Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - 1. igandea - 2018.eko Otsailaren 18a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ondo etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: asteazkenean, HAUSTERRE egunean, eman genion hasiera eraberritzeko eta Pazkorako prestatzeko aldi honi. GARIZUMA ALDIAN sartuak gaude. Jesusen jarraitzaileentzat interesgarria eta beharrezkoa da GAUR ere Garizumaren dinamikan sartzea.

Gaur, lehen igande honetan, Jaunaren Hitzak erne jartzen gaitu tentaldiaren arriskuaren aurrean; tentaldia, Jesusen garaietan bezala, benetako arriskua da gaur ere. Inguratzen gaituzten gauzak gero eta gehiago dira tentaldirako bide -komunikabideak, egitura sozialak, lehiakorkeria, boterea eta aberastasunak eskuratzeko grina, etab.-, eragozpenak ditugu, Jainkoarengandik, Jainkoaren Erreinutik aldentzen gaituzten tentaldiak. Tentaldian eror ez gaitezen borrokatzeko, Jaunaren Erreinua onartzen eta eraikitzen lehiatzeko deia egiten digu Jesusek.

Has dezagun gure ospakizun hau eta berak lagun diezagula PAZKORAKO BIDEA pozik egiten. Pazkoa dugu helmuga.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 9, 8-15

Hasierako proiektua hautsi egin da, desoreka etorri da. Baina Jainkoak ez du etsitzen. Horregatik egiten du ituna Noerekin eta horren ondorengoekin: uholdeak ez du berriro lurra suntsituko. Jainkoak beti egin du eta egiten du bere herriaren eta biziaren alde. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Pedro 3, 18-22

Jesusi bizi berria eman zion Jaunaren Espirituaren garaipena gogoratzen digu apostoluak. Espirituaren indarrak darama Jesus gatibuei askatasuna ematera, gaixoei osasuna ematera, etsipenak jotakoei itxaropena aldarrikatzera. Bataioan hartutako indarrez, gu ere, Jesus bezala, Jauna geurekin datorren ziurtasunez jokatzera bidaliak izan gara. Onar dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Markos 1, 12-15

Israelentzat, desertua, aproba, esperientzia eta Jainkoarekin aurkitzeko leku apartekoa izan zen. Jesusentzat ere, desertua, aproba, esperientzia eta Jainko Aitarekin aurkitzeko leku apartekoa izan zen. Desertuko aproba hori gainditu ondoren, Berri Ona iragartzen hasten da, eta bihotz berritzera eta Ebanjelioa onartzera gonbidatzen du. Gonbidapen hori, gaur, Jesusen jarraitzaileontzat dugu. Zutik, bere berba santua entzuteko prestatzen gara.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren seme-alaba izatearen eta sentitzearen konfiantzaz beterik eta Aitaren aurrean etengabeko otoizlari izan zen Jesus Maisuari jarraituz, ager diezazkiogun guk ere Elizaren, gizaki guztien eta gure beharrak.

1.- Elizaren alde: Jainkoaren deiari erantzunez, gizaki guztien aurrean Jaunaren Erreinuaren eta salbamenaren testigu izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztietako gobernuen alde: guztientzat zuzentasun bila beti arituz, pobreenen alde saia daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gerraren, gosearen, gorrotoaren, bidegabekeriaren eta gezurraren ondorioak nozitzen dituztenen alde: horien sufrimenduak esna ditzala gure bihotzak, eta eraman gaitzala elkartasunera. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jainkoaren Erreinua iragartzeko beren biziak egunero eskaini dituzten eta egunero eskaintzen ari direnen alde: gure otoitzaren laguntza senti dezaten eta baita gure hurbiltasuna ere. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jaunaren Espirituari gu taxutzeko aukera emanik, gure bihotzak berri ditzagun eta entzun dezagula maite gaituen Jainkoaren ahotsa. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Garizumako denboraldi honen esan nahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ezberdinak eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Parrokiako pastoral kontseilu buruak egin dezake eskaintza hau edo, horrelakorik ez balego, jende aurrean ondo ikusia den elkarteko kide batek)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen, Jauna; Zeuk eman dizkiguzun Hitza dakarkizut nik, eta liburu edo liburu bilduma honetan agertzen da. Elkarte osoaren izenean egiten dizut eskaintza hau: Garizuman, batez ere, zure Hitza entzutera behartzen da; izan ere, ziur dago Hitz hori dela bere salbamenaren euskarri eta betiko bizitzaren hazi.


HOROSKOPO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko emakume batek egin dezake eskaintza hau. Eta eskaini ere horrela egin dezake: liburu bat, aldizkari eta egunkariren baten agertzen duenen bat, besterik gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Nik gaur horoskopo bat dakarkizut, Jauna. Joko bat bailitzan irakurtzen dugu; baina ondo dakizunez, bera kontsultatzea eta “esoteriko” mundu honekin zerikusia duen guztia ere gure artean modan jarri zaigu. Jende asko itsuan doa bere atzetik, horietan uste ona jarririk, jakinik nahiz ez-jakinez, zure jauntasuna arriskuan jartzen dute. Guk, ostera, gaur hau Zuri eskaintzean, zera agertzen dizugu: ez dagoela Zu besteko Jaunik eta gure bizitzak zure eskuetan daudela.


