Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 1 - 6. igandea - 2018.eko Otsailaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesus Jaun Berbiztuaren OROIPENA ospatzera. Hitzaren eta bizitzako Ogiaren mahai inguruan elkartu gara.

Jesus gure Maisuaren bidean goaz; Berak erakusten digu Jainkoak zer nahi duen eta zer itxaroten duen gugandik; baita horrek dakarren bizitzeko era konkretua ere. Jesus, legenardun batengana hurreratzen ikusiko dugu gaur; gizarte hartan baztertua zen batengana, eta benetako bizia eskainiko dio: gaixotasunaren loturetatik askatu, eta osasuntsu elkartera bihurtuaz bizi berri bat egiteko aukera.

Eta Maisuak honetara gonbidatzen gaitu: gure inguruan eta gure artean dauden trabak kentzera. Eukaristia ospatzeak zuhur egotera eta gure gizarteko baztertuengana hurreratzera bultza gaitzala. Berak garbitu, barkatu eta salbatzen gaituelako, esker onez hartzen dugu parte.

(Giro honetan ospatzen dugu, urtero ESKU ELKARTUAK eratzen duen, GOSEAREN AURKAKO KANPAINA: egoera larrietan aurkitzen diren hainbeste gizakien garrasiak entzun beharra dugu).

Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Lebítarrak 13, 1-2. 44-46

Legenarra (lepra) Israel herrian aitatu ezineko (tabu) gaixoa zen, osasun aldetik kutsakorra, eta bekatu egiteagatik zigor lez hartzen zuten. Horregatik, elkartea ez kutsatzeko, herritik kanpora botatzen zituen. Harremanak debekatuta zeuzkaten. Gizarte hartan bazterketarik handiena zen. Itun Zaharreko aholku batzuk entzungo ditugu.


2. irakurgaia: 1 Korintotarrei 10, 31-11, 1

Jesukristorekin aurkitzeak Pauloren bizitza osoa aldatu zuen; pentsatzeko eta bizitzeko era guztiz aldatu zion. Korintotarrei egindako idazki honetan, bere bizitza jarraibide bezala ematen digu. Kristauok zelan jokatu behar dugun jakiteko, Kristori begiratu behar diogu. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Markos 1, 40-45

Gizarteko jokaerak eta lege erlijiosoak jarritako traba guztiak apurtzen ditu Jesusek. Legenarduna, bizi zela ere hilda zegoen. Jesus errukitu egiten da, bere oinazetan bat egiten du, urrundu gabe hurbildu egiten da, ukitu egiten du, eta Jainkoagandik datorren bizitza berri bat ematen dio. Hona hemen Jesusen mezuaren berezitasuna. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: apaltasunez eta konfiantzaz Jainko Aita-Amagana jotzen dugu gure beharrizanak, Elizarenak eta munduarenak aurkeztuz.

1.- Salbamen sakramentua den Elizaren alde: gure gizarteko andre-gizon baztertuentzat babes leku izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gaur, KRISTAU ALKARTEETAN ardura berezi bat dugu: Esku Elkartuak eratzen duan GOSEAREN AURKAKO kanpaina; zuzengabekeriak eta ezberdintasunak salatuz, beti SOLIDARITATEAREN alde joka dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Agintarien alde: gure gizarteko legenardun berriak kontuan izan ditzaten: etorkinak, presoak, langabetuak, zaharrak, gaixoak...; beren eskubideak zainduz, behar duten laguntza izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Konfiantzan, ontasunean eta maitasunean oinarrituz, eta dutena elkar banatzeko prest egonez, Jesusek iragartzen digun erara biziko diren pertsonak eta taldeak izan ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gosea, bazterketa eta zuzengabekeriaren kontra lanean diharduenen alde: ondoren baikorrak ikusi ez arren, beren eginkizunean aurrera egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

6.- Kristau elkarteen alde: gure gizarteak dauzkan beharrizan guztietan sentiberatasunez joka dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ORIO ARGI IXIOTU BATZUEN AURKEZPENA

