Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Urtean Zehar 2 - 10. igandea - 2018.eko Ekainaren 10a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: ondo etorriak guztiok.

Jesus, gure maisuak, Biziaren Jainko Aita-Amari begiratzera konbidatzen gaitu.

Gure sinesmenaren JAI HANDIAK pasatu ondoren, Jesus Maisuaren lorratzak jarraitu nahi ditugu. Bide honek Jainko Aita-Amarekin bat egitera eramango gaitu.

Jesusek, Jainkoaren maitasun proiektua agertuko digu, jakinen gainean, historian zehar giza bihotza kontra izango duela. Jesusek, bere esperientziaz diosku hori. Baina gizon eta emakume asko harrituta gelditzen ziran bere irakatsiekin. Horregatik, itxaropenerako deia luzatzen zaigu: Jainkoaren nahia onartuz osotzen doan ANAITASUN BERRIA, Beragan sinesten dugunon FAMILIA.

Gure ospakizun honek, anaitasun horren ezaugarri izan nahi du.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Hasiera 3, 9-15

Jainkoak, hasieratik bizia maite du. Eta gizakiongan, hasieratik dago baita ere txarrerako joera, Jainkoagandik urrunduz. Hor hasten da, Nazareteko Jesusengan burutuko den Salbamen historia. Onar dezagun bihotzez gogoeta sakon hau.


2. irakurgaia: 2 Korintoarrei 4, 13 – 5, 1

Pablok diosku, Jainkoaren salbamen historia Jesukristogan osotzen dela. Jainkoak, Jesusen Piztueran bat egitea ematen digu. Itxaropen horrek, Jesusen jarraitzaile izatera bultzatzen gaitu. Benetan mezu ederra hemen eskaintzen zaiguna.


Ebanjelioa: Markos 3, 20-35

Jesusek, Jainkoaren proiektua onartzera konbidatzen gaitu. Lege maisuak eta bere famili artekoak ere kontra izan arren, Jesusek berean jarraitzen du, eta Erreinua onartuko dutenen FAMILIA BERRI BAT osotzera dei egiten digu. Bere proposamena onartzeko prestatzen gara, zutunik aleluia abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Salbatuak sentitzearen pozez eta Jesukristoren bitartez, Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Elizaren alde: Kristo den haitz bizian oinarriturik, salbamen mezuaren iragarle zintzoa izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Munduan zeharreko agintarien alde: adiskidetzea eta bakea beren helburuen artean beti izan ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gazteen alde: anaitasuna eta ebanjelioko espiritua agertzen den mundu berri bat eraikitzen ahalegindu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixo, baztertu eta bakarrik sentitzen direnen alde: euren itxaropena zainduko duen onarpena eta maitasuna aurkitu dagien gugan. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde eta parroki osoaren alde: Berri Onaren testigu izanez, Erreinuaren iragarle izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ezberdinak eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgi Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



GATZAREKIN UR BEDEINKATUA DAGOEN ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsonak egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, ur bedeinkatua gatzarekin dakarkizut; toki batzuetan gaitzaren kontra erabiltzen da. Eskaintza honekin bizitzaren alde eta elkarteko bizitzaren alde gaudela agertu nahi dizugu. Zure Espirituak lagun gaitzala ekintza eder honetan.

(Ontzia apaizari eman. Elkartea zutitzen da eta apaizak herria zipriztindu)


ONTZI BATEN LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.


PITXER BETE URAREN AURKEZPENA

(Ura ikusteko kristalezko pitxarra izan dadila. Elkarteko pertsona batek egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko Aita-Ama: baso bete ur, maitasunez emana, saritua izango dela diosku Jesusek ebanjelioan. Gure artean eta munduan egiten diren maitasun eta anaitasun keinu guztien ezaugarri bezala dakarkizut ur pitxerkada hau; sarritan isilean egindakoak dira. Gure konpromisoa ere hemendik doa: hurbilekoak eta solidarioak izanez, gure bizitza apala elkar banatzen duten andre-gizonak izan nahi dugu. Jauna, zure laguntza behar dugu.


