Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Urtean Zehar 2 - 13. igandea - 2020.eko Ekainaren 28a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak sinesmen eta anaitasun batzar honetara.

Jesus Jaunak, igandero biltzen gaitu bere heriotzaren eta piztueraren misterioa ospatzeko. Eta igandero, bizia ematen digun bere Hitza eskaintzen digu. Onar dezagun hitz hori eta izan gaitezen bere iragarle.

Bere Hitza entzuten dugunoi, bere jarraitzaile izatera konbidatzen gaitu. Baita ere, lagun hurkoagan Bera ikustera eta onartzera. Lagun hurkoak onartzea, jarraipenaren alderdi esanguratsua da. Familia bakar bat egiteko baldintza.

Pozez eta itxaropenez hasten dugu ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Erregeak 4, 8-11. 14-16a

Eliseo hitzak, “Jainkoak salbatzen du” esan nahi du eta Elias profetaren espiritua norberaganatu zuena. Bera onartzen duen familiak, santutzat dute. Familia gabekoak zirenak, Jainkoaren graziaz, seme bat izango dute. Onar dezagun Testamentu Zaharreko testigantza hau.


2. irakurgaia: Erromatarrei 6, 3-4. 8-11

Paulo apostoluak, bere elkartekoak bataioaren graziaren arabera bizitzera konbidatzen ditu. Bataioaren bidez Jesusen heriotzarekin eta piztuerarekin bat egiten dugu. Honek, Jainkoaren proiektua egi bihurtzera bultzatzen gaitu. Entzun dezagun TESTIGU honen proposamena.


Ebanjelioa: Mateo 10, 37-42

Gauza batzuei uko egitera eta bidalia onartzera konbidatzen gaitu ebanjelioak. Jesusen berbak eskakizun handikoak dira; gurutzea eta bizitza galtzea aipatzen ditu, baina baita ere ordain-saria eta bizitzaren osotasuna. Berba bizigarriak entzuteko prestatzen gara, zutunik aleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren eskuetan gauden ezkero, konfiantza osoz berari zuzentzen dioguz gure eskariak.

1.- Elizaren alde: Kristoren jarraitzaile izanaz eta gizatasunez jokatuz, gizakiontzat ebanjelioko argi-erakusle izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Elizako artzain guztien alde: hurrekoak izan eta harrera ona eginez, elkarteen gidari argiak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Herri agintarien alde: pertsona guztien eskubideak zainduz, zuzentasun eta bakearen alde jokatu dagien. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Jaunak bere zerbitzura deitzen dituenen alde: guztion otoitzaz eta laguntzaz eskuzabalak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure kristau elkartearen alde: guztiok elkartzeko, bilatzeko eta otoitz egiteko toki egokia gertatu dakigun. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ALDARE MAHAIKO KANDELAK BAZKO ZUZITIK PIZTEA

(Gaur Pazko Zuzia hasieratik egongo da piztuta toki agirian. Ospakizun buru egiten duenak, hurbildurik, Pazko Zuzian pizten du bere kandela; gero mahai zerbitzariari ematen dio, horrek aldareko kandelak pitz dezan, baita ospakizunetan ohi diren beste guztiak ere. Eskaintza egiten duenak, hau irakurriko du:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen gaituzu, Jauna, Zerorrek piztu duzu gure bihotzetan zure Seme Berpiztuaren bizi berria. Zugana jo dugu otoitzean, behar dugun indarra eskatuz, gure bizitza era berri batean bizi dezagun. Nik orain eta Elkarte osoaren izenean, aldareko argiak piztu dituen Argi honen zeinuaren bidez, gu guztion bizitzak eskaini nahi dizkizut, eta bizi ere Zerorrengandik eta zeure Seme Jesu Kristo gure Jaunagandik bizitzeko konpromisoa eskaini nahi dizut.


