Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - 2. igandea - 2018.eko Otsailaren 25a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorri sinesmen eta senide arteko topaketa hontara.

Garizumako bigarren igande honek, Jesusen antzaldatzearen ispiluan, gure bizitzaren misterio sakona erakutsi nahi digu. Irteera eta bilaketa etengabea da gure bizitza. Norbait ari zaigu gure barrutik atera eta gure “orain” hau arriskatzera bultzaka. Utzi egin behar ditugu galtzen gaituzten ziurtasunak, berriro abiatzeko.

Norbait hori Jainkoa, gure Aita dugu, fedearen abentura bizitzera dei egiten diguna; bere aurpegiaren distira begiestera gonbidatzen gaituena. Garizuma honetan ireki ditzagula ongi gure bihotzeko begiak, Jaunaren Hitza aditzeko, bide berezi baten berri eskainiko digulako.

Ospakizun honetan Jainkoak atzeman gaitzala “mendira” igotzean; Jesusek lilura gaitzala, nahiz eta hitzak ulertezinak eta haren bideak aldrebesak iruditu. Bidean jarri eta behin eta berriro entzun dezagula: “Hauxe dut nire Seme maitea. Entzun Berari”. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 22, 1-2. 9-13. 15-18

Kontaketa zahar bat entzungo dugu. Abrahanek, lur bat, herri bat eta seme baten agintzaria hartzen du eta bidean jartzen da. Gizakiak, bekatu eginez, Jainkoarekin apurtu zuen elkarrizketa berreskuratzen du Abrahanen bitartez. Sinestedunen aita dugun Abrahanek, Jainkoaren proposamena onartzen du, agintzaria sinistu, Jainkoagan konfiantza ipini eta bide berria hasten du. Testigantza ederra.


2. irakurgaia: Erromatarrei 8, 3b-34

Paulo apostoluaren gogoeta bat entzungo dugu. Idazki hau, sinesmenean eta salbamen historian sakontzeko lagungarri dugu. Gu guztiongatik bizia eman zuen Seme maitea dugu ondasun guztien iturri. Bere Semea eta bere bizi-mezua onartzen dutenekin dago Jainkoa. Gure sinesmena argitzen duan mezu hau onartzen dugu.


Ebanjelioa: Markos 9, 2-10

Jesusen Antzaldatzea kontatuko digu ebanjelioak; hiru ikasleak, ikusten dutenarekin zurtz eginda geratzen dira. Orain arte ikusi dutena baino askoz ere handiagoa da Jesus; kontenplatzen dauden misterioaren aurrean, isilean gelditzen dira, baina Seme maiteari “ENTZUTEKO” agindua ere hartzen dute. Guk ere gonbidapen berdina dugu. Onar dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Semeagan seme-alaba garela jakiteak ematen digun ziurtasunez, gure Aita-Ama dugun Jaunagana jasotzen ditugu gure eskariak otoitz giro beroan..

1.- Jainkoak onar ditzala Elizaren sufrimenduak, uxa ditzala haren beldurrak, eta pozez eta alaitasunez bete ditzala, itxaropena bizturik, senideak, lasaitu eta poz daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Mundu zuzenagoaren eta solidarioagoaren alde lanean ari diren hainbat gizaseme eta emakumeren alde: Jainkoak bedeinka ditzala bidean etsiak ez hartzeko eta Jaunaren argiak argi ditzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jainkoak bedeinka ditzala beren bizitzak otoitzari emanak bizi direnak: eguneroko bizitzan Jainkoaren Erreinuaren begibistako testigu izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunak argi ditzala gure bizitzak bere maitasunez, eta ireki gaitezela Harengana, hura onartzeko, Hark argi gaitzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jaunak itxaropenez bete ditzala gure Parrokiako Elkartean sufritzen, zalantzatan, beldurrez bizi direnak: senti dezatela Jainkoaren hurbiltasuna, eta behartsuentzat, gu argia izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Garizumako denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen dugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu
.


ARGIONTZI BIZTU BATEN AURKEZPENA

(Eskaintza hau Elkarteko ekintzaile batek egin dezake, edo politikan, sindikatuan edo herri ekintzaren baten esku-hartzen duen Elkarteko pertsona heldu batek. Argiontzia mahai-buruari emango dio, eta horrek aldareko mahai gainean utziko du, ondoren horrela jarraituz)

OTOITZA – AZALPENA: Gaur argiontzi piztu hau dakarkizut, Jauna, zure Semearen antzaldatzea ospatzen dugun igande honetan. Argi hau Jesu Kristoren ezaugarria da. Aurretiaz bere piztuera adierazten duen argi motela da. Mundua eraldatzeko egintzan, nire eta Elizaren borroka hau, erakusgarri izatea nahi dut. Zure Seme Jesu Kristori jarraituz egin nahi dugu, eta azkena Zuk zeure Erreinuan oparituko diguzula jakinik.


