Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - BEGOÑAKO ANDRE MARIAREN JAIA - 2018.eko Urriaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ongi etorriak ospakizun honetara.

Familiako jaia dugu; seme-alaba guztion jaia. Bizkaiko elizak, BEGOÑAKO AMAREN jaia ospatzen du.

Gure herri askotan sustrai luzeak dituan jaia ospatzen du gaur Elizak. Herriaren jakinduriak argi ulertu du Andra Mariaren garrantzia, bera fededunaren Ama eta ispilu delako.

Gaur, Begoñako Andra Maria, Bizkaiko zaindariaren eguna dugu. Berari otoitz egiten diogu Bizkaiko seme-alaba guztien alde. Agur, Ama garbia! Gizaldien gizaldietan zeru-lurren Errege denaren Ama!

Sinesmen eta otoitz ospakizun hau abestuz hasten dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sirak (Eklesiastikoa) 24, 17-22

Lehenengo irakurgaian hau entzungo dugu: Jauna goratzen duanak, betiko bizia izango duala. Horrela dio Jaungoikoagan iturri duen jakinduriak. Holakoa izan zen Mariaren fede ibilbidea. Entzun dezagun bihotz zabalez eta gogo biziz.


2. irakurgaia: Galaziarrei 4, 4-7

Paulo apostoluak Galaziako kristauei egindako idazki honetan, gauza bat argi uzten digu: Jainkoak gure alde erabaki zuela bere Semea gutariko bat izatea, eta horren ondorena da gure seme-alabatzako nortasuna. Benetan mezu eder eta pozgarria. Entzun dezagun.


Ebanjelioa: Lukas 2, 43-52

Entzungo dugun ebanjelio zati honetan, Nazareteko familia ezagutzen dugu: Mariak eta Josek euren Semearen Barri Ona onartzen ikasi izan zuten. Mariaren fedea berritu egiten da, Jaunaren nahia betetzea egunerokoan ikasita. Jainkoa goratuz, guk ere apaltasunez onartzen dugu, eta ebanjelioa entzuteko prestatu, zutunik, ALELUIA abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Gu, Jainkoaren Herria, bidean goaz zeruko aberrirantz, Andre Maria zerutik bide lagun dugularik. Berarekin bat eginda, zuzen ditzagun gure eskariak Jainko Aita-Amari. Gure erantzuna izango da: “JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE”.

1.- Eliza osoaren alde, Bizkaiko gure Elizaren eta Kristau Elkarte guztien alde: Jesusen Espirituak eraginik, batez be behartsuen eta baztertuen zerbitzari eta poz emaile izan gaitezen. Eska diezaiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

2.- Gure herriaren eta munduko herri guztien alde: denok elkar hartuta, bakearen eta anaitasunaren alde joka dezagun. Eska diezaiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

3.- Edozein arrazoigatik sufritzen daudenen alde: euren egoera ulerturik, lagunduko dien gizakiak ondoan izan ditzaten. Eska diezaiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

4.- Emakume izateagatik minduta bizi direnen alde: denon abegi ona eta laguntza izan ditzaten beti. Eska diezaiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

5.- Fedea ospatzen bilduta gaudenon alde, Andra Mariaren aurrean gogo bihotzetan ditugun guztien alde: Ama Birjinaren hurbiltasuna eta samurtasuna bizi ditzagula. Eska diezaiogun Jaunari: JAINKOAREN AMA, OTOITZ GURE ALDE.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



LOREEN AURKEZPENA

(Aldare ondoko loreak aurretik prestatuta egongo dira, baita lore hauek non jarri ere. Eskaintza elkarteko edozein emakumek egin lezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, gaur zure mahai ingurua dotore jarri nahi dugu. Zure Semearen Ama eta gure Amaren festa eguna dugu eta Mariak dena merezi du. Lore hauekin Mariaren edertasuna agertu eta goratu nahi dugu. Zu ere, Mariagan ohartu zinen, sortu baino lehen, lurrean zure Semearen sagrarioa izateko. Lore hauekin eskaintzen dizugu geu izateko gogoa eta konpromisoa Espiritu Santuaren egoitza, gizakientzat lurrean ezaugarri.


GATZEZ BETERIKO GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Nire izenean eta elkartearen izenean, gatzontzi bete hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen dugun konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Historian zehar beste gizon-emakume askoren antzera, misiolari izaten jarraitu nahi dugu nahiz eta oztopoak ugari izan. Emaguzu zure grazia gatz honek bere indarra zaindu dezan.


