Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 31. igandea - 2018.eko Azaroaren 04a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak sinesmen eta anaitasun bilera honetara. Jainko Aita-Amak, Jesus, Jaun Berpiztuaren inguruan biltzen gaitu.

Zer da beharrezkoena kristau bizitzan, behin baino gehiagotan galdetzen dugu. Bizitzak agertzen digu, giza oinazearen arrazoirik nagusiena, MAITASUN FALTA DELA; indarkeriak, gaixotasunak edo antzerakoak sortzen dutenen gainetik.

Igande honetako liturgian, Jesusek oinarrizko gauza bat gogoraziko digu: biziaren zentzua Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzean dagoela. Txikitatik buruz dakiguna baina egi bihurtzea kostatzen zaiguna.

Jesusen Espirituak gure bihotzak ireki eta kristau izatearen poza ospatzera eta bizitzera eroan gaitzala.

Hasi gaitezen… abestuz.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Deuteronomioa 6, 2-9

Irakurgai honetan, lege guztiak batu eta osotzen duen lege bakarra agertuko zaigu: maitatu egizu zure Jainkoa. Hortxe dago bizia, ondo-izatea eta salbamena. Judutarrak egunean hiru aldiz esaten zuen otoitza entzungo dugu. Bihotz onez onartu dezagun gogoeta hau.


2. irakurgaia: Hebertarrei 7, 23-28

Hebertarrei egindako idazki honek Kristoren apaizgoa agertzen digu. Kristo, bere bizia eskainiaz, benetako eta betiko apaiz bakarra dugu. Entzun dezagun idazle sakratuaren testigantza.


Ebanjelioa: Markos 12, 28b-34

Jesusek, idazlarien harropuzkeria sarritan salatzen du, baina gaurkoan eurotariko bat onartuko du eta Jainkoaren Erreinutik hur dagoela aitortuko. Hori bai: Jainkoa eta lagun hurkoa maitasunaren aurpegi biak dira. Eta hau, ez buruz baizikan bihotzez bete behar dela. Presta gaitezen ebanjelioa entzuteko, zutik ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoa maitatzeak, lagun hurkoa maitatzera eroan behar gaituela kontuan izanez, zuzen diezazkiogun gure eskariak Jainko Aita-Amari.

1.- Munduan zabaldurik dagoen Jesusen Elizaren alde: hitzez eta egitez Jaunaganako eta gizon-emakume guztienganako maitasuna iragarri dezan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Mundu guztiko eta gure herrietako agintarien alde: giza desberdintasunak alboratuz, benetako zuzentasunaren alde joka dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Borondate oneko pertsona guztien alde: gorroto eta banaketa guztien gainetik, anaitasun eta solidaritatearen alde lan egin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo, ezindu, elbarritu, langabetu eta edozein arrazoirengatik sufritzen daudenen alde: itxaropena ez dezaten galdu, eta behar duten solidaritatea eta maitasuna gugan aurkitu dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Hemen elkartu garenon eta elkarte osoaren alde: Jaunaren Hitza geure barnean hausnartuz, lagun hurkoak maitasunez tratatzera eraman gaitzan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KOADERNO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Pertsona batzuk beraien barreneko gauzen egunkaria egiten dute. Horren ezaugarri bezala dakarkizut, Jauna, koaderno hau. Zuk ongi ezagutzen duzu; zuretzat ez dago ezer ezkuturik. Berarekin, nire gogoa eta ezina eskaini nahi dizkizut: zure Semearen benetako jarraitzaile izan edo betiko sinesmen lasaian bizi. Zure Semearen benetako jarraitzaile izateko gogoa eskaintzen dizut eta horretarako behar dudan laguntza eta indarra eskatu.


MIKROFONO BATEN AURKEZPENA

(Parrokian giza mailan edo Karitas taldean lana egiten duen batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Pobreen eta ahots gabekoen negarrak eta eskabideak sarritan ez ditugu entzuten, Jauna. Haien egoera txarrak salatzea eta haien duintasuna zaintzea eta errespetatzea da gure konpromisoa. Haien ahotsa entzuten ez denez, guk izan nahi dugu ahots hori; mikrofonoa horren ezaugarria da.


