Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 4. igandea - 2018.eko Urtarrilaren 28a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinesmen eta anaitasun batzar honetara. Igandero bezala, Jesukristoren heriotza eta piztuera ospatzeko elkartu gara.

Jesus, Jainkoaren benetako PROFETA bezala aurkeztuko digu Jaunaren Hitzak. Bera da Jainkoaren nahia betetzen duena, gizadiari bere askapen eta bizi egitasmoa agertuz. Horrela agertuko zaigu gaurko ebanjelioan.

Beragan, denok koherenteak izatera deituak gara: bihotzez sinestu, eta sinesten duguna bizitzara eraman. Erronka ederra. Bizitzea tokatu zaigun aldi honetan, Elizak bere indarra, sinesgarritasuna eta izate profetikoa galdu duen sasoian; Jesusen mezuak ere zer esan handirik ez daukan gure kultura eta akaso gure bizitza honetan, Jesus Jaunari begiratuz, Berari jarraitzeko gonbidapena luzatzen zaigu.

Eukaristiaren ospakizun honek, deituak izatearen kontzientzia bizkortu, eta Jesusen mezuak gure bihotzak argi ditzala. Has dezagun.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 18, 15-20

Jainkoak, Moisesen bitartez, herritik irtengo duen benetako profeta bat agintzen du; indar politiko edo erlijiosoarekin zer ikusirik ez daukan profeta bat. Jainkoaren ordezkaria izango da eta bere izenean arituko da. Eta Jainkoak nahi dituen bideak zeintzuk diren jakingo du herriak. Mezu hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 7, 32-35

Paulo apostoluaren garaian, batzuk Jesus Jauna berriro noiz etorriko zain zeuden, eta sinesmen bizitza iluntzen zuen ardura hori kendu nahi die. Apostoluaren esanetan, Erreinuaren maitasunez, bihotz osoz Jaunari zerbitzeko aske sentitzea da helburu nagusiena. Bere gogoeta hau geureganatzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Markos 1, 21-28

Jesus, Kafarnaunen aurkitzen da, eta zapatua denez, sinagogara doa hango ospakizunean parte hartzera: otoitz batzuk egin eta Jainkoaren Hitza aldarrikatu eta azaldu. Jesusek hartzen da hitza, eta Jainkoaren Hitza azaltzen die entzuleei; berari entzun ondoren, aginpidez irakasten duela diote, espiritu lohiak ere bere esanetara jarriz. Berri On hau onartzeko prestatzen gara, zutik aleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Bere seme-alabei entzuteko prest dagoen Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gureak, munduarenak eta Elizaren premia batzuk.

1.- Elizaren alde: lurrean Kristoren egitekoa bete behar duen ezkero, Jesusen mezua berreskuratu, eta hitzekin eta ekintzekin leialtasunez iragar dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako agintarien alde: euren erabaki politikoetan, pertsona guztien Giza Eskubideak kontuan izan ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Bakearen alde: pertsona eta herrien eskubideak zainduz, gure herrian eta munduko herri guztietan egi bihurtzen joan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo, adineko, zapalduta, pobrezian edo lanik ezean aurkitzen direnen alde: euren bizitzetan Jainkoaren presentzia ikusi eta gugan solidaritatea aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garenon alde, gure etxeko eta parroki osoaren alde: Jesusek eskaintzen digun mezua geureganatuz, benetako biziaren eta salbamenaren lekuko izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HAUR MISIOLARIEN KARTELAREN AURKEZPENA

(Haur edo gaztetxo batek egin dezake. Ikusteko lekuan jarri dezala)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur Elizak ospatzen duen HAUR MISIOLARIEN eguna gogoratuz dakarkizut kartel hau. Beronekin gure ebanjelizatzeko gogoa agertzen dizugu. Dohainik hartu dugun fedea ez da ezkutatzeko, besteei argi egiteko baizik. Fedearen alderdi hau gogoan izanez, transmititzeko ahaleginean ez dezagula etsi. Jauna, emazkiguzu kristau bokazioak eta misiolari bokazioak.


KOPA BAT AURKEZTEN DA

(Komunitateko kide batek, edonork, opari hau eskaintzen du: kristalezko kopa garbi-garbia. Elizkizun buruari eman ondoren, hauxe esango du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur, komunitatearen izenean eta gutariko bakoitzaren izenean, kopa garbi hau eskaintzen dizut. Kopa honekin doakizu koherenteak izateko gure nahia, baita fariseismoari uko egitekoa ere.


