Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - 3. igandea - 2018.eko Martxoaren 04a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Garizumako Hirugarren igandea ospatzen dugu, Bazkora bidean aurrera, hain zuzen ere.

Jaungoikoaren Hitzak gogoratuko digu, beste behin, gu denok salbamen-premian aurkitzen garela, eta gure salbamen bakarra Jaungoikoa, askatasunaren Jauna eta iturria, onartzea dela.

Horretarako, Jerusalengo tenplutik salerosleak jaurti zituenekoa entzungo dugu, Jesusen haserrearen adierazgarri lez, alde batetik; eta bestetik, gizakiak Jaungoikoarekin aurkitzeko leku barri bat eskaintzea: JESUS BERBERA. Hona hemen eginkizun bete-betea: Jesus gure bizitzetan onartzea. Prestatzen gaude.

Jaunak Berak deituak garelako, pozez hasten dugu sinesmen eta senidetasun ospakizun hau.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Irteera 20, 1-17

Entzungo dugun zati honetan, Jainkoak Moisesen bidez, bere borondatea agertzen die gizakiei. Gogo hori, harrizko taula bitan idatzitako hamar aginduetan laburbiltzen da. Herria morrontzatik askatu ondoren Jainkoarekin egindako ituna dugu. Denborarekin Itun hori eraberritzen joango da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 1, 22-25

Pauloren testigutza entzungo dugu: gure Jainkoa, Jainko gurutziltzatua da. Ez da indarrez nagusitzen den Jainko mendekatzailea; Jainko ahula, samurra dugu, errukiorra, barkatzeko prest dagoena eta gizakia barru-barrutik maite duena. Jainkoagan euren bizitzarako “irteera magiko” bat bilatzen dutenentzat, eskandalagarria suertatzen zaie. Jainkoaren handitasuna ezagutzera sinesmenez bakarrik heldu gintezke. Onar dezagun bere testigutza.


Ebanjelioa: Joan 2, 13-25

Gizakiok Jainkoarekin ditugun harremanetan, Jesusekin era barri bat hasten dela agertu gura digu Joan ebanjelariak. Jesusek jauretxe zaharra ordezkatzen du, eta Bera benetako eta betiko jauretxe lez aurkezten zaigu; jainkotasunak eta gizatasunak bat egiten duten pertsona lez. Jesusen bitartez, kristauok ere Jainkoaren egonleku gara. Mezu eder hau entzuteko prestatzen gara, zutik “AINTZA JESUS” abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Semearengan seme-alaba garela jakiteak poztuta, jo dezagun gure Aita den Jainkoarengana, eta aurkeztu diezazkiogun gure otoitzak eta beharrak, gure Salbatzaile Jauna Bera baitugu.

1.- Elizaren alde: bere kide bakoitzarengan eta guztiengan egiazko tenplua, hau da, Jainkoarekin topaketa egiteko aparteko lekua izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Misio bezala Jainkoaren Hitza predikatu behar duten guztien alde: gurutzearen jakinduria adierazten jakin dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gure herriko eta munduko bakearen alde: guztion artean, elkartuko gaituzten eta egiazko bizikidetzara eramango gaituzten bideak aurkitzeko gauza izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gaixotasuna eta bakardadea, pobretasuna eta bazterketa sufritzen ari direnen alde: Jainkoak sendotasuna, adorea eta itxaropena eman diezaien, eta baita gure solidaritatea senti dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jainkoaren Hitzarekin leialak garela, ingurukoentzat Jainkoarenganako bide izaten lehia gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta Garizumako denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



BATAIOKO OSKOLAREN AURKEZPENA

(Edozein pertsona helduk egin dezake, hurrengo hau esanez:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, bataiatzeko erabiltzen den oskol hau dakarkizut. Zure grazia eta Espiritua emanez elkarte berri baten sartu gaituzu, zure familiako egin gaituzu, zure Erreinuaren zerbitzari egin gaituzu. Duintasun hori zainduz, zure lekuko izan gaitezela.


KANDELEN AURKEZPENA

(Elkarteko bi gaztek aldare gainean ipiniko diren kandelak eramaten dituzte. Horietako batek dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, batzar hau argituko duten eta zure Seme Jesu Kristogan dugun sinesmenaren ezaugarri diren kandela hauek ekarri ditugu. Zure Espirituaren dohainez eta zure esku zabaltasunez piztu dituzu gutariko bakoitzarengan. Gure esker ona agertu nahi dizugu eta gure bizitza argitzen eta zuzentzen duen sinesmen horretan aurrera egiteko gogoa eskaini.


GURPIL AULKI BATEN PERTSONA EZINDU BAT AURKEZTEA

(Osasun pastoraltzan lan egiten duen batek edo gaixoak zaintzen edo laguntzen aritzen den norbaitek egin dezake aurkezpen hau)

OTOITZA – AZALPENA: Nik bi gauza era batera eskaini nahi dizkizut, Jauna: Neuk zaintzen dudan gaixo honen sufrimendua eta berarekin ditudan ardura guztiak. Bi esperientziak osatzen dute, Jauna, Zuk nahi duzun erlijioa: sufrimendua eta gaitza geureganatu, eta jakinaren gainean egon, guk eskaini geniezazukeen oparirik onena horixe dela: lagun hurkoaren alde emandako bizitza. Arren, eskatzen dizut, gure ahaleginak bat egin ditzazula Jesus zure Semearen Gurutzearekin, eta garbi ditzagula, gero eta Haren ahaleginaren antzekoak izan daitezen.