(Parrokian lanean dabiltzan batzuk egiten dute. Eurotariko batek irakurtzen du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, olio argi hauek, gure elkarteari ematen dizkiozun dohainen ezaugarri izan nahi dute. Elkartearen onerako erabil ditzagun Zugandik hartu ditugu. Olio argi hauekin geure esker ona agertu eta elkarte batu eta ugariago baten alde lan egiteko konpromisoa agertu nahi dizugu. Bakoitzak bere argia zainduz eta denok bat eginez.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA ERAMATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko etxeko andre batek aurkez dezake. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezen lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dudan tresna dakarkizut baina era berean gure kontsumorako grina agertzen duen tresna da. Jauna, ez gaitezela erori kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituen sasi-baloreetan. Zure argia behar dugu itzarrik egon gaitezen; emaguzu Jesusen espiritua bere antzera bizi izateko.


OGIA ETA PITXER BETE ARDOAREN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona biren artean egiten dute)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure Semeak eman zuen gorputzaren eta isuri zuen odolaren ezaugarri bezala dakarzkizugu ogi eta ardao hauek. Azken afarian batera eskaini zituen, bere Gizakundea heriotzan amaituko zela adieraziz. Gure eskaintza honetan, Jesusen antzera munduan zehar beren bizitza baztertuen alde ematen jarraitzen dutenekin bat egiten dugu.


GARIZUMAKO EGITARAUAREN AURKEZPENA

(Kontseiluko arduradunak egiten du. Horma-irudi handi bat iragarkien tokian jartzeko eta eskura emateko orriak)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: hona hemen gure elkartearen Garizumako egitaraua. Kristau Garizumak bihotz-berritzera deitzen digu. Jauna, emaguzu gure barruan isiltasuna eginez zuri entzutea; Zuk eskatzen diguzuna onartzea; eta zure Seme Jesusi jarraituz Pazkora heltzea. Zurekin kontatzen dugu.

Agurra

Senideok: salbameneko dohainekin indarberriturik, gure gizarteko eta kulturako “lepra” berriak zuztarretik kentzera bidaliak gara. Jaunak BAKEAREN dohaina eman dezagula, pertsonengana hurreratuz eta onartuz, bata besteengandik banatzen gaituen langa eta traba guztiak desegin ditzagun. Kristau testigantzaz beteriko aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Profeta handi bat agertu da gure artean”



Kristau elkarteak Nazareteko Jesusen bidea egiten du: bere izenean elkartzen da, bere presentzia barri ospatzen, bere Hitzarekin betetzeko gogoa agertu eta Jainkoagandik datorkigun indarra hartzeko prestatu. Sinesmendunontzat, Jesusen hitza eta bizitzeko era, gure bizitzarako jarraibidea dugu.

Gaixotasunak berez baztertzen ditu pertsonak; lepra, madarikapen bezala ikusia zen eta legenardunak familia bizitzatik eta giza bizitzatik kanpora gelditzen ziran; beste inor ez egien kutsatu, pertsonaren eskubideak ere galdu egiten zituzten. Benetako bazterketa honen aurrean, Jainkoaren JARRERA eta Jesusen ekintza agertzen digu gaurko liturgiak.

Igande honetako mezua, askatasun eta bizi berri baten testuinguruan ulertu behar dugu. Jesus bera “zikindu” egiten da, gaixoarengana hurbiltzen da, eta Jainko Aita-Amagandik hartzen dugun biziaren dohaina eskaintzen dio; lege eta errito guztien gainetik dagoen bere hurbiltasuna agertzen dio. Jainkoaren maitasuna, giza eta kultura baldintza guztien gainetik dago.

A zer nolako irakatsia guretzat! Hain erraz eta edozergatik pertsonak baztertzen ditugu! Hau da gure mundua! Jesusen “ESKOLARA” hurbildu beharra daukagu. Gure munduak, eskola horretan ikasi duten gizon emakume berri eta solidarioak behar ditu.

Zoriontsuak Jesusen berritasuna onartzen dutenak,
gure munduarentzat BEDEINKAPENA izango dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nahi baduzu, garbi nazakezu"

(Mk 1, 40)

 

 


bidean@bidean.net
orue