Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 11. igandea - 2018.eko Ekainaren 17a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak anaiarteko ospakizun honetara, Bizitzaren Jainkoarekin topaketa gozora!

Gure kristau fedearen JAI HANDIAK ospatu ondoren, Jesus Maisuaren urratsei jarraitzera gonbidatzen gaitu liturgiak; jakin badakigulako Jesus dela bide bakarra, bai Jainkoarekin topo egiteko, eta baita Hark eskaintzen dizkigun dohain laguntzak hartzeko ere. Aitarekin dugun topaketa honetan, aurkituko dugu eta esperimentatuko dugu, gaur entzungo dugun testu ebanjelikoaren arabera, Jesusek guregan eta gure munduan erein duen eta hazten den HAZIAREN poz neurrigabea.

Sinesmen eta anaitasun batzar honetan guzti hau ospatu nahi dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Ezekiel 17, 22-24

Ezekiel profeta, Kristo aurreko VI mendean, erbestean egon zen bere herriarekin. Orain, erbesteratuei komunikatzen diete Jainkoak dituen salbamen planak eta, aberrira itzultzeko daukaten gogoa zaintzeko eskatu, Itunari leialak izanez. Profetak hizkuntza poetikoa darabil, Jainkoaren plan hori adierazteko. Entzun dezagun profezia hau.


2. irakurgaia: 2 Korintotarrei 5, 6-10

Paulo apostoluak kristau elkartearen bizitza eta elkarte horretan apostoluak duen ministerio eta zereginari buruzko gogoetekin jarraitzen du. Egun batzuetan, Jaunagandik erbesteratuak sentitu gintezkeela diosku. Baina Paulok, Jainkoagan konfiantza izatera gonbidatzen gaitu. Bere testigantza entzuten dugu.


Ebanjelioa: Markos 4, 26-34

Markos ebanjelariak, gaurko zatian parabola bi eskaintzen dizkigu. Ereiten den hazia, erne eta hazten doa eta hazirik txikiena arbola ederra bihurtzen da. Jainkoaren Erreinua ere horrela dela esango digu Jesusek. Hori bai, bere jarraitzailea konprometituta dago Erreinuarekin. Ebanjelioaren proposamenak entzuteko prestatzen gara, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen jarraitzaile lez, gure konfiantza Jainko Aita-Amagan jartzen dugu eta berari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Elizaren alde: Harengan benetan bizirik eta presente dagoen Jesu Kristogan sinets dezan, eta, horrela, Jainkoaren aurpegia argi eta garbiago erakuts dezan gizakien aurrean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Erantzukizun publikoak dituztenen alde eta nazioetako arduradunen alde: euren indarrak, bakearen alde eta pertsona guztien duintasunaren alde jar ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Eguneroko borrokari eta bizitza berari zentzun bila dabiltzanen alde: Jesusen berritasuna onartzen dugunok, Jainko Erreinuaren alde egunero jokatu behar dugula aurki dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasunagatik, goseagatik baztertuta sentitzen delako edo bakardadeagatik edo etorkizun ilunagatik sufritzen daudenen alde: pertsona errukiorren laguntza eta Jainko Beraren elkartasuna senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Geure elkarteko eta Elizbarrutiko elkarte guztien alde: anaitasunaren esperientziak itxaropenez bizitzera eta geure sinesmen testigantza adorez ematera eraman gaitzala. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta elkartearen ibilbiderako lagungarritzat eskaintzen ditugu zeinu hauek.

Mesedez: inork ez dezala pentsa, horrela egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAHATSONDO ZATI BATEN AURKEZPENA

(Toki batzuetan ez da erraza izango; beste edozein enbor izan daiteke. Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Elkartearen izenean, enbor hau dakarkizut, Jauna; Elizaren sinboloa da: Zuk landatutako, zaindutako eta hesiz inguratutako mahasti berria da. Badakigu maitasunez eman diguzula. Badakigu baita ere gure erantzukizunaren zain zaudela. Zure laguntza eta indarra behar ditugu zure hitza eta gurariak bete ditzagun. Eliza honek, Zuk nahi dituzun maitasunezko eta zuzentasunezko fruitu ugari eman ditzala.