GAURKO MARTIRIEN KARTELAK edo DIAPOSITIBAK AURKEZTEA

(Gaurko munduko errealitatearen erakusgarri diren kartelak edo diapositibak: pobrezia, gosea, droga...; eta baita, lehenago nahiz gaur bertan justiziaren eta bakearen alde borrokatu dutenen kartelak edo diapositibak)

OTOITZA – AZALPENA: Aldare mahaiaren gainean jartzen dizkizugu, Jauna, gaurko gizateriaren jopukeriak eta borrokak: pobrezia, gosea, drogak...; eta baita eurak sustraietatik ateratzeko eta desagertzeko hainbeste ahalegin egiten duten gizon-emakumeen etengabeko borrokak ere. Gure eskaintza hau Jesus zure Semearen eskaintzarekin bat egin dezazula, Zuri atsegin zaizun sakrifizio bakarrean; onar ezazu, Aita, Jesusen heriotzarekin egin zenuen bezala. Era berean, bete itzazu gure bihotzak askatasun gurari biziz eta euren aldeko borrokara bultza gaitzazu; lasaikeriatik eta errazkeriatik askatu gaitzazu; gogo berotu gaitzazu eta emaguzu zure grazia, benetan bihotz berritu gaitezen eta maitasun fruitu garbiak eman ditzagun.


GOBERNUZ KANPOKO ERAKUNDE (GKE) BATEN AURKEZPENA

(Ez ezinbestekoa delako, hainbesteren artean BAT; gainerakoak urtean zehar aurkezten joango gara, igandeetan eta jai egunetan banatuta. Gaur beroni buruzko txosten bat edo GKE honen ekintzak azaltzen dituen proiektu bat aurkeztea izango da)

OTOITZA – AZALPENA: Hainbeste talderen giza giroko ekintzak aurkezten dizkizugu gaur, Jauna, gizarte mailan eta kultura mailan makalenak direnen alde ari direnenak. (Talde baten izena) talde honen ekintzaren bidez aurkezten dizugu. Onar ezazu, Jauna. Zure Erreinua gauzatzen da beren konpromisoari esker, fededunak zein fede gabekoak izan. Eta gu ere, egunetik egunera behartsuenekin sentiberago eta beraiekin lotuago bizitzera eraman gaitzazu, batez ere Garizumako bide honetan zehar goazela.

Agurra

Senideok: “Jainkoaren etxea” aipatzea ez da Elizaren gauzez mintzatzea; horiek ere Jainkoarenak izan arren, “Jainkoaren gauzez” eta “Jainkoaren kausaz” hitz egitea da, Berarentzat sakratua denaz aritzea. Eta Jainkoarentzat PERTSONAK dira sakratuak, bizitza, zuzentasuna, bakea, munduan ernaltzen den Erreinuaren hazia da santua. Ez dezagula ahaztu Jainkoaren tenpluak garela, Jainkoarekin topo egiteko lekuak. Jainkoaren beharra dutenek, Jainkoaren bila ari direnek, sumatuko al dute gure bizitzetan Haren presentzia eta maitasuna? Izan aste on kristau testigutzarako!

Egun honetarako gogoeta

“Hain maite izan du Jainkoak mundua, bere Seme bakarra eman dio,
Hari sinesten dion inor galdu ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan”




Bagoaz Garizumako bidean aurrera: Bazkorako BIDEAK aurrera jarraitzen du. Lehenengo etapa bete dugu, eta bigarren etapa hasteko prestatzera goaz. Non eta zertan aurkitzen garen galdetu beharra dugu:

- Jesusi jarraitzen diogu pausoz pauso?
- Berarekin IDENTIFIKATZEA, bere bizi tankera hartzen joatea, hori ahal da nire BIHOTZ BERRITZEKO BIDEA?


Baliteke gugan holako mamuak agertzea: “Dena da alferrik”, “gureak egin du”, “ez du merezi”, “hemen dena da aldapa gora”, “ezin dut aurrera egin”, “denak berdin jarraitzen du”... eta antzerako erre usaineko indaba batzuk, Horren hurrengoa hauxe da: Ia-ia jota edo porrotaren kolpez mailatuta gaudela. Kontuz! Geure ingurutik ere seinale berdintsuak irits daitezke: edukitzea, gozatzea, kontsumitzea, pilatzea, hori dela gure barruko egon ezinak baretzeko bide bakarra.

Bete-betean datozkigu ospakizun honetan aldarrikatzen eta iragartzen zaizkigun hitzak eta keinuak. Helburua argi eta garbi dago: Jaunarengana zabaltzea eta bere iragarpenetik darion indar salbagarria aurkitzea.

- Ez ote zaigu iritsi Jesusen proiektuak “dastatzeko” ordua, bere zentzua bete-betean aurkitzeko ordua?
- Baliteke Berak gu bakez, ilusioz, bizi pozez, harrera oneko jarreraren bidez, adiskidetze giroz gu bete ahal izatea. Nork jakin!
- Askoz gehiago, baliteke mundu gizakoiagoa, elkartasun zaleagoa, Jaunaren nahiaren antzekoa egiten jarraitzeko gogo beroz gu azkartzea ere!


ZORIKONEKOAK honetan saiatzen direnak:
PAZKO JAIA horrelakoentzat izango baita!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Ez egin nire Aitaren Etxea merkatu-etxe"

(Jn 2, 16)

 

 


bidean@bidean.net
orue