Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 17. igandea - 2019.eko Uztailaren 28a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak guztiok.

Senideok: Jesu Kristo gure Jaunaren Hitzaren eta Mahaiaren inguruan elkartuta gaude.

Oporraldian ere Jesus gure Maisuak, elkarte bezala biltzen gaitu berak dauzkan gauza garrantzitsuak guri eskaintzeko eta irakasteko. Gure bizitza, zentzu orokorrean hartuta, gastatzen doa. Elikatu beharra daukagu gorputzak erantzun dezan; gure sinesmena, gure espiritua ere elikatu ezean moteldu egiten da.

Gaurko liturgi ospakizunean, gure bizitzak indar berritzeko Jesusek euskarri sendo bat eskainiko digu: seme-alaba bezala konfidantza osoz Aita-Amari zuzenduriko OTOITZA; Jesusek berak bizi eta egiten zuen bezala.

Otoitz giroan ospa dezagula kristauon batzar santua. Has gaitezen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 18, 20-32

Bi hiriren alde Abrahanek egiten duen otoitza eskaintzen digu irakurgai honek; Jainkoa eta bere lagunaren arteko elkarrizketa dirudi. Jainkoaren adiskidetasuna bizi eta bere nahia onartzeko prest gaudenean, otoitzak besterik gabe irteten du. Horrela bizi du aitalehen sinesmendunak. Onar dezagun, bihotz onez, hemen agertzen zaiguna.


2. irakurgaia: Kolosarrei 2, 12-14

Bataioak Kristorekin bat egiten gaitu; sinesmenduna bekatuaren heriotzatik Jainkoaren maitasun bizitza osora igarotzen da, horrela diosku Paulok. Gure zeregina bizitza berri hori ondoren guztiekin bizitzea da. Entzun dezagun apostoluaren gogoeta.


Ebanjelioa: Lukas 11, 1-13

Jesusek bere ikasleei otoitz egiten irakasten die. Ebanjelioetan argi dago Jesusek otoitz egiten zuela eta otoitz egiten irakatsi. Kontuan edukitzekoa: bere otoitz egiteko erak ez zeukan zer ikusirik beste maisuak irakasten zutenarekin. Bere irakatsia guztiz berria da: seme-alaben konfiantzaz hurbil gaitezke Jainkoarengana. Horren adibide ederra entzungo dugu oraintxe.

Jainko herriaren otoitza

Jesusen etsenplua jarraituz, konfidantza guztiz Jainko Aita-Amagana jotzen dugu, gure otoitzak eta premiak aurkeztuz.

1.- Elizaren alde: elkarte abegikorra izanez eta pertsona guztiak errespetatuz, anaitasunezko erreinuaren ezaugarri bizia izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gu guztiok Jainkoa, gizaki guztion Aita-Ama bezala ikus dezagun, eta gizakiak Aita-Ama bakarraren seme-alaba. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Mundu honetan aginpidea daukatenek, herrien arteko adiskidetasun eta batasunaren alde joka dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jesusen Espirituak bultzaturik, handikeriazko gogoak gaindi ditzagun, eta Jainkoak nahi duen senide-maitasuna nagusitu dadin gure artean. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garen guztion alde: eguneroko zereginak eta otoitza lotuz, gure ekintza guztiak doakotasun ukitua izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



OTOITZ ETA ESKARI LIBURU BATEN AURKEZPENA

(Otoitz talderen baten dagonak edo Liturgia animatzaile den batek aurkeztu dezake. Liburua Patxi Loidiren “ITSASORATZEN” izan daiteke, edo besteren bat. Hurrengo azalpena ematen du:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, zurekin bat eginda bizitzera gonbidatzen gaituzu; benetan zure seme-alaba egiten gaituan eta gure bizitza osoa hartzen duan OTOITZ sakona egitera gonbidatzen gaituzu. Liburu hau eskaintzerakoan, berarekin otoitz egiteko konpromisoa agertzen dizugu; Zurekin eta anai-arrebekin ditugun harremanak hobeagotzeko lagungarri lez hartzen dugu. Hartu egizu gure eskaintza apal hau.


