Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 1 - 5. igandea - 2020.eko Otsailaren 09a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak Eukaristiaren ospakizunera. Jesus Jaunak deitzen gaitu eta bere aholkuak ematen jarraitzaileoi.

Bere Hitza onartzeko prestatuko gara. Gaur entzungo dugu: “Munduko argia zarete”. Fededunok ZERBITZU baterako deituak gara; dugun misioak bere jarraitzaile egiten gaitu.

Baina gaurko fededunoi zail egiten zaigu konpromezua eta otoitza lotzea, liturgia eta bizitza, sinesmena eta ekintza. Kontrako bidetik goaz, zail egiten zaigu, ez da erreza; gura dugu, baina eragozpen ugari aurkitzen ditugu: denbora, arineketa, azaleko bizia…

Mundu honetan ARGI eta GATZ izatera deitzen digu Jesusek; gure zerbitzuak hori agertu dezala; anai-arreben premietara bihotza zabalik izan dezagula.

Giro honetan ospatzen dugu, urtero ESKU ELKARTUAK eratzen duen, GOSEAREN AURKAKO KANPAINA: egoera larrietan aurkitzen diren hainbeste gizakien garrasiak entzun beharra dugu.

Sinesmen bilera hau hasten dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Isaias 58, 7-10

Israel herria eliza nagusia eraikitzen dabil eta azaleko kultuaz arduratzen da. Isaias profetak esango die, kultua eta ekintza, liturgia eta bizitza, otoitza eta karitatea lotuta joan behar direla. Orduan dena zentzuz beteko da eta Jainkoak euren erreguak entzungo ditu. Gaur egun ere baliokoak ditugu profetaren hitzak. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 2, 1-5

Paulo apostoluak korintoarren aurrean bere testigantza eskaintzen du. Ez giza jakiturian baizik eta Jaunagan dugun fedean eta kristauontzat bizi iturri bihurtu den gurutzearen misterioan oinarritzea nahi du bere entzuleen fedea. Entzun dezagun bere gogoeta.


Ebanjelioa: Mateo 5, 13-16

ZORIONTASUNAK entzun ondoren, Jesusek gaur bizitzako adibide bigaz agertzen digu bere irakatsia. Ebanjelioaren iragarpena aukera bat da; inoiz ere ez zerbait behartua. Sinesmena kontagiatuz transmititzen da. Horregatik epela denean, balio ez duan gatza edo argirik ez duan argi bihurtzen da. Jesusen proposamena onartzeko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Bere hitzak argiturik, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gizadiaren alde egiten ditugun otoitzak.

1.- Elizaren alde: Jaunagana bihurturik, munduko ARGI izan dadin eta hainbeste nora ezen erdian, bizitzan eta historian Jainkoa aurkitzeko bide izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gertatzen diren eta gainezka egiten gaituen gauzen aurrean, ilusioa galdu duten kristauen alde: zure Hitza entzunez, munduaren erdian ARGIA izateko deia geureganatu dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gaur, KRISTAU ALKARTEETAN ardura berezi bat dugu: Esku Elkartuak eratzen duan GOSEAREN AURKAKO kanpaina; zuzengabekeriak eta ezberdintasunak salatuz, beti SOLIDARITATEAREN alde joka dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Zuzentasunaren alde jokatzen duten pertsona eta taldeen alde: naiz eta aurrean erabiliak izan, Jesusengan indarra aurkitu dezaten eta gugan behar duten laguntza. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Kristau elkarteen alde eta gure familien alde: bizi garan lekuan gatz eta argi izan gaitezen; gugana hurreratzen diren pertsona guztiak onartzen jakin dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egingo du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berpiztuaren ezaugarri den kandela piztu hau dakarkizut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristauak, elkarte bizietan. Gure elkartean egiaz bizitzeko eta elkar banatzeko gogoa eskaintzen dizugu lehenengo, eta baita, bigarren, elkartetik irten eta, geure hitzen eta bizitzaren bitartez, zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa ere. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


GATZONTZI BETE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona konprometitu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, mundua eraldatze ahaleginaren eta gure ebanjelizatze lanaren ezaugarri bezala dakarkizut gatzontzi hau. Historian zehar beste testigu asko bezala, guk ere gure oztopoak gainditu, eta zure Ebanjelioaren testigu izan nahi dugu mundu honen erdian. Gatza gezatu eta indar gabe geldi ez dadin, zure laguntza eta grazia eskatzen dizkizugu.


