Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 6. igandea - 2020.eko Otsailaren 16a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak. Jesus, gure Maisuak, Hitzaren eta Ogiaren mahaira gonbidatzen gaitu.

Maisuaren LORRATZAK jarraitzen ditugu. ZORIONTASUNEN mendian aurkitzen gara; hortik, Jesusek, jarraipenerako bidea eta bere EGITARAUA eskaintzen digu.

Gaur Itun Zaharreko irakatsiak gogoan izanaz, Jesusek bere proposamenaren BERRITASUNA eskainiko digu. Eskaintza horretan, lehengoa, hobetua edo gainditua gelditzen da. Ezin diogu “betikoari” eutsi. Berak iragartzen duan BIZIAREN JAINKOA onartzeko, zerbait gehiago behar da. Hortxe dago Ebanjelioa Barri On lez hartzeko gakoa.

Guzti hau bakez eta gozotasunez ospatzeko prestatzen gara. Ospakizunari hasiera ematen diogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ben Siraken liburutik 15, 15-20

Ben Sirá deritzon jakintsu baten gogoeta entzungo dugu. Gizakia, bizitzan aukerak egiteko askea dela esango digu. Ona eta txarra, bizia eta heriotza aurrean dituen aukerak dira. Ondo aukeratzerako, Jainkoaren aginduak argi egiten die. Askatasuna ederra da baina arriskua ere bai. Jakintsu honen gogoeta entzungo dugu.


2. irakurgaia: 1 Korintokoei 2, 6-10

Paulo apostoluak, JAKITURIARI buruz berba egiten die Korintoko kristauei; giza jakituria (jakintzetan oinarritua) eta jainkozko jakituria (Jainkoaren errebelazio lez). Apostolua bigarren honekin gelditzen da, misteriotsua izan arren, Espirituaren laguntzaz, Jainkoaren bihotza ezagutu genezakeelako. Gogoeta esanguratsua. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Mateo 5, 17-37

Mendiko hitzaldian kokatzen da gaurko zatia ere. Zoriontasunak iragarri ondoren, joan zen igandean argi eta gatz izateko eskatzen zigun; GAUR legea betetzera datorrela esango digu Jesusek: aurreko guztiak Beragan zentzua eta sakontasuna aurkitzen dutela. Maisuari entzuteko eta bere irakatsia onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Senideok: Kristoren Espiritua gizadian sartzen joan dadin, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure otoitzak.

1.- Jesusen elkartea den Elizaren alde: Barri Ona askatasunez iragartzeko eragozpenak gainditurik, munduaren erdian anaitasun, berdintasun, zuzentasun eta bake ezaugarri izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Agintarien alde: egoera soziala, kultura eta erlijioa kontuan izanez, guztien onerako eta zuzentasunez jokatu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure herriko eta munduko hainbat herrietako BAKEAREN alde: gogorkeria baztertuz, pertsona eta ideiak errespetatzen dituen elkarrizketari bideak zabaldu ditzagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaizki aurkitzen direlako, bizitzeko gogo gabe bizi direnen alde; Jesusen berbak askatasun iturri izan daitezen, eta gugan hurbiltasuna eta berotasuna aurkitu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartu garenon alde: Jesusen benetako jarraitzaileak izan gaitezen eta gure bizi testigutzaz, askatasun, zuzentasun eta bake Erreinuaren ezaugarri izan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



HARKAITZ (HARRI) BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, harri honekin, gure babes eta indar Zeu zaitugula agertu nahi dizugu. Zeu bakarrik. Jauna, munduko tentaldien aurrean, zabal egizuz gure begiak eta bihotzeko belarriak, ez gaitezen nahastuta geratu. Zure Seme Jesusekin batera egin nahi dugu gure bidea, Pazkoa ere Berarekin batera gozatzeko.


EGUNEROKOAK EROSTEKO PLAZARA ERAMATEN DAN POLTSAREN AURKEZPENA

(Elkarteko etxeko andre batek aurkez dezake. Kontsumokeriaren ezaugarri izan daiteke. Ez gaitezen lokartu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, egunero behar dudan tresna dakarkizut baina era berean gure kontsumorako grina agertzen duen tresna da. Jauna, ez gaitezela erori kontsumoaren sareetan, ezta mundu honek bultzatzen dituen sasi-baloreetan. Zure argia behar dugu itzarrik egon gaitezen; emaguzu Jesusen espiritua bere antzera bizi izateko.