LORA TXORTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko gizon heldu batek egiten du eta ondoren altara gainean utzi daiteke)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: egun hauetan gure aurretik Erreinura joan diren hildakoak gogora ditugu. Norbanakoen eta elkartearen sinesmenaren ezaugarri lez dakarzkigu lora hauek. Sinesmena, zugandik hartu dugun dohain eder bat dugu eta pozik gaude. Lora hauen usaia bezalakoa izan dadila gure sinesmenaren usaia. Eurekin batera, har itzazu gure hildako guztien biziak.


LITURGIAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Liturgian laguntzen eta arduratzen direnen aurkezpena egiten dugu gaur. Zerbait idatzita eroan ezkero, hobeto. Gero, jendeari banatu edo bestela denok irakurtzeko tokian utzi)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: zure Semearen bidez, zure izenean elkartzeko deia egiten diguzu. Sarri elkartzen gara zure izenean. Ospakizunak ahal diren ondoen prestatzen ahalegintzen gara. Gure helburua, ospakizunean elkartzen garenok Zurekin bat egitea da. Onartu eta zuzendu egizu gure lan apala. Gure zeregina aurrera eroateko konpromisoa eskaintzen dizugu. Eskerrik asko gurekin kontatzearren.

Agurra

Anai-arrebok: Jainkoa goratzeko eta Jesukristogan agertzen zaigun salbamena ospatzeko elkartu gera. Bera jarraitzeko gogoaz gure eguneroko bizitzara goaz. Hortxe ahalegindu behar gera egi bihurtzen Jainkoaganako eta anai-arrebenganako dugun maitasuna. Horretarako har dezagun Beragandik zetorkigun bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Ni maite nuenak beteko du nire hitza,
Nire Aitak maiteko du eta berarengana etorriko gera.”




Maisuak elkartea lantzen jarraitzen du; Erreinua bere aukera guztiekin iragarri eta egi bihurtzen joateko, pertsonak prestatzen jarraitzen du Jesusek; berak hasitako Misioa jarraituko dutenak. Eginkizun horretan ez inork ezta ezerk ere ez du geldituko Jesus, Jainko Aita-Amaren proiektu berbera jarraitzen duelako.

Gaur egun ere galdetzen dugu: zer da behinena kristau bizitzan. Esperientziak hurrengo hau agertzen digu: oinazearen arrazoirik nagusienak ez direla ez gaixotasunak, ez gerrak eta era askotako indarkeriak, ezta beste antzerako gauzak ere, MAITASUN FALTA baizik. Jesusen arabera horregatik da hain garrantzizkoa, bizitzan oinarrizkoa dena zaintzea: Jainkoa eta lagun hurkoa maitatu (gaurko ebanjelioa).

Bigarren mailako hainbeste gauzari lehentasuna ematen diegunean, behinena baztertu edo ahaztu eta lelokeri askorekin arduratzen da gure bihotza. Benetan merezi duten gauzetarako ez dugu hartzen astirik. Pertsona askorentzat eta egoera konkretuetan, aitzakiak ugaritu egiten dira.

Jainkoa eta lagun hurkoa maitatzea agindu bat baino gehiago da; ERREGALU HAUNDI BAT DA, denak ez dutelako Jainkoa ezagutzeko eta maitatzeko aukera. Hil honetan era berezi baten gure hildakoak gogoratzen ditugu; eurak ere Jesusek agertzen digun maitasunaren testigu izan dira; igande honetan, era bitako maitasun horren jarraipena egiteko konbidapena luzatzen zaigu.

Egunen baten ia guk ere Jesusen hitz berberak entzuten ditugun: “Ez zaude urruti Jainkoaren Erreinutik”.

Zoriontsuak, JESUSENGAN
euren bizitzarako ARGIA aurkitzen dutenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Maita ezazu Jauna… eta lagun hurkoa zeure burua bezala"

(Mk 12, 30-31)

 

 


bidean@bidean.net
orue