LORE SORTA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein kidek egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nire eta elkarte osoaren izenean, gure sinesmena irudikatu nahi duen lore sorta hau dakarkizut. Zuk bakoitzari deitzen diguzu eta erantzuteko era gure bizitzan Zuri leku egitea da. Apostoluaren sinesmenean oinarrituz, guk ere Jainkoaren Seme bezala gure izatearen Jauna eta gure bizitzen ardatz bezala aitortu zaitzagula. Zuk ongi ezagutzen dituzu gure sinesmena aitortzeko ditugun eragozpenak. Gure indar hutsez ezer gutxi ahal dugun ezkero, zure grazia eta laguntza eskatzen dizugu.


UREZ BETERIKO ONTZI BAT AURKEZTEA

(Elkarteko pertsona heldu batek eskaintzen du)

OTOITZA – AZALPENA: Nire aldetik, Jauna, urez beteriko ontzitxo hau eskaintzen dizut, guk elkarri egiten diogun abegi onaren eta onartzearen ezaugarritzat. Egin ezazu, arren, gaindi ditzagula oraingo errezeloak, eta geugan eta geure familia inguruan itxita egotea, kaltegarrizko bakarkeria eta norberekeria guztien gainetik. Egin ezazu edozeinen aurpegian zure Semearena ezagutzeko grazia, eta, horrela, onar dezagula edozein gizaki zure Seme Berbera izango bailitzan.


ESKUKADA BAT GALBURU AURKEZTEA

(Baserritar edo beste pertsona batek, elizan dagoen ontzi batetik esku bete galburu hartzen du eta aldare inguruan dagoen beste ontzi baten utzi)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen duten esku honekin eskaintzen dizut, Jauna, eskukada galburu hau. Bizitzaren ezaugarri dira. Zure Semeak erakutsi zigun ez dagoela piztuerarik heriotzarik gabe, ezta gari alerik, garaua lurrean ez bada hiltzen. Anaia-arreben zerbitzura beren bizia eskaintzen duten MISIOLARIEKIN bat egin nahi dugu. Zure gustukoa izango delakoan eskaintzen dizugu.

Agurra

Senideok: ospakizunaren amaieran gaude. “Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana, ez da niretzat gai”, entzun dugu. Sinesmen berbera ospatu dugu eta itxaropenez eta maitasunez bizitzera konbidatu. Izan gaitezen hemen bizi izan dugunaren testigu. Har dezagun Jainkoaren bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didana,
ez da niretzat gai.
Zuek hartzen zaituena, ni hartzen nau”




Jesusek bere ELKARTEA egiten jarraitzen du. Eta erabiltzen dituen berbak ez dira hain gozoak, bestelakoak baizik; esaldi gogorrak ditu. Gogora ditzagun batzuk: “Bere aita edo ama ni baino maiteago dituana ez da niretzat gai; bere semea edo alaba ni baino maiteago dituana ez da niretzat gai”.

Zer esan nahi ote digu honekin? Ez ote zitzaigu arraro samarrak egiten Jesusen ahotan? Argi dago Jesusentzat gure jokabideetan irizpide bakarra Bera eta bere Ebanjelioa dela. Batzuetan gertatu liteke Jesusen jarraibidean familia bera, oztopo izatea; sinesmenez dena utzi eta Jesusen jarraitzaile izatea, ez onartzea edo ulertzea. Gertatzen da holakorik. Zer gertatzen da, “behar duten baino gehiago” ematen diegunean gure seme-alabei? Jesusen jarraipenak ukoak eta erabaki sendoak eskatzen ditu; eta makaltasunez hezten baditugu, zelan hartu holako erabakiak?: “Bere gurutzea hartu eta jarraitzen ez didanak ez da niretzako gai”.

Ebanjelioaren espirituaz gure bizitza osoa ukitzera, bustitzera konbidatzen gaitu Jesusek. Hau da bere konbidapena: maitatu egizu, izan eskuzabal, bizi zaitez besteen zerbitzura, lan egizu zuzentasunaren alde, eskaini zure bizitza besteen alde… Hauxe da Jesusentzat benetako Zoriontasun eta Bizitzaren bidea.

Zoriontsuak JESUSEN PROPOSAMENA ONARTZEN dutenak:
ZORIONTSUAK izanez,
gure munduarentzat BEDEINKAZIO izango direlako!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Ni onartzen nauenak, Ni bidali nauena onartzen du”

(Mt 10, 40)

 

 


bidean@bidean.net
orue