OLIO ONTZIAREN AURKEZPENA

(Hauxe da Parrokiako Karitas taldean lanean ari den kide batek edo besteen beharrei erantzuten ari den batek aurkeztutako olio ontzi honekin azaldu nahi duguna: maitasunaren bitartez mundua eraldatzeko dugun erantzukizuna)

OTOITZA – AZALPENA: Nik olioz betetako ontzi hau dakarkizut. Gizon-emakumeen norberekeriak bihurritutako eta kaltetutako mundu honen zauriak sendatzeko konpromezuaren irudia dugu. Honako hau nahi dugu, Jauna: premia dagoen tokian egon gaitezela zure ikasleak, mundu honi eta gizon-emakumeei beti lagunduz, zure presentzi pozgarria izateko.


HIRUGARREN MUNDUKO ESKAINTZAREN AURKEZPENA

(Gazte batek edo GKE-ONGko kide batek egiten du. Beharbada, gaur ospatzen den GOSEAREN AURKAKO kanpainaren HORMA IRUDIA aurkeztuz)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zure bihotza erdibitzen duen munduko sufrimendu bat aurkezten dizut. Hirugarren Munduko gosea, gabezia eta garapen-eza. Munduko pobreekin kezkatuta bizi diren Lehen Munduko pertsona askoren itxaropen hazi batzuk ere aurkezten dizkizut; gizartea eta mundua aldatzearen alde egingo dugun pertsonak gehitzen joan gaitezela.


KATEKESI LUBURU BATEN AURKEZPENA

(Ikasleak misiora bidaltzea irudikatu nahi dugu elkarteko katekesi liburu hau eskaintzeko zeinu honekin. Bidezkoa denez, katekista batek egin behar du aurkezpena)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna: zure ikasleak misiora bidaltzen dituzunen antzera, elkarteko gure katekesiaren testu hau dakarkizut. Umeek (gazteek edo helduek) zure Seme Jesu Kristorekin topo egitearen esperientzia izan dezaten erabiltzen dugun metodoa da. Baina, horrela, elkartearen eta katekista bakoitzaren ebanjelizatzeko konpromezua adierazi nahi dugu. Izan ere, Jesusi buruz dugun jakituria bakarrik emateaz gain, dugun fedearen gure esperientzia ematen ere saiatzen gara.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran Jesusek berriro ere diosku: “Lurreko gatza eta munduko argia zarete”. Jainkoak egiten digun gonbidapena da. Eukaristian indar berriturik, kristau epelak barik, mundu honen erdian, gure familietan eta auzoan, bere testigutza eskainiko duten kristauak izatera deituak gara. Jainkoa gurekin fidatzen da; poztu eta izan gaitezen bere testigu.

Egun honetarako gogoeta

“Munduaren argia naiz,
nire atzetik datorrenak bizirako argia izango du”




Igande honetako mezua esaldi batekin honela esango genuke: “KOHERENTZIAZ IBILTZEKO ADOREA”. Horrelako zerbait eskatzen dizkigute igande honetako irakurgaiek.

Joan zen egunean, Jesusek Zoriontasunak aldarrikatuz, egoera horrekin jabetzeko EGITASMO bat eskaini zigun. Eta hori gauzatu egin behar da; berak nahi duana, geurea egin eta gure bizitza ukitu dezala.

Bere proposamena: KOHERENTZIA. Hau da, besteei eskaintzen diezuna norberak bizi. Zelan eskatu besteei (seme-alaba edo auzoko, edo...) geuk ez duguna bizi? Kristau koherentziak ekintzekin iragartzea eskatzen digu. Horrela ez bada indarra eta zentzua galduko du. Sarritan gertatzen da geuk bizi ez duguna geure seme-alabei bizi erazi nahi diegula.

Gure mugak eta koherentzia faltak aitortzeko ordua ez ote da? Hori eginez, “gozotzen” duan GATZA BIHURTUKO gara, edo besteen bizia argitzen duan ARGIA. Jesusek nahi duan zeruko AITA-AMAREN AURPEGIA eskaintzeko bidea, horixe dugu. Jesusek egin digun eskaintza-proposamen horren aurrean ez dago beste irakurketarik.

Zoriontsuak BANATZEAREN alde jokatzen dutenak,
Berri Onak sortzen duan poza sentiduko dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Zuek zarete munduarentzat gatza... Zuek zarete munduarentzat argia"

(Mt 5, 13. 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue