Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 12. igandea - 2020.eko Ekainaren 21a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak sinesmen eta anaitasun batzar honetara.

Gure bihotzean sinesmen sendoa edo benetako maitasuna sentitzen ez dugunean, gure bizitzan modu askotako beldurrak agertzen dira: gure giza izaera ezin dugu kolokan ipini, gure dirua eta zorion iturria ere ez, gure lana; bakarrik geratuko garela pentsatzeak bakarrik ikaratu egiten gaitu; barregarri geratzeak, benetan sinesten duguna aitortzeak, beldurtu egiten gaitu; besteak baztertuko gaituen beldurra; geroak ere beldurrez betetzen gaitu...

Gaurko ospakizunean, Jesusek beldurrik gabe bizitzera gonbidatzen gaitu. Berak, bere bizitza, keinu eta hitzekin, hauxe gogoratzen digu: gure konfiantza Aita-Amarengan ipiniz, gure izatearen zentzua bere maitasunean ipiniz, gure beldurrak uxatu eta bere jarraitzaile leialak izateko indarrez eta ausardiaz beteko gaituela.

Bere Hitza entzun eta hausnartzeko gogoaz, hasi dezagun gaurko ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 20, 10-13

Bizitasun bereziz beteriko kontaketa entzungo dugu. Jeremias profeta Jainkoak deitua izan zen eginkizun horretarako, eta hartutako zeregina leialtasunez betetzearren inguratuta sentitzen da. Iraindua eta mehatxatua izan arren, Jainkoarengan dauka konfiantza, eta hartutako mezua iragartzen jarraitzeko ausardia dauka. Entzun dezagun bere testigantza hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 5,12-15

Paulo apostoluak bere gogoeta eskaintzen digu, Kristo aurreko egoera eta oraingoa aurrez-aurre ipiniz. Bekatua munduan dago eta gizakiak bere ondorenak pairatzen ditu. Baina... Kristoren grazia eta maitasuna bekatu eta gaitz guztien gainetik dago. Jesukristok bere heriotza eta piztuerarekin lortutako askatasuna, gizateri berri baten hasiera da. Onar dezagun.


Ebanjelioa: Mateo 10, 26-33

Jesusek bere ikasleei Bidaltzea eta Misioari buruzko katekesi batzuk eman zizkien; inguru-giro horretan kokatzen da entzungo dugun zatia. Sufrimendu eta aurrean erabiliak izatearen beldur ez daitezela izan, bere seme-alabak samurtasunez zaintzen dituen Jainkoaren maitasuna inoiz ezingo dutelako itzali. Jesusen arabera, ikaslea bere sendotasun eta biziaren Jainkoa iragartzen duelako bereizten da. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Bizitzeko behar duguna iritsiko dugun konfiantzaz, Espirituaren indarrez eta Jesusen bitartez gure erreguak eta premiak Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu.

1.- Elizaren alde: Berri Ona sendotasunez iragarri, Jesusen mezua leialtasunez bizi eta Jainko Aita-Amaren maitasunaren testigu izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herrietako gobernu eta agintarien alde: beren jarduera guztietan zuzentasuna eta bakea bila dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Eukaristia ospatzea ez dadin izan giza edo erlijioso ohitura huts bat, elkartzen gaituen maitasunezko misterio hori barneratuz, ospakizun bizia baizik. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gure gizarteak baztertuta dituenekin arduratzen diren gizon-emakume guztien alde: Jainkoak txikienei dien maitasuna transmititzeko gai izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Jainkoaren Hitzarekin gogo-berotu eta Jesus Jaunaren Gorputzarekin janarituak izango garenon alde: ebanjelioko baloreak norberaganatuz, ahulenen ondoan egoten jakin dagigula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GAURKO MARTIRI BATZUEN ARGAZKI EDO IRUDIEN AURKEZPENA

(Zuzentasunaren eta bakearen alde jokatzeagatik aurrean erabiliak izan diren pertsona esanguratsu batzuen irudi edo argazkiak aurkezten dira)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko gure Jauna: gure gizartean borroka eta eztabaida sortzen duten gai batzuk dakarkizugu aurrera: pobrezia, gosea, bakea...; baita ere gaitz horien kontrako hainbat gizon-emakumeen ekintza eta ahalegina. Jesusen eskaintza eta heriotza onartu zenuen bezala, haien bizia eskaini duten hainbeste pertsonena ere onartzea eskatzen dizugu. Gure bihotzak ere bete itzazu askatasun egarriz eta horren alde jokatzeko gogoz; kendu gure nagikeriak eta maitasun fruituak emateko gai egin gaitzazu.