HAITZ HARRI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona nagusi batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, haitz harri honekin, Zeu zaitugula gure harkaitza eta babesa aitortzen dugu. Ebanjelioan entzuten dugun bezala Jesus den harkaitz gainean eraiki nahi dugu gure bizitza. Inguratzen gaituen tentaldien aurrean, lagun iezaguzu, Jauna, begiak zabalik eta bihotza adi edukitzen.


EBANJELIOEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona nagusi batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Hona hemen ebanjelioak, Jesukristoren Berri ona. Gure bizitzak zuzentzeko oinarri sendoa; hortxe agertzen da zer egin behar dugun, norengana hurbildu behar garan, nori eskaini gure laguntza, nola egin otoitz eta zer den Jainkoaren nahia betetzea. Jauna, ebanjelioak ez irakurri bakarrik, bizitzan egi bihurtzen lagun iezaguzu.


IRRATI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsonak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Irratia, ia denok daukagun aparatua dugu; pertsonak entzumena behar dute, eguneroko albisteekin bat egiteko. Entzumena behar dugu baita ere Jainkoaren Hitza entzuteko; hitz horren gainean eraiki nahi dugu gure bizitza. Zure Hitzak, Jauna, argi dezala gure bizitza.

Agurra

Anai-arrebok: Jauna gure artean egotearen poza bizi izan dugu. Eukaristiak, Jesu Kristo eguneroko bizitzan gure ondoan dugula gogoratzen digu, Beragan eta bere salbamenean dugun itxaropena sendotuz. Elkar onartuz bizi gara, Jainkoa gurekin dagoela dakigulako, eta lurrean hazten den haziaren antzera, azken garaipena ziurtatzen digulako. Lanean gogoz jarraitzeko, har dezagun Jainkoaren bedeinkazioa

Egun honetarako gogoeta

“Hazia Jainkoaren Hitza da,
ereilea Kristo,
aurkitzen duenak betiko bizia izango du”





Bukatu ditugu gure kristau fedearen JAI HAUNDIAK (Aste Santua, Pazkoa, Mendekostea, Hirutasun Santua, Korpus) eta igande honek Nazareteko Jesus Maisuaren jarraibidean jartzen gaitu, bere ESKOLAKOAK izan gaitezen, eta aurkitzen duguna, eguneroko bizitzan heltzen eta sakontzen joan gaitezen.

Eta, GAUR ere, ezustekoarekin aurkitzen gara: Jesusen arabera, Jainkoak “txikia dena”, “ziape-ale” bat zen lez aukeratzen du, arbola orritsua bihurtuz, txoriak, inongo beldur gabe euren habiak egin ditzaten. Ezustekoa gertatzen da, JAINKOAREN ERREINUA horrela dela dioskunean. Lurrean jausten den HAZIA da, erne eta zelan jakin gabe, gauza handia eta ederra egiten eta fruituak ematen dituena.

Historian zehar, Jainkoak, itxura baten GAUZA HANDIAK lortzeko egokienak ez diren pertsonak aukeratzen ditu, eta bere laguntzarekin lortzen dituenak. Hau da, arbola ederra ematen zuen lehengo Israel sikatu zen, eta Jainkoak, Jesusengan, munduaren azkeneraino helduko den kimu BERRI bat sortu zuen.

Galileako arrantzale talde apal hura, ingurukoen arabera ezer ez zena, Espirituaren eraginez, bere hitzekin eta bizitza emanez, munduari Jesusen BARRI ONA iragarri zion. Harrezkero Jainkoren Erreinua martxan dago. Jainkoak berak erne eta helarazi zuen, baina Berak, Erreinu hori AGERIKOA eta NABARIA izan dadin pertsona apalekin kontatzen jarraitzen du.

Gaur zeregin honetarako DEITZEN jarraitzen du. GU ere GONBIDATUTA gaude. Kontua, bere proposamenetara irekita egotea da. Anai-arreba, zelan sentitzen gara aukera honen aurrean?

ZORIONTSUAK Erreinuaren HAZIAN sinesten dutenak,
Jainkoa bere ALTXORRA izango delako!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Jainkoaren Erreinua, lurrean hazia ereiten duen gizonaren antzekoa da"

(Mk 4, 26)

 

 


bidean@bidean.net
orue