Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - HAUSTERRE EGUNA - 2018.eko Otsailaren 14a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Arratsaldeon eta ongi etorriak!

Senideok: gaurko ospakizunarekin GARIZUMARI hasiera ematen diogu. Berrogei egun dauzkagu aurrean. Gure bizitza eta historia guztia ukituta utzi dituen Jesusen Piztuera, bere Pazkoa prestatzeko egunak ditugu.

Gizakiok arrisku artean bizi gara beti salbamenaren zain. Sinesmendun lez, BIDE BAT egiten dugu; sinesmen horrek diosku Jainkoarekin bat egiten dugunean gure bihotzak atsedena hartuko duela. Bitartean, eguneroko gorabeherak itxaropenez bizi ditugu.

Ibiltari jarrerarekin ematen diogu hasiera GARIZUMARI. Nazareteko Jesusek aurkeztuko digun Jainkoaren BARRITASUNARI zabaldu diezazkiogun geure bihotzak.

Aldarria

Bataiatuak izan garenok,
Espirituaren ahotsa entzun dugunok,
Jainko biziaren errebelazioa onartu dugunok,
bere seme-alaba garela konturatu garenok,
beldur barik desertuan sartu gaitezen
eta bizkor ibili!

Garizuma datorren eta badoan denbora da,
ibiliz bizitzeko aldia,
kokatu barik, geratu barik, negar barik,
itxaropena pil-pilean
eta Pazkoa helmugan.

Uste onez sartu gaitezen Garizuman,
borrokarako prest, enbarazu gutxirekin, burua argi,
gure barruak gozotasun eta errukiz beterik,
oinetako egokiak,
eta norberarekin eroapen handikoak izanaz.

Espirituaren haize finak kulunkatu gaitzala;
gure bihotza Jainkoaren taupadak
eta zapalduen deiadarrak entzuteko eran ipini dezagun;
desertuko ameskerietan erori gabe
bizitzako ur bizietara hurbildu gaitezen.

Menditik eguneroko bizitzara jaitsi gaitezen,
beldur barik eta misterioz beterik.
Eliza biziak ez ditzagun zikindu,
Nikodemoren antzera bilatu dezagun gauez,
eta beste grekoen antzera,
Jesus eta bere Erreinuari buruz
bateri eta besteari galdetu diezaiegun,
mundua den soro eder honetan
bere hazia erein dezagun.

Izarrik eta erne bizi dezagun Garizuma,
elkarte lez Jesusi begiratuz,
sinesmenez, itxaropenez eta maitasunez.
Aprobetxatu dezagun aukera hau!

Ulibarri, Fl.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Joel 2, 12-18

Uzta galduta eta soroak erreta ikusten ditu Joel profetak. Israelen leialtasun ezak dakar ondoren hau. Horregatik, profetak bihotz-berritzera gonbidatzen du herria. Berak Jainkoaren barkamena bizi izan du eta esperientzia hori kontatzen dio herriari. Bihotz-berritzea, benetan Jainkoagana bihurtzea da. Onar dezagun profetaren gogoeta hau, guretzako ere dei bikaina da-ta.


2. irakurgaia: 2 Korintiarrei 5, 20 – 6, 2

Paulo apostoluak, Jesukristoren bitartez, Jainkoarekin adiskidetzeko diosku, Jainkoagana bihurtzeko. Horretarako grazi eta salbamen aldia dugu oraingoa. Adiskidetzeak bizitzeko era barri bat dakar. Utzi diezaiogun Jainkoari bere errukizko maitasunez gure barrua lantzen. Onar dezagun apostoluaren gonbitea.


Ebanjelioa: Mateo 6, 1-6. 16-18

Mateo ebanjelariak bide hau proposatzen digu: Jesusek Aitaganako bidea egiterakoan eduki zuen Espiritua geureganatzea. Limosna, otoitza eta baraua ez da nahikoa hitzez-hitz betetzea; gutxiago oraindik Jainkoa irabazteko. Egunero otoitz egiteak; baztertuekin zuzentasunez eta esku-zabaltasunez jokatzeak; premiazkoa denok eduki dezagun, zerbait norberak uzteak… hara hor bidea! Entzun dezagun ebanjelioko mezua.

Jainko herriaren otoitza

: : . . . - E R R A U T S A -- J A R T Z E A - . . . : :



BEDEINKAPEN otoitza

Jauna, zuk heriotza barik bizia maite duzu;
gu galtzea barik, gu bihotz-berritzea bilatzen duzu.
Bekatuak gure bizitzan utzitako errautsetan,
zure maitasunak bakarrik isiotu dezaken sua aurkitzen
lagundu ezaguzu, Jauna.

