Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 2 - 20. igandea - 2019.eko Abuztuaren 18a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesusek berak deituta etorri garan anaitasun batzar honetara.

Anai-arrebok: Jaunaren izenean Elkartu gara bere bizitzarekin bat egiteko. Bere hitza entzun eta onartuko dugu; Jainkoaren Erreinuak berarekin dakartzan zatiketak eta uko egiteak gogoratuko dizkigu. Jeremias profetak eta Jesusek berak horrela bizi izan zuten.

Baina, batez ere, Jesusen testamentua oroituz eta gaurkotuz, Ogiaren mahai inguruan bildu den Jaunaren Elkartea gara; bizi dezagun senideen hurbiltasuna.

Hasi dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 38, 4-6. 8-10

Entzungo dugun zati honetan, Jeremias profeta, Jainkoaren bozeramailea agertzen zaigu; Jainkoaren hitza zintzo betetzearren aurrean erabilia izan zen. Baina ezin da isildu eta bere hitzak oinazea dakarkiote. Profetaren nekaldia da, Jainkoaren Beraren espirituak indartuta. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 12, 1-4

Hebertarren idazkiaren egileak joan zen igandean sinesmen-itxaropenari buruz hitz egin zigun; gaur, momentu ilunetan ere emandako hitza zaintzea eskatzen digu. Azkar ibiltzekotan, sobra dauden soinekoak kentzen ditugun antzera, hemen gure begiak, gure sinesmenaren oinarrian dagoen Jesusengan ipintzera gonbidatzen gaitu. Onartu dezagun gogoeta hau.


Ebanjelioa: Lukas 12, 49-53

Ebanjelioko pasarte honetan ikusiko dugunez, Jesus harrigarria da. Baina Jainkoak gizadiarekin daukan proiektuari leiala izanez, berak bizi duen errealitatean oinarritzen da. Sinesmenak eta Jesusi jarraitzeak oztopoak eta elkarren aurka egoteak dakarzkiela dioskun ebanjelio hau bakez entzuteko prestatzen gara, zutik jarriz.

Jainko herriaren otoitza

Maitasunean bat egitera deitzen digun Espirituaren indarrez, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gizaki guztien aldeko eskari hauek.

1.- Jainkoaren Erreinua eraikitzea kristau guztiok oinarrizko zeregin bezala har dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure gizarte, kultura eta gutariko bakoitzarentzat BAKEA bilatzea benetako konpromezua izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen daudenak eta eguneroko nekearen aurrean atzera egiten dutenak, beren bizitzetan agertzen den Kristoren indarra eta sinesmendun lagunen solidaritatea aurki dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunaren Hitza ezagutu eta entzuteko irrikitzen daudenak, Ebanjelioaren argitasuna eramango dien anai-arrebak aurki ditzatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Ospakizun honetan elkartuta gauden guztiok, Jainkoaren Espirituaren indarrez, gure inguruan Ebanjelioaren berritasuna iragar dezagun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BAKE USOAREN AURKEZPENA

(Aurretik elkarteko batek orri batean marraztua; berak edo besteren batek eskaintzen du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bakearen ezaugarri hau dakarkizut; gure inguruan eta giro honetan, bakarka eta elkarte bezala bakea ereiteko eta bakean bizitzeko konpromezua hartzen dugu. Gure haur, gazte, heldu eta nagusien aurrean bakearen hezitzaile izan nahi dugu. Benetan eta ondoren guztiekin bizi dezagula.


ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egingo du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berpiztuaren ezaugarri den kandela piztu hau dakarkizut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristauak, elkarte bizietan. Gure elkartean egiaz bizitzeko eta elkar banatzeko gogoa eskaintzen dizugu lehenengo, eta baita, bigarren, elkartetik irten eta, geure hitzen eta bizitzaren bitartez, zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa ere. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


ALBISTE ON BATEN AURKEZPENA

(Azkeneko egunetan egunkarietan edo telebistan agertu den zerbait. Pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik albiste on hau dakarkizut. Gizakiok ez dugu dena gaizki egiten. Zure graziaz on egiteko gaitasuna dugu. Ez daitela izan salbuespen bakarra. Emaguzu, Jauna, albiste onak sortzeko gaitasuna eta gizarte hau eraldatuz betiko biziaren seinaleak sortu eta ikus ditzagula.

Agurra

Anai-arrebok: Jainkoaren Hitzak, leialtasunean bizitzea ez dela erraza gogoratu digu. Sarritan banaketa eta borroka ere ekartzen du. Jainkoaren Erreinua eraikitzeak, profetaren antzera edo Jesus Beraren antzera, zintzotasunean bizitzea eskatzen du. Honetara gonbidatuak gara: Erreinua gure inguruan eta giroan egi bihurtzera. Ebanjelio testigutzaz beteriko aste oparoa!

Egun honetarako gogoeta

“Nire ardiak nire ahotsa entzuten dute,
nik ezagutzen ditut eta atzetik datozkit”




Jainkoaren Hitzaren mezua benetan entzuten badugu, baliteke lekuz kanpo edo gaizki sentitzea. Jesusen hitz hauek zer esan nahi duten: “ez naiz mundura bakea ekartzera etorri, banaketa baizik”. Horixe bakarrik behar dugu! Jeremias profetari ere antzerako zerbait gertatzen zaio; agintariek ezin dute onartu berak iragartzen duena eta gosez hil nahi dute. Jainkoak deitutako misioan leiala izatearen ondorena izango ote da? Zein ote da guzti honen azalpena?

Ebanjelioan iragartzen zaigun haserrea eta banaketa eta Erreinua, kontraesana dela dirudi. Aurreko igandeetako Jaunaren Hitza gogoratzen badugu, gaurkoa ulertzeko argia izango dugu.

* “Zure altxorra dagoen lekuan, han egongo da zure bihotza”: edukitzeko egarria, ondasunetan bihotz guztia ipintzea, eta senidetasunean eta Aita-Amarenganako konfiantzaz oratua den Erreinuaren lehentasuna ez dira ezkontzen. Edo Jainkoa edo dirua. Edo anai-arrebak edo dirua.

* Non sortzen da banaketa?: Erreinuko baloreak eta gure munduak ontzat hartuta dauzkan baloreak ez datoz bat. Horregatik Ebanjelioa “erregaia” da.

* Jesusen espirituaz janzten denak ere Erreinuko baloreak ez direnekin gatazka baten biziko da.

ZORIONTSUAK ERREINUAREN alde jokatzen dutenak:
Jainkoaren proiektua beren POZA izango da!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Lurrean sua jartzera etorri naiz"

(Lk 12, 49)

 

 


bidean@bidean.net
orue