Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Eguberriak - JAUNAREN AGERKUNDEA - 2018.eko Urtarrilaren 06a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak eta Errege egun zoriontsua!

Gaur poztasun osoz ospatzen dugu JAUNAREN AGERKUNDEA, Aitaren begien bistakoa, hurbilekoa eta ukigarria izan nahiaren festa. Belenen, Magoekin batera aurkitzen dugu Ume-Jainkoa, gerlaria ez den Mesias, baizik eta bake egilea. Jainkoa Jesusengan agertzen da, gugana hurbiltzeko, guri bere bihotza zabaltzeko eta gu han sar gaitezen, bere bizian eta eginkizunean gu ere partaide egiteko.

Hauxe da Jaunak gutariko bakoitzari egin nahi digun oparia: gure fedeaz jabetzea, dohain hori ospatzea, haren gorputzaz parte hartu eta aurki dezagun haren aurpegia eta Aita-Amaren maitasuna.

Ospakizuna hasten dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 60, 1-6

Isaias profetak, irudi ugariz baliatuta, iluntasunaren erdian jaikiko den argia iragartzen du. Argi horretarantz hurbilduko dira lurralde guztietako pertsonak salbazio bila. Guk ere argi horretarantz hurbildu nahi dugu, Aitak maite gaituela ziurrago jakiteko. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Efesotarrei 3, 2-3; 5-6

Salbazioa guztientzat dela esaten digu Paulo apostoluak; inor ez da gelditzen hortik kanpo. Jainkoa ez dago arrazei edo herrien nondik norakoari begira; Jainkoarentzat ez dago kanpotarrik. Guztiok gara etxeko, etxeko seme-alaba, guztiok gara bat Jesusengan. Onartu dezagun testigu leial honen gogoeta.


Ebanjelioa: Mateo 2, 1-12

Urruneko herrietatik irten eta izar baten argiari jarraituz, haur eginiko Jainkoaren bila joan ziren erregeen abentura kontatzen digu Ebanjelioak. Gu, garenak garela, pribilegiatuak gara. Jainkoa gutariko bakoitzari agertu nahi zaio. Ireki dezagun gure bihotza, gaur, hemen eta orain bizia den haren Hitza entzuteko eta onartzeko.

Jainko herriaren otoitza

Gu salbatzera bidali digun Semearengan, seme-alaba egin gaituen Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu Elizaren eta munduaren premiak.

1.- Elizaren alde: Belengo Haurrak bere barnean duen egia sakona, zeinuz eta hitzez aldarrika dezan, eta gizon-emakume guztientzat errespetu eta onespen ezaugarri izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Haurren alde: solidario izaten txikitatik ikas dezaten, daukatena ez daukatenekin bana dezaten, eta pertsona helduen maitasunez eta arretaz inguraturik haz daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Misio herri diren munduko herrialde guztien alde: Jesusek dakarzkigun salbamena iragartzeko, bokazioa duten pertsona sagaratuak izan ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Misioetan lanean ari diren gizon eta emakume guztien alde: beren bizitzan Jaunaren Erreinuaren testigu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Magoen antzera, beti besteenganantz eta, batez ere, premiarik handiena dutenenganantz hurbiltzen bizi gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



INTSENTSUA AURKEZTEA

(Pertsona heldu batek egin lezake. Intsentsu ontzia eta intsentsua eraman aldare aurrera eta intsentsu ontzira bota; nahiko ke eta usain ateratzeko beste. Eta gero dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Magoek ere, Belengo estalpean, intsentsua eskaini zizuten. Elkartearen izenean, usain gozo hau eskaintzen dizut, Jauna. Mundu honen erdian, zure usain gozoa izan nahi dugu. Maitasuna, eskaintza, hurbiltasuna eta zerbitzua nahastuta dauden usain gozoa. Horrela gurtzen zaitugu lurrera etorritako zure Semearengan.


ESTALPEKO UMEA ETA KRISTAU ELKARTEA INTSENTSUZ LURRINTZEA

(Elkarteko buruak, estalpeko umea eta, gero, bildutako herri osoa lurrintzen ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, intsentsu lurrin honekin, Haurra gurtu nahi dugu. Zu, Beragan zaude, eta gure Jainko eta Jaun bakar bezala gurtzen zaitugu. Usain gozo honekin har ezazu gure esker ona. Zu, gizaki guztiengan ikusi nahi zaitugu; beren zerbitzuan ere, Zeu gurtu nahi zaitugu. Zure Seme Jesu Kristoren bizitzan eta oparian bat egin nahi dugu.


JOSTAILU BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko ume guztien izenean eurotariko batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunotan hartu ditugun jostailu batzuk utzi ditugu hor, jaiotzaren aurrean. Pribilegiatu batzuk garenez, gauza asko hartu ditugu. Hemen aurkezterakoan gauza bi esan nahi dizkizugu: munduko ume guztiekin eta batez ere pobreenekin bat egin nahi dugula. Eta bigarrena, gure jostailuak besteekin elkar banatuko ditugula agertzen dizugu.

Agurra

Senideok: ospakizuna amaitzera dijoa. Kutsa gaitezen haurren alaitasunean, xalotasunean eta tolesgabetasunean; goza dezagun erregeen festan. Baina ez dezagun ahaztu opariak ez direla garrantzitsuenak; BESTEENTZAT OPARI izatera deituak gaude. Egun hauetako zalapartaren erdian izango ditugu bost minutu, maitasunez belaunikatu eta Belengo Haurrak azaltzen digun maitasunaren misterioa onartzeko. Familiako jai zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Izarra irteten ikusi dugu, eta gurtzera gatoz”



EGUBERRITAN jarraitzen dugu, eta AGERPENAREN festa (Erregeen festa) ospatzen dugu; ametsez eta opariz beteriko gau bat baino zerbait gehiago da. Munduko iluntasunean, distiratsu atera den ARGIAREN festa dugu. Argi horri esker, gizaki guztiok, edozein izaeratakoak eta arrazatakoak, Mariarengandik jaio den SALBATZAILEA aurki genezake. Hau guztia, zergatik…?

- Jainkoa GUZTIONTZAT delako; Jainko BANATUA, ZATITUA: Jainkoa ZERBITZARI egin da, ez gutxi batzuentzat, bila ari direnen guztientzat baino. Hau bai benetan denon eskura dagoen Jainkoa dela!

- Horregatik, GAURKO EGUNA, Jainkoaren BILA ari direnen eguna da; dena utzi (segurtasuna, lurra, familia…) Jainkoaren BILA joateko. Magoak, bila ari diren “eta izarra ikusi duten” guztien ezaugarri dira. Eta… nola ez!, AURKITU egiten dute, nahiz eta itxura eskasean, babes gabeko ume batengan.

Mezu ederra eta sakona gaurkoa. Belenerantz doan taldean aurki gintezke. Gure bizitza alda daiteke!

Egun zoriontsua,
Jainkoaren BILA ari direnentzat!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gurtzera gatoz"

(Mt 2, 2)

 

 


bidean@bidean.net
orue