaren MARIAREN festaburua.
- BAKEAREN eguna; denok nahi dugun bakea.

- Urte Berria MARIARI begira hastea “ondo egindako” seme-alaben jarrera da. Hurrengo hilabeteetan egin beharreko bideak “ume” bihurtzen gaitu, “beldurti”. Horregatik, bidearen hasieran Amaren laguntza, aholkua eta argia eskatzen dugu. Bihotz sinesmena duenaren bihozkada dugu. Hurbil gaitezen gu ere guztion Amagana.

- Urte Berriaren hasieran BAKEA aldarrikatzea, lana eginaz eta bila ibiliaz, ebanjelioaren argitasunera bakarrik egin genezake. Kristauok, bakearen alde lanean jarraitzeko konpromisoa berriztatzen dugu. DENOK BATERA elkartasuna sortzea, bakea eskatzea eta eraikitzea, estreinatzen dugun 2018. urteko erronka dugu. Egia bihurtuko ote dugu!

ZORIONTSUAK BAKEAren lana egiten dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maria, Jose eta jaioberria askan etzanda aurkitu zituzten"

(Lk 2, 16)

 

 


bidean@bidean.net
orue