Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - JOSE SANTUA, Birjinaren senarra - 2018.eko Martxoaren 19a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak Eukaristiaren ospakizun honetara.

Senideok: Elizak Jose santuaren festaburua ospatzen du. Garizuma barruan kokatzen den jaia. Xeraz hurbiltzen gara Jose santuarengana eta, zalantzarik gabe, Jainkoaren salbamen misterioaz gogoeta egiten laguntzen digu. Santu honi buruz oso gutxi dakigula ere, hauxe esan genezake: bere santutasunaren handia, fedean, Jainkoarekiko duen hurbiltasunean dagoela, maitasunez eta zerbitzuzko hurbiltasuna.

Munduko altxorrik handienak zaindu behar zituen. Jainko Aitaren esku babeslea Joserekin zebilela esan dezakegu. Joseren eskuak adeitsua eta sendoa izan behar zuen, zerbitzaria eta askatzailea. Berak babestu behar zuen Maria, hain babesik gabe eta ahula, edozer esamesen arriskuan zegoena; berak zaindu Haurra, hain ahul eta hain aurrean erabilia. Horregatik, ez da harritzekoa hainbeste elkartetan eta lekutan, hainbat gauzaren eta etxeren babesle jarria izatea.

Ospakizun honek lagun diezagula Jose santuaren apaltasuna eta xalotasuna aurkitzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. Irakurgaia: 2 Samuel 7, 4-5a. 12-14a. 16

Entzun dezagun lehenengo irakurgaia. Jaunaren jauretxea eraikitzea pentsatu zuen Dabid erregeak. Jainkoak, ordea, profetaren bidez, eman zion erantzuna: Dabidek ez zuen eraikiko jauretxea; baina Jaunak erreinua betirako finkatuko duen ondorengoaren agintzaria egin zion. Jose da Jesus Dabiden ondorengo egiten duen historiako kate-maila. Entzun dezagun.


2. Irakurgaia: Erromatarrei 4, 13. 16-18. 22

Sinesmendunok, Abrahan dugu gure aita eta ondoren datozen belaunaldi guztien asaba. Abrahanen sinesmenean oinarriturik historia irakurtzeko proposamena egiten digu Paulo apostoluak. Abrahanek, Jainkoaren Hitza sinistu eta onartu zuen. Horregatik, Jainkoagan sinestu eta fidatzen diren guztien eredu dugu Abrahan; Jose santua ere hortxe dugu. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Mateo 1, 16. 18-21. 24a

Mateo ebanjelariaren arabera, Jainkoak, bere salbamen proiektuan parte hartzeko eskatzen dio Joseri. Agintzariak bete zitezen, Dabiden jatorriko familiaren eta Jesusen artekoen zubi izateko eskatzen dio. Jainkoaren proposamena onartuz, bere zerbitzura jartzen da Jose. Gogoeta hau entzuteko prestatzen gara, zutik "AINTZA JESUS" abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren seme-alaba izateak eta sentitzeak ematen digun konfidantzaz, eta, Jesusen erakutsiak eraginda, hain sarritan Aita-Amaren aurrean egonaz, aurkeztu diezazkiogun gure beharrak, bai Elizarenak eta bai gizaki guztionak.

1.- Lagun eta babes ezazu, Jauna, zure Eliza: aska ezazu banaketatik eta haz dadila xalotasunean eta apaltasunean, Jainkoaren familia bezala; pertsona guztien zerbitzari izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Lagun eta babes itzazu, Jauna, behartsuak eta babesik gabeak: guztiok onar dezagula horien duintasuna eta defenda ditzagula horien eskubideak. Egin gaitzazu, Jauna, baztertuen hurbileko. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Lagun eta babes itzazu, Jauna, besteen eskubideen alde borrokatzen diren gizon eta emakume guztiak: senti dezatela beren babesle Jose santuaren indarra eta laguntza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Lagun eta babes itzazu, Jauna, gurasoak eta hezitzaileak: haurrak eta gazteak hezi ditzatela kristau balioetan eta etsipenak ez ditzala har zailtasunen aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Lagun eta babes itzazu, Jauna, apaizgorako prestatzen ari diren gazteak eta horien hezitzaileak: besteenganako maitasunetik eta zerbitzutik, bizi dezatela Jose santuaren espiritua. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

6.- Lagun eta babes itzazu, Jauna, gure Elkarteak, gure familiak: xalotasun eta apaltasunetik, bizi ditzatela batasuna eta senidetasuna, eta jakin dezatela hurbiltzen zaizkienak onartzen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



AROZTEGIKO ERREMINTA BATEN AURKEZPENA

(Edozein erreminta izan daiteke. Pertsona heldu batek edo arotzen bat balego berak egitea ondo legoke).