KUTXATXO BATEN AURKEZPENA

(Kutxa zabalik eta hutsik. Elkarteko gizon batek egin dezake. Ederra eta polita izan dadila)

OTOITZA – AZALPENA: Mariak eukan jarreraren ezaugarri lez dakarkizugu kutxa hau. Mariak bere bihotzean gordetzen zituen Jainkoaren eta bere Semearen hitzak. Jauna, guk ere Zuk esaten diguzunaren zain egon nahi dugu eta gauzarik ederrena lez geure bihotzean gorde.


FRUTA OTARRE BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko bi emakumek egin lezakete. Ospakizunaren bukaeran ondo legoke han aurkitzen den bikote zaharrenari oparitzea. Euretariko batek eskaintza orduan dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, ikusteko ederrak eta jateko gozoak diren fruituekin beteriko otarre eder hau dakarkizugu. Zuk sortutako gauza guztiengatik eskerrak ematen dizkizugu. Zuk gure eskuetan ipini zenuen mundu eder hau, gizakiok zoritxarrez, interes ekonomikoak tartean direla, hondatu besterik ez dugu egiten. Jauna, ohar gaitezela izatea edukitzearen gainetik dagoela; eta natura bere edertasunean zaintzea gure ardurapean dagoen erronka dugula.

Agurra

Senideok: hauxe da begi bistakoa: guztion artean, indartsuen, sarituen, gazteen, osasuntsuen, garaileen, bizitzaz gozatzeko gai direnen gizartea egiten gabiltzala. Gure ondo izatea arriskuan jarriko ez duten pertsona atseginak ditugu gogoko; adiskidetasuna eta maitasuna bera, mesede trukaketa bezala hartzen ditugu. Baina horrela ezin da alaitasunik kutsatu, ezin da bizirik eman.

Gaur egun, ERREKUPERATU behar dugun maitatzeko era barri bat dago: bakardadean jota aurkitzen denari, beheraldian lotuta dagoenari, gaixoaldian aurkitzen denari, drogagatik baztertuta aurkitzen denari, edo bizi pozik eta itxaropen barik dagoenari … gure laguntza eskaini behar diogu. Hauxe da Jaunak egiten digun konbitea: besteengana zabalik egonez, bidean aurrera egiteko prest egon behar dugu, eredutzat ipini zaigun MARIAREN antzera. Kristau testigantzaz osoturiko jai eta aste zoriontsu bat denoi!

Egun honetarako gogoeta

“Bedeinkatua zu andre guztien artean
eta bedeinkatua zure sabeleko fruitua!”.




Kristau elkartearentzat GAUR ere egun handia da. Gure herrialdeko Zaindariaren jaia: BEGOÑAKO ANDRE MARI.

Berri Onaren iragarpenean zatika irakurtzen denak, Maria ezagutzera eroaten gaitu. Urtean Zehar ikusten dugu haren lehenengo leialtasuna Jainkoaren nahia betetzeko: Jainko izatetik gizaki izatera bidea egitea. Baina ez zen amaitu horretan Mariaren ikasbidea, egunerokoan giza zentzua sakontzen eta Jainkoa onartzeko asmoa alboan egon zen. Sarritan ulertu ezina ere agertu zen, gaur iragarritako pasartean entzun dugun erara.

Andre Mariaren ibilbideak ez ziran bukatu: Erreinuaren zabalpenean, Jesusek egiten zuen guztian han egoan Maria; heriotzako bide latz eta luzean bertan ikusten dugu Maria; apostoluen taldean Elizaren oinarrietan han bera berriro.

Gure antzera, Maria sinesmenean bizi izan da; berak ere, erantzunak baino galdera gehiago sortzen dizkion Jainkoa aurkitu du; Jaungoikoaren hitzan fidatuz egin zuen ibilbide guztia; iluntasun artean egin behar izan zuen bidea. Guzti horregatik, SINESMENDUNEN EREDUA da.

Heriotzara garamatzan indarrak ez daitezela nagusitu gugan; BIZITZARA IREKITA egon gaitezela eskatzen zaigu gaur; hauxe da egiten zaigun dei nagusia, gaurko Ama Birjinaren jai honetan.

ZORIONTSUAK BIZITZARA irekita daudenak:
haiek beteko dute JAINKOAREN ASMOA!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Aita-amak harriturik zeuden haurraz esaten zutenarengatik”

(Lk 2, 33)

 

 


bidean@bidean.net
orue