BIRJINAREN IRUDI BATEN AURKEZPENA

(Gazte batek egin dezake eskaintza hau)

OTOITZA - AZALPENA: Zure Semearen Amaren irudi hau aurkezten dizut. Gure Ama lez hartzen dugu eta zure bitarteko lez. Bere antzera, zure Hitzaren entzule eta zure nahiaren betetzaile izan nahi dugu. Berarekin batera, Jesusek ebanjelioan agertzen digun FAMILIA BERRI hori eraiki nahi dugu.


ORIO ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Bere konpromisoa Elizaren muturreko egoeratan bizi duen pertsona heldu batek egin dezake)

OTOITZA - AZALPENA: Orio ontzi honekin hau agertu gura dizugu: pertsonak onartzeko eta sufritzen daudenen penak arintzeko hartzen dugun konpromisoa. Besteen zerbitzura bizi nahi dugu. Gure helburua beti BESTEAK dira. Zure Elizak beti besteen ardura izatea gura dugu.

Agurra

Senideok: Jesus berpiztuaren inguruan, bere Hitzaren eta Ogiaren mahaian parte hartu dugu. Bere ESKOLAKOAK izaten jarraitu nahi dugu. Horretarako aukera berri bat eskaintzen digu: Berak hasitako FAMILIA BERRIA osotzen joan. Orain, bere Familia horren testigu izatera bidaltzen gaitu. Hartu dezagun bere bedeinkazioa.

Egun honetarako gogoeta

“Hauek dira nire ama eta nire anai-arrebak.
Jainkoaren nahia betetzen dutenak dira
nire anai, nire arreba eta nire ama”





Pazkoetako jai nagusiak amaitu ondoren (Piztuera, Igokundea, Pentekoste…), berriro ere Nazareteko Jesus Maisuarekin ELKARTZEN gara. Bera beti gurekin dator, gure ondoan. Bere ESKOLAKO kide bezala nahi gaitu. Benetan merezi du berak eskaintzen digun guztia sakontzen eta norberaganatzen joatea.

Dena dela egoera konkretu bat agertzen zaigu: bai Jainkoaren eskaintza zein Jesusen proposamena, geure esku dagoela onartzea edo baztertzea. Horrela izan da giza historian, bai hasierako egoeratan (1. Irakurgaia), baita Jesusen denboran ere; onartzen dugunontzat, bera dugu Jainko Aita-Amaren presentzia salbagarria (ebanjelioa).

Gaurko ebanjelioan, bere herritarrak Jesus baztertzen dutela agertu zaigu. Herriko lege-maisuak iraindu egiten dute; deabruaren indarrez jokatzen duela salatzen dute; espiritu gaizto batek bere barnea hartuta duela. Arrazoia? Bere hitzak eta ekintzak, mundua maite duen Jainko bat agertzen dutelako. Eta pertsona apalak eta baztertuak dira Jesusen berba salbagarri hori onartuz, Berarengana hurreratzen direnak.

Dena dela ITXAROPENERAKO DEIA ere egiten zaigu: gaurko kontaketan, Jainko Aita-Amaren borondatean, maitasunean bat eginda, Jesusek ANAITASUN BERRI BATERA deitzen digu. Jesusen inguruan elkartzen den FAMILIA dugu: “Hauek dira nire ama eta nire anai-arrebak. Jainkoaren borondatea egiten duena, horixe da nire anaia, nire arreba eta nire ama”. Bere deia entzun gura dugunontzat argi esanda dago.

Jesusen PROPOSAMENAREN aurrean aurkitzen gara: bere familiako partaide izan gintezke, edo… “beste bide batetik jarraitu”.

ZORIONTSUAK Jesusek proposatzen digun
FAMILIA BERRI horretan parte hartu gura dugunok,
Jainkoa izango da gure Aita-Ama.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Jainkoaren nahia egiten duena, horixe dut nik anaia, arreba eta ama”

(Mk 3, 35)

 

 


bidean@bidean.net
orue