EBANJELIOEN AURKEZPENA

(Pastoraltzan dabilen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ebanjelioak aurkezterakoan zure Seme Jesu Kristoren dizipulu izaten jarraitzeko dugun gogoa agertzen dizugu. Zure ikasleen liburua dugu. Gure izate osoa haiei loturik dago. Ebanjelioa jarraituz eskaini nahi dugu gure bizitza osoa. Gure bizitzak Jesu Kristonarekin bat egin dezatela; berak osotu ditzala gure hutsak eta berdindu gure zuloak. Gure gogo hau egi bihurtzeko emaguzu indartuko gaituen zure Espiritua.


PITXER BETE URAREN AURKEZPENA

(Ura ikusteko kristalezko pitxarra izan dadila. Elkarteko pertsona batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama: baso bete ur, maitasunez emana, saritua izango dela diosku Jesusek ebanjelioan. Gure artean eta munduan egiten diren maitasun eta anaitasun keinu guztien ezaugarri bezala dakarkizut ur pitxerkada hau; sarritan isilean egindakoak dira. Gure konpromisoa ere hemendik doa: hurbilekoak eta solidarioak izanez, gure bizitza apala elkar banatzen duten andre-gizonak izan nahi dugu. Jauna, zure laguntza behar dugu.


ONTZI BATEN LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: Eukaristiaren amaierara heldu gara. Bakoitza geure etxera, auzora, lanera, atsedenera... goaz. Hemen bizi izan dugunaz koherenteak izanez, gure ingurukoei argi pixka bat eskaintzea eskatzen zaigu. Hauxe da izan ere Jesusen antzera bizi izatea. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Ilunpean bizi izan zen herriak argi itzela ikusi zuen;
argiak distira egin zien heriotzako lurrean
eta itzalpean bizi izan zirenei”





Jesus bataiatu zuten egunean, berari ENTZUTEKO gonbite egin zitzaigun: berari entzuten jarraitzen dugu oraindik. Joan den igandean, Markos ebanjelariak hauxe laburtu zigun: Jesusek Jainkoaren BERRI ONA (hau da, “Jainkoaren Ebanjelioa”) zabaltzen zuela, eta zeregina oso garrantzitsua zelakoan zegoenez, Pedrori, Andresi, Joani eta Jakueri… berari JARRAITZEKO gonbite egin zien eta beraiek… bat-batean, Berarekin joan ziren eta elkarrekin bizi izan ziren.

Gaurko liturgian, Deuteronomio Liburu zaharrak iragartzen zuen PROFETA NAGUSI bezala aurkezten zaigu Jesus. Irakasteko modu berezia du, eta herriko buruzagi erlijiosoengandik bereizten da. Hauxe zioten: “bere ikasbideak harritu zituen jendeak”; eta, gainera, autoritate handiarekin jarduten du: “deabruek ere betetzen dituzte bere esanak”.

Gure bizitzak hitzez, komunikazioz eta irudiz gainezka egon arren, Jesusen HITZAK Jainkoak gugandik nahi duena irakasten digu. Bere Hitzak eta egintzak askatasunez beteak dira beti. Hau dugu Jesusen itxura.

Jesusek, irakasteko eta jarduteko eraz, TALDEA, KOMUNITATEA eta FAMILIA BERRIA lantzen ditu, eta Jainkoaren Erreinuaren adierazgarri nabari egiten du beraiekin. SENIDEON Familia berria dugu. Hortxe gaude geu ere.

Giro honetan, gaur HAUR MISIOLARIEN jaia ospatzen dugu: umeengan pentsaturikoa, baina baita guraso, irakasle, katekista eta hezitzaileengan ere. Gure begiak eta gure bihotzak errealitate hori ikus dezatela da helburua. Eta honek SOLIDARITATERA deitzen gaitu; Jesusen jarraitzaileok, besteekin batera, denok batera goaz aurrera. Jainko Aita-Amaren bizi-proiektua aurrera eramateak gure bizitza konprometitzen du: Berak hasitakoa jarraitu behar dugu bere betetasunera heldu arte.

Zoriontsuak Beren Familiakoak izan nahi dutenak,
zeren SENIDETASUNAREN POZA sentituko baitute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nagusitasunez irakasten zien"

(Mk 1, 22)

 

 


bidean@bidean.net
orue