Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 5. igandea - 2018.eko Otsailaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak, anai arrebak bildurik egiten dugun sinesmen ospakizun honetara.

Hitzaren liturgiak, Jesus, gizadi osoari Aitaren egitasmoa agertzera datorren gure Jaun eta sendagile bezala aurkeztuko digu. Ikusten dakitenak, Jainkoaren egitaraua Jesusengan betetzen dela ikusiko du. Horrela agertuko zaigu ebanjelioan.

Jainko Aita-Amarengandik datorkigun benetako BIZIAREN gozotasuna bizi izan dugunok, besteei eskaini behar diegu; bizi horren premian dagon munduari eskaini behar diogu. Hainbat egoera eta errealitatek agertzen digute premiazko beharrizan hori.

Prestatu gaitezen Jesusengan ematen zaigun Jainkoaren Hitzaren indarra eta errukia onartu eta bizitzeko.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Job, 7, 1-4. 6-7

Pertsona zuzenaren sufrimendua eta heriotzaren zergatia azaldu nahi digu zati honek. Joben hitzetan bizitza, nekez eta ahaleginez beteriko zerbitzu bat da. Bere lagunen samintasun-hitzak ez ditu onartzen eta Jainkoarekin eztabaida gogorrak dauzka. Egoerak eraginda, bizitza laburra dela konturatzen da eta Jainkoagan ipintzen du konfiantza osoa. Entzun dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 9, 16-19. 22-23

Paulo apostoluak bizitzaren gogoeta eginez, bere bokazioa aurkitzen du: Berri Ona iragartzeko agindua hartu du eta horretan ematen du bere bizia. Kristorentzat irabaztearren, makalentzat makal eta denentzat dena emanaz iragartzen du. Ebanjelizatze lan honengatik ez du itxaroten giza saririk. Eta horrek, Jaunaren zerbitzurako aske egiten du. Testigantza hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Markos 1, 29-39

Markosen agertzen digun Jesus, Jainkoak gizadiarekin duen konpromisoarekin bat egiten du. Gizakia, oinaze eta bazterketa egoeratik askatzera dator; gaitzaren aurka egiten du eta gaixotasuna gainditu. Gaurko ebanjelio zatiaren mezua dugu. Bere misioa betetzeko Aitarekin otoitzean bat egiten du. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara, zutik aleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Guk ere Jainkoa Aita-Ama onaren laguntza behar dugu; Berari zuzentzen dizkiogu gizadiaren, Elizaren eta gure premiak.

1.- Munduan Jesukristoren presentzia den Elizaren alde: bere egitekoa Ebanjelioa leialtasunez iragarri eta gizakien zauriak osatzea dela kontuan izan dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako eta erakundeetako ardura daukatenen alde: mundu zuzenago eta solidarioago baten alde joka dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Beren bizitza ahulenen alde eskaini dutenengatik: Jainkoaren indarra lagun izanez, behartsuenen zerbitzura beti bizi daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasun edo baztertua izateagatik sufritzen daudenen alde: gure laguntza eta hurbiltasunean, aurrera egiteko indarra senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garenon alde eta parroki osoaren alde: Jaunak gure norberekerietatik atera gaitzala, eta gure inguruan bakea eta ondo izatea ereiteko konpromisoaz jabetu gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GOSEAREN AURKAKO KANPAINAREN HORMA IRUDIAREN AURKEZPENA

(Gosearen aurkako kanpaina hori prestatzen joateko egiten dugu hau. Karitasen edo beste talde baten konprometituta dabilen batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Muga guztien gainetik dagoen ekintza honek, maitasunaren eta karitatearen unibertsaltasuna agertzen digu. Gosearen aurkako kanpaina honetan parte hartuaz, mugarik ezagutzen ez duen maitasunaren agindu horrekin bat egiten dugu. Gizaki guztiak zure seme-alaba diren ezkero, haiengana hurbiltzeko bide bat dugu ekintza hau.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ongi ikusi nahi izatearen ezaugarria den botika hau dakarkizugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan olioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten zuen antzera egiten jarraitu nahi dugu.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZAREN AURKEZPENA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du. Beharbada, GOSEAREN AURKAKO kanpainaren HORMA IRUDIA aurkeztuz)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


ORIO ARGI BATEN AURKEZPENA

(Otoitz talderik balego, bertako kide batek egiten du. Monja batek, heldu batek...)

OTOITZA – AZALPENA: Jesus Jauna: gaurko ebanjelioan otoitzean ikusi zaitugu, zure Aitarekin batasunean bizitzeko premiazko sentitzen zenuelako. Otoitzera emanak bizi diren taldeak eta pertsonak aurkezten dizkizut: Zurekin egotearen poza eta bakea bizi eta erein dezatela. Otoitz esperientziak egiteko eta bizitzeko aukerak izan ditzagula.


ELKARTEKO BOKAZIO EZBERDINEN AURKEZPENA

(Adibidez: garbitasunean dabilen pertsona batena; senar-emazte batzuena; osasun pastoraltzan dabilen batena; taldeko arduradun batena; erlijioso-a batena... Denen izenean batek egiten du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Gutako bakoitzari eta elkarteari eman diozun gauzarik ederrena dakarkizugu, Jauna: Zugandik hartutako BOKAZIOA. Bakoitzak, geure egitekoa zintzotasunez eta leialtasunez betetzen saiatu nahi dugu. Horretarako zure laguntza eta argitasuna eskatzen dizugu. Jauna, zugan ipintzen dugu gure konfiantza.

Agurra

Senideok: Jainkoaren esperientzia bizitzak ematen digu, batez ere behartsu eta baztertuengana zabalik badago; gizakia benetako gizaki egiten duen zuzentasuna zaintzen badu; anai-arreben ondo izatearen alde jokatzen badu. Goazen geure etxeetara gure beharrizana sentitzen duten guztien anai-arreba garela gogoan izanez. Bizi testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Kristok gure ahultasunak hartu ditu
eta gure gaitzak eraman”




Urtean Zeharreko aldian aurrera goaz: jai handiak ospatu ondoren, hil honen askenetara hasiko dugun GARIZUMA daukagu aurrean. Liturgiak, elkartearen sinesmena, bizitza eta konpromisoa janaritzeko, Kristo Berpiztua bere erdian aurkezten jarraitzen du.

Igande honek, Jesus, Berri Ona argitzen digun PROFETA bezala, eta berak ulertzen duen ebanjelioa jarraitzera gonbidatzen gaituena lez aurkeztu digu. Egun guztia berba egiten egin ondoren, bere bila jarraitzen dute, benetako MAISUA dela sentitzen dutelako. Berak, inguruko auzo eta herrietara ere joan nahi du.

Gaurko ebanjelioaren mezu garrantzitsu bat, BERE AITAREKIN EGOTEKO momentu bereziak hartzen zituela dugu: “goizean goizetik jaiki zen, leku bazter batera joan zen, eta han otoitzean hasi”. Berari jarraitzeko gonbidapena hartu dugunontzat, bere hitza eta bere bizitza da gure bidea. Bere egitasmoa, gure bizitzarako egitasmorik ederrena bezala hartzen dugu.

Igande honetan aukera eder bat dugu Berarekin egoteko, Berari entzuteko, Bere ondoan gure bihotza “berotzeko” eta bere egitaraua berriro ere geureganatzeko.

ZORIONTSUAK BERE IKASLE IZATEA aukeratzen dutenak,
ez die hutsik egingo!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Gaixo asko sendatu zituen era guztietako gaitzetatik"

(Mk 1, 34)

 

 


bidean@bidean.net
orue