Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 3. igandea - 2018.eko Urtarrilaren 21a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak, Hitzaren eta Ogiaren mahai inguruan egiten dugun ospakizun honetara.

Bidean, Jesusekin bat egiten dugu. Berak, gaur era berezi baten BIHOTZ BERRITZERA dei egiten digu. Horrek, gure bizitzak aldatzea eskatuko digu: maite gaituen Jainkoagan gure konfiantza ipintzen dugu, bere graziaz eta errukiaz inguratzen gaituelako.

Jainkoarekin elkartzen garenean, Berak BIZITZA ALDAKETA bat eskatzen digu. Anai-arrebekin elkarturik, Berari entzuteko, esaten diguna onartzeko eta gure fedea ospatzeko prestatzen gara. Has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jonas 3, 1-5. 10

Jainkoak, Jonas profeta Ninibera bidaltzen du, Berak esango diona iragartzera. Ninibetarrak ordura arteko bidea alboraturik, Jainkoaren deia entzun eta bihotz berritzera jo zuten. Entzutearen, onartzearen eta bihotz berritzearen eredu dugu zati hau. Onar dezagun.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 7, 29-31

Korintoko kristau gaiak hainbat galdera egiten dizkiote Paulo apostoluari. Entzungo dugun zatia, Jainkoaren deiaren aurrean zer egin edo nola erantzun behar den esaten digu. Ez dago denbora galtzerik; nahi duguna eta itxaroten duguna, bizitzen hasi behar gera. Jainkoak leialtasuna eskatzen digu. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Markos 1, 14-20

Entzungo dugun ebanjelio zatian, Jesusen egitekoa agertuko zaigu. Jainkoaren Erreinua hurrean dago eta Erreinu horren partaide izateko, Jesusek bi jarrera eskatzen dizkigu: bihotz berritzea eta sinesmena. Lehen ikasleak, arrantzale bizitza utzi eta giza arrantzale bihurtzen dira. Jesusek egiten du aldaketa hori. Jainkoaren Erreinuko partaide izan nahi dugunok, Jesusek dakarkigun Berri Ona onartzera eta bizitzera deituak gera. Presta gaitezen ebanjelioa onartzeko, zutik aleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

(Uste badugu momentu egokia izan daiteke, PARKAMENA eta BAKEA une honetan ospatzeko. Egiteko era bat eskaintzen da hemen)


- OHARRA

Jainkoak bihotz berritzera dei egin digu. Eta gainera une egokia dela. Hitz horri gure erantzuna ematen saiatuko gera. Gure bihotza aztertuko dugu, damutu beharra sentituko dugu, eta Jainkoaren barkamena eta grazia onartuko dugu.


- ISILTASUNA

(Bakoitzak bere kontzientzia aztertzeko, meza emaileak isiltasunerako deia egiten du)


- GUZTION IZENEAN EGITEN DAN AGERPENA

(Elkarteko bost lagun aurrera hurreratzen dira eta guztion izenean barkamen eskariak egiten dituzte:)

+ Gure bihotz berritzea ez delako osoa eta gure bihotzean beti zerbait okerra gelditzen delako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Jesusi benetan jarraitzeak beldurtu egiten gaituelako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Jainkoaren nahia sakontasunik gabe bizi dugulako eta gizakien zerbitzura egoteko asko falta zaigulako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Osasunak, izen onak, edukitzeak eta gauzak ondo irteteak, Jesukristoren nagusitasunak baino gehiago arduratzen gaituelako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

+ Hirugarren Munduko eta gure inguruko pobreen aurrean, ez arduratzeko aitzakiak bilatzen ditugulako. Erruki Jauna. E/. Erruki Jauna.

Erruki dakigula Jainko Aita-Ama onak, eta gure bekatuak barkaturik eraman gaitzala betiko bizitzara. E/. Amen.


- BEKATUEN ORDAIN LEZ DANOK EGITEN DUGUNA

OTOITZA - AZALPENA: Senideok, Jainkoaren aurrean errudun sentitzen gera eta gure bihotzak aldatzeko prest gaudenean, Berak gure bekatu guztiak barkatzen ditu. Honen ezaugarri bezala, Jainkoaren Hitza duen Irakurgai Liburuaren aurrera hurbilduko gera eta musu bat eman. Hauxe izango da gure bihotz berritzearen konpromisoa.

(Hurreratzen garan bitartean kantu egoki bat abesten da)


- BAKEA

(Guztiak beren lekuetan daudenean, meza emaileak esaten du:)

OTOITZA - AZALPENA: Senideok, Jainkoarekin baketu gara; baketu gaitezen gure artean; bizi gaitezen anaitasunean.

- Jaunaren bakea izan bedi beti zuekin.
E/. Eta zure Espirituarekin.

- Eman diezaiogun elkarri bakea.


JAINKO HERRIAREN OTOITZA

Jesusen Espirituaren argipean, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu munduko eta Elizaren premia batzuk.

1.- Elizaren alde: anaitasun eta bake leku izanez, Jainkoaren Erreinuaren alde beti joka dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gazteen alde: Jainkoaren deia entzun eta apostoluen eredua jarraituz, besteen zerbitzurako bizia eskaintzeko prest egon daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gizarte honetan bazterturik aurkitzen diren pertsona guztien alde: gure solidaritatea bitarteko dela, banatzen gaituen traba guztiak desegin ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Bakearen alde: gure artean bakean bizitzeko, geugan dagoena ipini dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: urduri daudenak lasaituz, gaixoen ondoan egonez eta lotuta daudenak askatuz, Erreinuaren testigu biziak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



SOKA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gazte batek egin dezake. Azalpena egiten duenean, kontsumoaren loturetatik askatzeko gogoa agertuz soka hori ebaki egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, soka honekin kontsumoaz daukagun lotura agertu nahi dizut; baita gure gizarteak saldu nahi dizkigun azaleko baloreak. Aurkezpen honetan soka hau zure aurrean ebaki egiten dut; lotzen eta menperatzen gaituen lotura guztietatik aske bizitzeko konpromisoa eskuratu nahi dugu eta Ebanjelioan agertzen diren baloreak onartu eta bizi. Lagun ezaguzu.


SARE BATZUEN AURKEZPENA

(Katekista edo pertsona heldu batek egiten du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, apostoluak beren eguneroko sareak utzi, eta giza arrantzale egiteko zure jarraitzaile egin ziren. Zure deiari erantzunez, hainbeste gizon emakumeek zure Berri Ona iragartzeko, eta behartsuen alde jokatzeko hartu duten konpromisoaren ezaugarri dira sare hauek. Jauna, guk ere, gure bizitzarekin, ekintzekin eta konpromisoekin zure Berri Onaren iragarle izan nahi dugu. Zurekin kontatzen dugu.


GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta elkartearen izenean, gatzontzi hau dakarkizut; mundua ebanjelizatzen eta eraldatzen guk ere parte hartzen dugunaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gure aurretikoak ebanjelioa iragartzen ihardun zuten bezala, gure mundu honen erdian, aurrean oztopo ugari izan arren, misiolari bezala agertu nahi dugu. Jauna, zure dohain eta laguntza behar dugu gatz hau gezatu ez dadin.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromisoari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera, behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu.

Agurra

Senideok: gure sinesmena ospatu dugu. Jainkoaren hitzak gure bizitzak aldatzera, bihotz berritzera gonbidatu gaitu. Ospatu duguna bizitzera deituak gara. Jainkoaren grazia eta errukia biderako lagun ditugu. Egun on eta kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Hurrean da Jainkoaren Erreinua:
bihotz berritu eta sinestu Berri Ona”




Jesusen ikasle eta jarraitzaile gara. Berarekin aurkitu gara, eta Mesias bezala, Aitaren “Seme kutun” bezala ezagutzeko aukera izan dugu. Berari entzuteko, berarekin bat egiteko deia egin zaigu. Igande honetan Berari entzuteko aukera berri bat dugu; bere Hitzaren bultzada sentitu eta eukaristiako Mahaian indartzeko aukera geureganatu.

Jesusek, bere ageriko bizitzaren hasieran, Jainkoa Aita-Amaren egitasmoa iragartzen du. Baldintza bakarra, zabalik egotea da; eta honek, bizitza eta bihotz berritzea eskatzen du. Horrela agertzen zaigu igande honetako ebanjelioan.

Baina ez da horretan gelditzen. Galileako itsas ertzean zebilela, bere laguntzaileak aukeratzen ditu. Eguneroko lanarekin bizi ziren langileak ditugu. Maisuaren ondoan, bizitzeko beste era bat ikusi eta ikasi zuten eta jarraitu egin zioten.

ZORIONTSUAK BERRI ONAREN MEZULARIAK!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zatozte nirekin eta giza arrantzale egingo zaituztet"

(Mk 1, 17)

 

 


bidean@bidean.net
orue