Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 2. igandea - 2018.eko Urtarrilaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara.

Eguberri jaiak eta Jesusen Jordango Bataioa ospatu ondoren, “URTEAN ZEHARREKO” igandeak ospatzen hasten gera. Jaunaren hitzak, igandero, Jesusen bizitza, izaera eta mezuarekin bat egiten lagunduko digu.

Igande honetan, Jesusen agiriko ekitaldiaren hasiera gogoratuko zaigu. Jesusek, bere JARRAITZAILEEN taldea osatzeko, dei egiten die berarekin “egoteko”, “ikasteko”, biziera berri bat esperimentatzeko.

Eta... horrekin zer? Jainkoa gure bila ere ateratzen da, gure izenez deitzen gaitu, bitartekoen bidez, beste pertsona batzuen bidez edo bizitzako gertaera ezberdinen bidez... “Bere taldekoak” izatera gonbidatzen gaitu; Bera onartzea eta jarraitzea gure eskuetan dago. Bere ondora hurbiltzen garan neurrian, berak eraberrituko gaitu eta gure bihotza ukituko, bere Erreinuaren jarraitzaile eta mezulari izan gaitezen.

Eukaristia honek, gure bihotza Jaunaren esanetara zabal dezala.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Samuel 3, 3b-10. 19

Gaueko isiltasunean, Samueli bezala, edo eguneroko zereginen erdian, Jainkoak deika jarraitzen du. Ez dago lekuari, adinari edo orduari begira; une egokia aukeratzen daki. Garrantzitsua prest egotea da, onartzeko prest, Samuelen antzera adi egon eta erantzuteko indarra izan: “Esan Jauna, zure morroia entzuten dago”. Entzun dezagun kontaketa eder hau.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 6, 13c-15a. 17-20

Paulo apostoluak gogoeta sakon bat eskaintzen digu. Kristaua, bataioaren bidez Jainkoaren bizira deitua da, eta Espiritu Santuaren egon lekua da. Gure gorputzak Jaunarentzat diren ezkero, gorputz honekin Jainkoa goratzera deitzen digu; eta beste guztiak zaintzera, Jainkoaren famili berekoak direlako. Jesus eta bere Ebanjelioaren lekuko denaren gogoeta hauek onartzen ditugu.


Ebanjelioa: Joan 1, 35-42

Joan Bataiatzailearen bi ikasle, honen testigantza entzunik, Jesusengana hurbiltzen dira. TOPAKETA horren ondoren, Maisuaren jarraitzaile egiten dira. Jesusek liluratuta bezala uzten ditu, eta bizitza osoan berari jarraitzea erabakitzen dute. Ebanjelioa entzuteko prestatzen gera, zutik aleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Espiritu berdinean elkarturik, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskari otoitzak.

1.- Elizaren alde: Jainkoaren esaneko izanez eta bere Ebanjelioan oinarrituz, Jainko biziaren benetako aurpegia gizaki guztiei iragar dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: giza baloreen garapena bultza dezaten eta pertsona guztiei zor zaien errespetua zain dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Haur, gazte eta nagusien alde: gure bihotza Jainkoari zabalduz, gizartearen beharrizanetara hurbildu, eta gurekin bat egitera etorri den Jainkoaren lekuko izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- BAKEAREN alde: estu eta larri bizi diren hainbeste lurraldeetan, pertsona eta erakundeei esker, bakerako bideak urratzen joan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: bakoitzak gure bizitzeko eran, Jainkoaren deia entzun eta erantzunez, Jesusen Berri Onaren mezulari izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



IRAKURGAI LIBURUAREN AURKEZPENA

(Irakurgaia egin duenak edo beste pertsona heldu batek, IRAKURGAIEN LIBURUA hartu eta aldare aurrera eramaten du. Meza emaileari ematen dio eta otoitza egiten da. Liburua zabalik aldare gainean uzten da)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: Joan Bataiatzailearen aitormena entzun dugu: “Horra hor Jainkoaren Bildotsa”. Andres eta Simonen antzera guk ere Jesusen jarraitzaile izan nahi dugu, zure Hitza gogoan izanez eta mundu honen erdian zure nahia betez. Zure grazia eta laguntza behar dugu. Gaur, aldare gainean uzten dugu, bidean aurrera egiteko, biziaren Hitza eta Ogia behar ditugulako.


