Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 32. igandea - 2020.eko Azaroaren 08a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak ospakizun honetara.

Jarraitu behar dugun BIDEA markatuko digun Jainkoaren hitza entzungo dugu. Batzuk zentzudunak eta besteak zentzugabekoak ziran hamar neskatilen parabola entzungo dugu; Jesusen etorrerarako prest egotera gonbidatzen gaitu. Jesusek, bere elkartea geldotasunetik ateratzea gura du.

Prest egoteak, maitasunaren aginduan laburbiltzen den Jesusen hitza entzun eta betetzea eskatzen du. Bera ez datorrela eta ezin gintezke lotara joan; ezin dugu baztertu gure kristau konpromisoa. Bestetara baino: Bera etorriko denaren ziurtasunak, MAISUAREN IRAKATSIAK BETETZERA eroan behar liguke.

Gure kristau ospakizunari hasiera ematen diogu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jakinduria 6, 12-16

Jakituriaren bila dabilenak, errez aurkitzen du eta aurkitzen duanak benetan zoriontsu izango da. Jakintsua izatea erreza da. Jakituriaren bidea pertsona apalak jarraitzen dute. Bihotzez, onar dezagun eskaintzen zaigun gogoeta eder hau.


2. irakurgaia: 1 Tesalonikarrei 4, 13-18

Paulo apostoluaren ideia nagusia hau da: gure Jainkoa, bizien Jainkoa da, eta heriotza ez da azkeneko hitza. Jaunagan itxaronez bizi garenoi, betiko bizia agindu zaigu. Kristoren ondoan osotasunez bizitzera gonbidatzen gaitu apostoluak. Onar dezagun beren testigantza.


Ebanjelioa: Mateo 25, 1-13

Gaurko ebanjelio zatiak Jainkoaren Erreinua ezkontza ospakizunarekin konparatzen du; parte hartu ezina galpen handia da. Krisi aldian idatzitako zatia ematen du. Erreinuaren jai nagusian parte hartzeko beti prest egotera gonbidatzen gaitu. Zutik, ALELUIA abestuz prestatzen gara ebanjelioa entzuteko.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren nahia betetzeko bere laguntza eta grazia behar ditugu. Apaltasunez, berari zuzentzen dizkiogu eskari hauek.

1.- Bere izaera, arraza edo erlijioagatik inor baztertu gabe eta pertsona guztien eskubideak zainduz, mundua gizaki guztien bizilekua izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Zuzengabekeriaz pobrezian bizi diren herriak, beren benetako garapenerako nazioetako gobernuen laguntza izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gauden lekuan beti BAKEAREN alde joka dezagun; zuzentasunetik eta pertsona guztien eskubideak zaintzetik datorren bakea. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure elkarteetan pertsona guztiak onartzeko beti prest egon gaitezen: gaixoak, zaharrak, kanpotarrak, baztertu guztiak. Haiengana hurbiltzen eta haien ondoan egoten jakin dezagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: Jesusengan oinarriturik eta bere bizia munduari eskainiz, elizaren zati biziak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIONTZI ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek egingo du eskaintza)

OTOITZA – AZALPENA: Zure Seme Berpiztuaren ezaugarri den kandela piztu hau dakarkizut, Jauna. Bere argiaren inguruan bildu zituen Jesusek lehen kristauak, elkarte bizietan. Gure elkartean egiaz bizitzeko eta elkar banatzeko gogoa eskaintzen dizugu lehenengo, eta baita, bigarren, elkartetik irten eta, geure hitzen eta bizitzaren bitartez, Zeu gizon-emakumeei aurkezteko gogoa ere. Horretarako, emaguzu, Jauna, zure grazia eta indarra.


KIMATZEKO GURAIZE BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko nagusi batek kimatzeko guraizeak aurkezten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, kimatzeko guraize hauek dakarzkizut. Badakigu zertarako diren: adar batzuk ebaki ezkero, besteak indar berritzen dira. Jesukristo zure Semearengan sinesteak ere kimaketa edo heriotza dakar piztuerarako bide bezala. Itxaropen horrek eraman gaitzala Jesu Kristorekin bat eginda bizitzera.