FAROL ISIOTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek edo politika, sindikatu edo giza mailan konprometituta dagoen pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, farol isiotu hau dakarkizut. Argi isiotu hau Jesukristo berpiztuaren ezaugarri eta aldietan zehar hainbeste profetak bizi izan duten konpromezuaren ezaugarria da. Elizaren borrokaren adierazgarri bezala eta mundua eraldatzen saiatzen diren hainbeste gizon emakumeen izenean eskaintzen dizut.


GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire izenean eta elkartearen izenean, gatzontzi hau dakarkizut; mundua ebanjelizatzen eta eraldatzen guk ere parte hartzen dugunaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gure aurretikoak ebanjelioa iragartzen ihardun zuten bezala, gure mundu honen erdian, aurrean oztopo ugari izan arren, misiolari bezala agertu nahi dugu. Jauna, zure dohain eta laguntza behar dugu gatz hau gezatu ez dadin.


KRISMA ONTZIAREN AURKEZPENA

(Pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Sakramentuetan erabiltzen den krisma ontzi hau aurkezterakoan, bataioan eta sendotza egunean, mundu honen erdian zure lekuko izateko hartu genuen konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Sarritan kontrako indarrak, lotsak edo beldurrak gehiago egiten digute. Emaguzu, Jauna, zure grazia eta laguntza, mundu honen erdian, zure lekuko izan gaitezen.

Agurra

Senideok: bizi izateko, biziaren benetako zentzurik gabe, segurtasun bila ibiltzeak bultzatzen gaituenean, dena manipulatzeko arriskua dugu, sinesmena ere bai. Beldurrak ez digu uzten gizarte gizakoiago baten alde jokatzen. Eta beldurra gainditzea ez dago norberaren adimenaren gorabeheran bakarrik. Bizitzeko benetako arrazoiak behar ditugu; gure bizitza eskaintzeko eta hiltzeko ere konfiantza behar dugu. Jaunarengan dugun sinesmena gehitu eta sendotu beharra dugu. Jesusen hitzak “ez izan beldurrik” har ditzagun benetan, eta utz diezaiogun Jainkoari gure barrua lantzen, leialtasunean zaindu eta babes gaitzan. Entzun ditzagun hitz horiek gure barruan eta izan gaitezen Erreinuaren eraikitzaileak. Aste zoriontsua!

Egun honetarako gogoeta

“Egiaren Espirituak egingo du aitormen Nitaz,
eta zuok ere egingo duzue aitormen”




Jaunak bere ELKARTEA bildu du berriro: Bera anai-arreben artean dago, bere Hitza irakatsiz eta Eukaristiarekin sendotuz. Apostoluekin egin zuenaren antzera, GAUR, bere Ebanjelioaren Espiritu hori guregan sartu nahi du eta Biziaren ogiarekin janaritzen gaitu.

LEIALTASUNAREN BIDEA beste aldi batzuetan ere ez zen izan erraza, eta gaur egun ere ez. Berri Ona iragartzen jarraitzea ez da batere erraza: herritxo bateko baserritar batengan Jainkoa agertu dela; heriotzara zigortua izan den bat Jainkoak berpiztu egin duela; bere jarraitzaileen bizitza osoa bere Ebanjelioarekin SEINALATURIK gelditzen dela; guzti hau BERRI ONA dela iragartzea. Benetan, hau ez da batere erraza.

Lehen eta orain Jesusen hitz hauek darabilzkigu gure barruan: “Ez izan gizakien beldurrik. Gizakien aurrean nire alde ateratzen denak, bere alde izango nau Ni ere, zeruetan dagoen nire Aitaren aurrean”. Nekearen tentaldiak inguratzen gaituenean ongi datorkigu hitz hauek entzutea, ezkutuan eta isilik ez gaitezen gelditu; hau da, bere testigantza eman gabe. Entzun ditzagun gure barruan hitz horiek eta beraiek sendotuko dituzte gure bihotzak.

ZORIONTSUAK bere hitzak entzunez Berarekin fidatzen direnak,
JARRAIPENAREN poza bizi izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez izan beldur"

(Mt 10, 26)

 

 


bidean@bidean.net
orue