ERROSARIO BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko adineko batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, herriko otoitz errazaren ezaugarri den arrosarioa dakarkizut. Gehien bat eskola gutxiko eta pertsona nagusiak erabiltzen dugu otoitz egiteko era hau, baina gaur ebanjelioan entzundako era konkretu bezala aurkezten dizut. Bakarrean, eliz-elkartean eta Eliza osoan egiten den otoitz hau, bihotzez onartzeko eskatzen dizut.


BIBLIA BATEN AURKEZPENA

(Ez da lehenbiziko aldiz egiten duguna. Otoitz talde edo arduradunik balego, ongi legoke bertako kide batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Biblia hau dakarkizut, Jauna; hemen dago guretzat idatzitako zure Hitza. Zuri entzuteko beti prest gaudela agertu nahi dizut. Jauna, ez zaitez inoiz ere isildu. Bidal iezaiguzu gure bizitzak argitzen dituen zure Hitza. Eta uki itzazu gure bihotzak, zure Hitzetara beti zabalik egon daitezen.


ARGIAREN AURKEZPENA

(Ongi legoke bataio pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen elkartuta gauden guztion izenean aurkezten dizut argi hau. Bataioko ezaugarria eta bertan hartu genuen konpromisoaren oroigarria dugu. Zure Seme berpiztuak piztu zuen eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta hitzekin munduko iluntasunak argitzera bidaltzen gaitu. Zaindu ezazu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezen.

Agurra

Jainkoari Abba, aita, aitatxo deitu genezaioken kristau batzarra ospatu dugu; hori guretzat benetako erregaloa da. Hemen sortzen den ANAITASUNAREN testigu izatera deituak gaude; gure munduak behar du eta eskertuko digu nahiz eta sarritan kontra egin. “Seme-alaben” eta “neba-arreben” testigutza zoriontsua eman diezaigula!

Egun honetarako gogoeta

“Seme-alabatzako espiritua hartu duzue”
eta Horrek hots eginarazten dizue: Abba!, Aita!”




Jainkoaren Hitzaren mezua gaurkotasunez beterik daukagu igande honetan; mintzen gaituen tokian sartzen du behatza. Sinesmendun askoren arazoa izan da seguruenik... Gaurko gizakiok eta kristauok OTOITZ egiteko ohiturarik ez daukagu: gaurko gizakiak ez daki otoitz egiten. Gure aurrekoak eduki zituzten deboziozko otoitz asko baztertu egin ditugu; otoitzerako eta hausnarketarako denbora gutxi hartzen dugu. Eta bizitzako abiaduran sarturik beti daukagu beste zerbait garrantzitsuagoa edo ustez probetxugarriagoa egiteko. Hainbeste gauza egiteko eta otoitzari denbora ematea, denbora galdua den susmoa daukagu.

Eta otoitzaren premia sentidu gabe “nahiko ongi” bizi gara. Baina horren ondorena, aspaldian bizi dugun KASKARKERIA da; gure kristau sinesmenaren bizitasuna galdu dugu. Eta astiro-astiro hainbat pertsona, barruko hustasunean, bizitzaren zentzurik ezean eta bakardadean erori gara (eta hauek heriotz zeinuak dira).

OTOITZ EGIN BEHARRA DAUKAGU:
- senidetasunaren aldeko borrokan ez dezagun egin atzera.
- gu garen benetako egia aurkitzeko.
- barruko bakardadea apurtuz, Aita-amaren aurrean, seme-alaba bezala, pozik eta konfidantzaz ipini gaitezen.

Jesusen hitzak dira: “Eska ezazue eta emango zaizue; bila ezazue eta aurkituko duzue; jo atea eta zabalduko zaizue”.

ZORIOTSUAK OTOITZERAKO ahalmena eta gogoa daukatenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Otoitz egitean, esazue: Aita”

(Lk 11, 2)

 

 


bidean@bidean.net
orue