EBANJELIO LIBURUTXOAREN AURKEZPENA

(Katekesiko arduradun batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Ebanjelio liburu hau aurkezterakoan, haiek jarraitzeko eta iragartzeko konpromisoa agertzen dizugu. Zure Semearen ikasleen liburua dugu. Hortxe oinarritu nahi dugu gure bizitza. Hori jarraituz zure Seme Jesukristorekin bat egin nahi dugu, Berak osa dezan guk ezin duguna edo falta zaiguna. Jauna, gure gurariak egi bihurtzen joateko zure Espirituaren laguntza eta argitasuna eskatzen dizkizugu.


OSASUN PASTORALTZAKO TALDEAREN AURKEZPENA

(Holako talderik balego, bertako kide batek egiten du aurkezpena. Eta zerbait IDATZITA balego, eliztarrei eskaini)

OTOITZA – AZALPENA: Osasun Pastoraltzan gabiltzanon izenean, guk egiten dugun lana aurkezten dizugu, Jauna. Zure Seme Jesukristorengandik ikasi dugu gaixoen, behartsuen eta baztertuen ondoan egoten. Bere izenean hau da egiten duguna: gaixoengana hurbildu, haien ondoan egon eta haien premiak entzun. Jauna, lan eder hau aurrera eramateko, zure laguntza eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Hitzak agertu deuskunez ez da gaurko edo biharko asuntoa. Jaunaren etorrera gainean egon edo itxaron beharra eduki ez da hain garrantzizkoa. Garrantzizkoa hau da: salbamenezko etorrera dela.

Ebanjelioko beste pasarte batzuetan, Jauna, lagun hurkoagan agertzen zaigu: gaixoengan, gosetuengan, espetxeratuengan, samariar onarengan… Hor ez badugu aurkitzen, zerbait garrantzizkoa ez dugu ulertu oraindik. Jaunak argitu dezala bere bila gabiltzanonen bidea. Aste zoriontsua! Har dezagun bere bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Zaudete zuhur, uste ez duzuen ordutan
etorriko bai zaizue Gizonaren Semea”




Igandero, Jaunaren hitza gure ibilbidean argia dugu. Urte Liturgikoaren bukaerarantz goazen honetan (hiru aste gelditzen zaizkigu) Hitz horrek azkenerantz begira jartzen gaitu, historiaren gailurrerantz begira. Eta ez dezagun ahaztu gure historia Salbamen Historia dela.

Doea den eta beharrezko dohain bateri buruzko mezua entzun dugu: JAKITURIA. Ez gaitezen engainatu; ez da gure hizkuntza arruntean erabiltzen dugun jakituria: “Zenbat zekik horrek”. Jainkoaren Hitzak agertzen digun jakituria, “Bizitza, Jainkoaren bihotzetik ikusteko, ulertzeko eta bizitzeko gaitasuna da”. Ikusten duzuenez, guztiz ezberdina. Eta hortik bakarrik bizi genezake poza, bakea eta Jainkoarekin bat egitea. Horixe bakarrik!

Bigarren irakurgaiak eta ebanjelioak beste alderdi esanguratsu batzuk aurkeztu dizkigute: heriotz ondorengo BIZITZAN sinestea eta ZUHUR EGOTEAREN jarrera, gure kristau izatearen oinarrizko elementu bezala.

- Honek esan nahi du gure bizitza ez dela bukatzen iluntasunean, zentzugabekerian, Jainkoak ematen duan HITZA BIZIA dela baino (horrela berba egin digu Paulok).

- Jesusek, bizian duan sinesmenean oinarriturik eta konfiantzaz beterik, ZUHUR BIZITZEKO eskaera egin digu. Zerbait pozgarria, ona eta handia itxaroten daudenen jarrera guganatzeko (ezkontza bateko poztasuna ipini digu adibide bezala). Horrelaxe izango da JAINKOAREKIN BAT EGITEA. “Ez gaitezen aztoratu edo lelotu” eta presta gaitezen Jainkoaren PRESENTZIA sentitzeko.

Zoriontsuak ZUHUR EGONEZ Jainkoaren ZAIN daudenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Hemen da senarra! Irten bidera!”

(Mt 25, 6)

 

 


bidean@bidean.net
orue