Bedeinkatu, Jauna,
gure buruetan jarriko dugun errauts hau;
Espirituaren arnasak
sartu dagiala gure bihotzetan BIZI BERRIA,
eta egunen baten bere osotasunean gozatu dezagula,
zure Seme Jesukristo berpiztuaren bitartez,
Zurekin eta Espiritu Santuarekin batean
Jainko eta errege bizi bai da gizaldi eta gizaldietan. E./ AMEN.


JAUNGOIKO HERRIAREN OTOITZA

Bihotz-berritzea Jainkoaren dohaina dugu. Elizaren alde, munduaren alde, elkartearen alde eta geure alde otoitz egiten dugu, entzungo gaituan Jainko Aita-Amarengan gure konfiantza osoa jarriaz..

1.- Elizaren alde: Jainkoaren barkamenaren, graziaren eta errukiaren ezaugarri izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Guda, gose edo gaixotasunaren ondorenak sufritzen daudenen alde: Garizuma aldi hau eurentzat ere grazi eta salbamen aldia izan dadin eta gure hurbiltasuna eta solidaritatea ere sentitu diezaien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau elkarte guztien alde: Jaunak, mundu honen erdian, bere Erreinuaren ezaugarri biziak izatera deitzen dituela konturatu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Pazkoaren itxaropenak eta osotasunean bizitzearen pozak, Jesus Maisu eta Jaunaren jarraitzaile zintzoak egin gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Pazkorako bideari hasiera emateko otoitzean elkartu garan guztion alde: grazi eta salbamen aldi hau pozez eta sakontasunez bizi dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Garizumako denboraldi honen esan nahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ezberdinak eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BILTZEN DEN DIRUAREN AURKEZPENA

(Diru biltze hau BAT-BATEKOA izango da; helburua ez da dirua biltzea, Garizumako limosnaren zentzua aurkitzea baino. Honek azalpen bat behar du eta ondoren egin diru-biltzea. Batzar buruari eraman eta hurrengo hau esan dezake:)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: gaur bildu dugun diru hau Karitaseri emango diegu; ebanjelioak eskatzen digun limosnaren ezaugarritxo bat baino ez da. Gure penitentziak kaltegarri barik bizigarri izan nahi du. Behartsuenak zerbait gozatu dezatela gure laguntzarekin.


OTOITZ ETA ESKARI LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Otoitz talderen baten dagonak edo Liturgia animatzaile den batek aurkeztu dezake. Liburua Patxi Loidiren “ITSASORATZEN” izan daiteke, edo besteren bat. Hurrengo azalpena ematen du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zurekin bat eginda bizitzera gonbidatzen gaituzu; benetan zure seme-alaba egiten gaituan eta gure bizitza osoa hartzen duan OTOITZ sakona egitera gonbidatzen gaituzu. Liburu hau eskaintzerakoan, Garizuman zehar berarekin otoitz egiteko konpromezua agertzen dizugu; Zurekin eta anai-arrebekin ditugun harremanak hobeagotzeko lagungarri lez hartzen dugu. Garizumaren hasiera honetan hartu egizu gure eskaintza apal hau.


JANTZI ZAHAR BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko emakume batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen dakarkizut, Jauna, jantzi zahar hau. Beronekin Garizuma zer den irudikatu nahi dugu: gure izate zaharra utzi, zure Seme Jesukristoren Piztueraren berritasunez janzteko. Gaur egungo loturetatik ere aske sentitu nahi dugu; adibidez, modaren loturatik. Zure Semea Jaun bakar lez hartu gura dugunon askatasun ezaugarri lez egiten dugu eskaintza hau.

Agurra

Senideok: Garizuma bidea zabalik dago. Gure bihotza elikatzeko eta berriztatzeko dugun graziazko aldi hau ez dezagun alperrik galdu. Gure bihotz-berritze bide honetan onartu eta estutu dezagun Jainkoak luzatzen digun eskua. Txikiak eta bekatariak gara baina Jaunaren Eguna, bere Pazkoa ospatu gura dugu. Garizumako IBILBIDE zoriontsua! Pazko egunean Jesus Berpiztuarekin BAT EGITEAREN poza izan dezagula!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Barau egitean, igurtzi usaingozoz burua eta garbitu aurpegia"

(Mt 6, 17)

 

 


bidean@bidean.net
orue