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, San Jose egun honetan, bere lana gogoratuz, aroztegiko erreminta hau dakarkizut. Bere familia zaindu eta aurrera ateratzeko egiten duen lana eta duen jarrera azpimarratu nahi dugu. Jauna, San Jose zaindari dugula, gogoan izan dezagula lana besteen onerako egin behar dugula eta ez norbera aberasteko bakarrik.


EZKONTZAKO ERAZTUN BATEN AURKEZPENA

(Ezkonduta dagoen edozein pertsonak (gizonak) egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, San Jose egun honetan nik nire ezkontzako eraztun hau aurkezten dizut. Nire emaztearekin, familia bat sortzeko bizitza guztirako eman nuen baietzaren eta leialtasunaren seinale da. Ezkontzako sakramentuaren konpromezua gogoratuz, aita guztien izenean eskaintzen dizut. Jauna, gure konpromezua pozez eta denbora eskainiz bete ditzagun, bizkortu egizu gugan sakramentuaren eragina.


HAZI BATZUEN AURKEZPENA

(Gari garauez beteriko kristalezko ontzi baten egiten da. Emakume batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, San Jose egun honetan gari hazi hauek aurkezten dizkizut. Zeugandik hartu ditugu eta euren garapena ere Zeuk zaindu eta babestu ditzazula eskatzen dizugu. Bizidun guztiak bere heldutasunera heltzeko zure laguntza behar du. Gure eta gure gazteen bihotzetan erein egizu zure Eliza zerbitzera eroango gaituen hazi ona. Kristau elkarte guztiak izan dezatela laguntzaileren bat!


ONTZI BATEN BARRUKO LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko ekintzaile batek egin behar du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik legamiaz beteriko ontzi hau dakarkizut. Ore kantitate handia aldatzeko gai da legamia. Ekintzaile gisa egiten dizut eskaintza hau, eta zure Seme Jesu Kristoren aldeko nire testigantza inolaz ere errazten ez didan mundu arerio baten erdian ditudan borroken irudi gisa. Ekintzaile izatearen eragozpenek ez dezatela bultza atzerantz egitera sinesmenik duen bat ere. Hori eskatzen dizut. Eta gehi itzazu zeure ekintzaileak, Elizak beharrezkoak baititu, berau hesi itxia izan ez dadin.

Agurra

Senideok: Jaun berberak gonbidatu gaitu bere Hitzaren otordura eta Eukaristiako mahaira. Ospakizun honetan parte hartuz, San Jose eguna pozik ospatu dugun guztiok Jaunaren babesa eta laguntza izan dezagula. San Joseri begiratuz apaltasunean eta otzantasunean bizi gaitezela. Aitaren egun zoriontsua! Familiako jai zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Bai dohatsu, zure etxean bizi direnak,
beti Zu goresten dabiltzanak”




Garizumako bidean geldiune bat eginez, gure artean sustrai sakonak dituen SAN JOSEREN festaburua ospatzen dugu. Gure sinesmenaren irudi eder hau kontenplatuz, poztu gaitezen eta jai egin dezagun.

Jai honetako mezu nagusia hauxe dugu: Jose santuak Jainkoaren Hitza sinestu zuen, fidatu zen eta Jainkoak bere herriarekin zituen promesak bete zitezen parte hartu zuen. Esateko erreza baina mezu sakona. Horregatik, sinesmenaren EREDU lez aurkezten zaigu guztioi, eta Kristau Elkarteak Eliza osoaren ZAINDARI izendatu zuen.

Giro honetan, Kristau Elkarte ezberdinetan, esangura sakona duten ospakizunak ditugu: ELIZBARRUTIKO MISIOEN Eguna, SEMINARIO Eguna... Beste herrialde batzuk ere Jainkoaren AGINTZARIEN berri eduki dezaten Ebanjelizatze lanarekin konprometituta jarraitzen dugu.

KRISTAU GUZTIOK MISIOLARI!
Zu eta ni ere deituak eta bidaliak gara!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez izan beldurrik Maria zeure emaztetzat hartzeko"

(Mt 1, 20)

 

 


bidean@bidean.net
orue