GURUTZE BATEN AURKEZPENA

(Alkarteko gaixo edo adineko batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA –AZALPENA: Nik, Jauna, Gurutzetxo hauxe dakarkizut, gaixotasunaren eta munduan honegatik edo hagatik sufritzen dutenen adierazgarri bezala. Nire ustea hau da: Zu zure Seme Jesu Kristoren Gurutzearekin bat egina hartzen duzula, munduaren salbamena haren bidez heldu zaigula sinesturik; izan ere, horixe duzu opari atsegingarri bakarra. Lagun iezadazu, Jauna, honi buruz gero eta gehiago jabetzen: Gurutzea dela bizitzaren ernamuin bakarra, eta zure Semearekin elkar banatzea itxaroten dugu. Gaixoen pozezko testigantzaren bidez, erakuts iezaguzu osasuntsuei gurutzea zein beharrezko den antzaldatze osorako.


ELKARTEKO ERRETIRO baten edo BIBLIARI BURUZKO IKASTARO baten erabilitako GAIEN TXOSTENAREN AURKEZPENA

(Elkarteko ekintzaile kide batek aurkeztuko du erretiroko edo ikastaroko gaien karpeta hau)

OTOITZA – AZALPENA: Gure Jaun eta Jainko, Zuk zeure Seme maiteari begiratzera eta gogoz entzutera gonbidatzen gaituzu. Benetan nahi dugu, Jauna. Hori dela-eta, gure Elkarteko azken ERRETIROKO (edo Bibliari buruzko ikastaroko) langaiak aurkezten dizkizugu. Hobeto ezagutzen lagundu digu, baina hasitako bidean jarraitu beharra dugu. Garizuma honetan ere horixe egiteko konpromisoa hartzen dugu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko kide batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Komunikabideetan batez ere gure entzumena eskatzen duen irrati hau aurkezten dizut, Jauna. Baina gaur, zure HITZAREN entzule garela agertu nahi dizut; zure eskakizunetara adi egon nahi dugu. Joan Zure deiei zabalik egon nahi dugu.

Agurra

Senideok: Garizumako igande honetako Eukaristia bukatzen gaude. Ospakizun honetan, Jaungoiko Aita Berberak erakutsi digu bere Seme “maitea” bezala, guk Berari “entzun” beharra dugula. Ahalegindu gara eta saiatuko gara, bere argiaren distira izanaz, gure bizilagunen eta munduaren erdian. Hola balitz! Aste on eta kristau testigantza on!

Egun honetarako gogoeta

“Hodei distiratsutik Aitaren ahotsa entzun zen:
«Hau da nire Semea, nire Maitea; entzuiozue»”




Aurreko igandean “irteerako” agindua eman zitzaigun: GARIZUMA hasten genuen. Eta BAZKOrako bidean jarri ginen. Eta hori Jesus Beraren urratsei jarraituz egitea proposatzen zitzaigun; hain zuzen, Berak ere sentitu zuen zalantzaren tentaldia, nekaldiarena, aginpidearena, errazegi egitearena... Baina Berak tentaldiak menderatu zituen. Berari jarraitzeak zera dakar: horrelako egoeretan nola irabazten den ziurtasuna. Berak jarraitutako bidea hauxe da:

- “Aitaren aurrean, prestasunezko bidea”.
- Aitaren Erreinuaren aldeko "buru eskaintza eta esku zabaltasunezko bidea".
- Bere anaia-arrebekin izan beharreko "elkartasunezko bidea".


Bigarren igande honetako erakutsia honako hau da: Jesusekin ZUZENEKO HARREMANA dela aldaketa hori egiteko bide bakarra. Ebanjelioa oso zehatza da: “HARI ENTZUTEA” beharrezkoa da, bere deiak harrapatzen uztea, Abrahanekin eta Apostoluekin gertatu zen bezalaxe (lehenengo irakurgaian eta Ebanjelioan). Horrela ezingo gaitu ezerk Kristoren maitasunetik aldendu (bigarren irakurgaian).

Mezu ederra igande honek eskaintzen diguna. Hala ere, argi erakutsi digu, Jesusekiko topaketa honek, harekin batera GURUTZEA dakarrela: Gurutzerik eta heriotzarik gabe, ez dagoela piztuerarik; ez, ez dagoela aintzarik, nekaldirik gabe.

Zorionekoak Berarekin TOPO EGITEN dutenak!
Ongi ibili PAZKURANTZ bidean!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Hauxe dut neure Seme maitea. Entzun berari!"

(Mk 9,7)

 

 


bidean@bidean.net
orue