FAROL PIZTU BATEN AURKEZPENA

(Herrigintzan, politikan edo sindikatu baten sartuta dagoen batek egin dezake. Farola, meza-emaileari eman, eta honek aldare gainean uzten du. Eta gero dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Joan Batailariaren irudia gogoratzen dugun igande honetan, farol piztu hau dakarkizut. Argi hau, Jesukristo berpiztuaren irudia eta gizaldietan zehar hainbeste profetak izan zuten konpromisoaren ezaugarria da. Hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen gaur egun hainbeste andre-gizonen ahalegina eskertu nahi dizut. Behartsuekin arduratzen zaran Aita-Ama ona, onartu egizu gure eskaintza apal hau.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez ere gure entzumena eskatzen duen irrati hau aurkezten dizut, Jauna. Baina gaur, zure Hitzaren entzule garela agertu nahi dizut; zure eskakizunetara adi egon nahi dugu. Joan Bataiatzailearen eta beste batzuen deiei zabalik egon nahi dugu.


ATERKI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ni aterki batekin nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkia zabaltzen dugu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dugu edo hori, beste pertsona batzuentzat dela pentsatu dugu. Jauna, alda ezazu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.

Agurra

Senideok: ospakizuna amaitzera goaz. Andres, bere anai Simonengana joan zen bere aurkikuntzaren barri ematera eta Jesusengana hurreratu ziran. Jainkoaren maitasunaren eta Ebanjelioaren iragarle izatera deituak gara gu ere. Gure hitzekin eta gure bizitzarekin Jesusekin egotearen poza zabaldu dezagula, Bera gure Jaun eta Salbatzaile bakarra lez aitortuz. ENTZUTE eta TESTIGANTZAZ beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Mesias aurkitu dugu, hau da: Kristo;
grazia eta egia, Honen bidez etorri dira”




Eguberri jaien ondoren, Jesusen Bataioa ospatu genuen, eta orduan entzundako hitzak oraindik oihartzuna izango dute guregan: “Zu zara nire Seme maitea, nire aukeratua”. Orain, berari ENTZUNEZ, eta bere jarraitzaile izanez, bidean aurrera egin nahi dugu. Maria eta apostoluak eredu ditugu honetan: Jesusen “ezaugarriak” ikusi eta bere mezua bihotzean erabiltzen zuten. Jesusengan SINISTEA horrela sortu zen. Bera da azken hitza.

Urtean zeharreko bigarren igande honek, Jesusen aurkezpena egiten jarraitzen du. Hor agertu zaigu lehen ikasleak nola iritsi ziren Jesus ezagutzera eta Berarekin egotera; hori ikusirik, hor joango da egosten geroago etorriko den dei-esaldia: “etorri eta ikusi”.

Jainkoak, bere salbamen ekintza aurrera eramateko, beti kontatu du pertsona konkretuekin. Lehenengo irakurgaiak, gauaren isiltasunean, Jainkoaren deia entzuten duen Samuel gaztea aurkeztu digu. Bere jarrera, “esan, Jauna, zure morroi hau entzuten dago”, jarraipen eta konpromisoaren eredu dugu.

Mezu eder honek, Jesusen gertaeraren aurrean, HARRERA ETA ENTZUTE jarreran ipintzen gaitu: horrelaxe bakarrik barneratuko dugu berak planteatzen eta eskaintzen diguna. Berak, Jainkoaren egitasmoaren eta berak hasitako lanaren jarraitzaile izateko MOLDATU nahi gaitu.

ZORIONTSUAK
JESUSEN ENTZULE ETA JARRAITZAILEAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maisu, non bizi zara?". Jesusek esan zien: "Etorri eta ikusi"

(Jn 1, 38-39)

 

 


bidean@bidean.net
orue