EGUNKARIA AURKEZTEA

(Ofizioko batek edo herri mailan agirian ari den elkarteko batek edo eguneroko jazoerak ondo jarraitzen dituen batek, aurkeztu behar lezake eskaintza hau)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik, gaur, egunkari hau dakarkizut. Gaur jazotzen denaren islada da. Gure ondoan eta gugandik urrun gertatzen dena, nahiz eta beste batzuei jazo edo gertatu. Berri ematea hain ugaria denez, ez gaitu kezkatzen, jakitunek diotenez. Egunkari hau eskaintzerakoan, konpromezu hau hartzen dut, denen izenean: albisteen eta eurak bizi dituzten edo jasaten dituzten gizon-emakumeen bihotzera begiratuko dugula orain zer gertatzen den irakurtzen dugunean. Eta Zuk ez gaitzazu utzi gure bihotz gogorkerian. Ireki itzazu gure bihotzak elkartasunera.


BIBLIA AURKEZTEA

(Ez dugu gaur lehenengoz aurkezten. Oraingo honetan, elkarteko apalenetariko batek egin dezala aholkatzen dugu)

OTOITZA – AZALPENA: Nik, Jauna, Biblia dakarkizut, guretzat idatzitako zure Hitza. Eta, eskaini berri dizugun egunkariaren beste aldetzat jotzen dut. Horrekin batera, Zeuri entzuteko beti gertu egotea eskaintzen dizut. Baina ez zeure Hitzaren bidez bakarrik, baita egunkariak islatzen dituen jazoeren eta gertaeren bitartez ere bai. Zu, Jauna, ez zaitez behin ere isilik geratu. Eutsi zure Hitza zuzentzeari. Bera da gure bizitzak argitzen dituen argia. Baina ez ahaztu gure bihotzak ukitzea, Zeuk zuzentzen diguzun Hitzari behin ere itxi ez dakizkion.

Agurra

Senideok: gure jokaera kristautasun erosoa eta logikoa bilatzea da; baina Jesusek beste mezu bat aurkeztu digu, bizitzeko beste era bat eta Jainkoaren beste irudi bat. Jaunaren Hitzari adi egon bagara, konturatuko ginen Jainkoak zer nahi duan, eta kristau lez non kokatu behar garan: zelan aurkitu poza eta bakea, eta zelan bizi osotasunez Maisuaren proposamena. Ea geurea egiten dugun berak aurkezten diguna. Jainkoaren Erreinua iragarriz, aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua Zu, Aita, zeru-lurren Jauna,
zure Erreinuko misterioak jende apalari erakutsi dizkiozu eta”




Jainkoaren Erreinua egi bihurtzen joateko, Jesusek bere ikasleei eta gu guztioi bere irakatsi zehatzak ematen dizkigu (hauxe dugu azken igandetako mezua).

Gaur Jesusek, Sinain sinatutako Lege zaharraren aurrean ikasleak nolako jarrera izan behar duan agertu digu: Lege hark, gizakiaren askatasuna zaintzen zuen eta Jainkoaren borondatea agertu: gizakiak onartu edo baztertu zezakeen. Orain agertokia beste bat da: Jesus ZORIONTASUNEN Mendian aurkitzen da eta Bera da Lege berria ematen duana: EBANJELIOA. Hemen aurkitzen da Jesusen berritasuna; Berak deitzen dion “Abba-Aita” Jainko berberaren izenean egiten duana eta gauzatu gura duana.

Jesusek ez du desegiten Lege zaharra baina lehenean ere ez du uzten. Bera betetasuna ematera etorri da, eta mundu honen erdian Jainkoaren egitasmoa egi bihurtzen joan dadin gure heldutasuna eta erantzukizuna eskatzen dizkigu. “Gutxiengoaz” ez da konformatzen eta gehiengoa eskatzen digu: azkenera arte EMATEA.

ZORIONTSUAK KOHERENTZIAN bizitzen ahalegintzen direnak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nik hau diozuet"

(Mt 5, 22)

 

 


bidean@bidean.net
orue