HAUTESKUNDE PROGRAMA BATEN AURKEZPENA

(Honako hau, politika, sindikatu edo herri ekintzaren baten ekintzaile ari den pertsona batek aurkeztu behar luke; edo bestela, elkarteko edozeinek, beti ere pertsona heldu bat izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Niri dagokit, Jauna, gaur Zuri gure arteko politiko alderdiren baten hauteskunde programa bat aurkeztea. Egia esan, gogorik onenarekin egiten dizugu eskaintza hau; baina argi edukita, ez dagoela honetan ez beste edozeinetan gorderik gure arazo guztien irtenbidea. Hori zure eskuetan dago, eta gu guztion elkarlanean, zure esanetara jarrita. Eta aurtengo Garizuman zure nahia jakin nahi dugu, eta gure bizitzan BIDETZAT hartu.


JANTZI, OGI ETA EDALONTZI BATEN AURKEZPENA

(Bi pertsona artean egin daiteke eskaintza hau;hirugarren batek ezaugarrion esanahia hitzez hitz azaltzen duen artean)

OTOITZA – AZALPENA: Begira, Jauna, bi bizimodu desberdinen ezaugarriak. Jantziarena zera da: guk gizon-emakumeok zer irabaziko eta zer jango dugun arduraren ezaugarria da. Kontua honako hau da: ez garela zoriontsu, gero eta gehiago kontsumitzen eta gauza gehiago pilatzen saiatu arren. Baina ogi hau eta edalontzi hau ere ekarri dizkizugu, Garizumako barauaren ezaugarri. Hona hemen modurik egokiena, zoriontasuna edukitze hutsean ez dagoela agertzeko, norberaren izatean baino, ogia eta ura hain gutxi eta txiki diren bezala.

Bizitzako jokabide hauek elkarren aurrez aurre jartzean, hauxe agertu nahi dizugu, hain zuzen ere Garizumaren hasieran: bihotz berritzeko ditugun gure asmo biziak eskaintzea. Lagun iezaguzu, arren, Zuk Jauna, zure pozaren eraginez, gure salbamen poza dastatzea lor dezagun.

Agurra

Senideok: igande honetako mezuak, Jainkoaren BIDEAK EZAGUTZERA gonbidatzen gaitu. Jesusengandik ikasi gure bidea zein den. Jainkoak zer itxaroten du nigandik? Jaunak gure konfiantza beragan ipintzera gonbidatzen gaitu; gu zoriontsu egingo gaituen bere nahia onartzera.

Eta Jainkoak mundu honen erdian nahi gaitu, tirabiren artean, bere Erreinuaren proiektua zapuzten den lekuan, behartsu eta baztertuen eskubideak gordetzen ez diren gizartean. Jainkoaren Erreinua eta bere Berri Ona iragarri nahi badugu bizi garan unean eta gatazka artean egin behar dugu. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Gizakia ez da ogiz bakarrik bizi,
Jainkoaren ahotik irteten duen hitz guztiz baizik”.




HAUSTERRE egunez Kristau Elkarteak berriro ere BAZKORAKO BIDEA hasi du. Izan ere, Garizuma, Bazko ospakizunaren prestaketa aldia da. Jasoera handiak arduraz prestatu behar dian ezkero, liturgiak aukera hori eskaintzen digu. Hauxe da Jesusen jarraitzaile talde baten abiapuntua.

Bide horretan, Jesusekin batera, berak BIZI eta ESPERIMENTATU zuen prozesu berdina bizitzen ahaleginduko gara: Aitaren aurrean (tentaldiak izan arren) edozertarako prest dagoenaren bidea. Erreinuaren alde eskuzabaltasunez bere bizia ematen duenaren bidea; bere anai-arreba dian gizaki guztiekin solidarizatzen eta zabaltzen den bidea. Hona hemen PAZKORAKO BIDEA.

BIDE zeatz batzuk eskaintzen zaizkigu:

- Otoitza: Aitarengana zabalik eta bere egitasmoa onartzeko prest egoteko;
- Hitza entzutea: “Jesusen antzeko” izateko;
- Gogoeta: Gure sinesmena sakondu eta era berrian bizitzeko;
- Baraua: solidaritatea bizitzeko era bezala.


Honen ondorena: JESUSEN EBANJELIORA BIHURTZEA. Eta hauxe da Garizumako BIDEAREN helburua. Hau lortu ezik, alperrekoak lirateke gure penitentzi eta barauak.

ZORIONEKOA garizumako BIDEA egiteko
gonbidapena onartzen duena:
Horrek ospatu ahal izango du JESUSEN PAZKUA!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Bihotz-berri zaitezte eta sinistu Berri Ona"

(Mk 1, 15)

 

 


bidean@bidean.net
orue