Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 7. igandea - 2019.eko Otsailaren 24a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak Jesu Kristo Berpiztua anaitasunean ospatzera.

Gaur ere gure senidetasunaren mahaiaren inguruan elkartu gara gure fedea eta itxaropena bizitzera. Gure bizitzak beti egon behar du aurrera begira. Behin eta berriro erortzen gara huts beretan, baina Jaunaren Hitzak zera gogoratuko digu Ebanjelioan: “Zuek maitatu arerioak, egin ondo gorroto dizutenei, bedeinkatu madarikatzen zaituztenak, egin otoitz izen ona kentzen dizuetenen alde”.

Sarritan, Jainkoa ahaztu eta senideengandik aldentzen garenean, urratu egiten dugu Jainkoak gurekin protagonizatzen duen maitasun historia. Hala ere, ospakizun honetan, Hark berritu egingo du gurekin duen maitasun ituna. Has dezagun ospakizuna.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 1 Samuel 26, 2. 7-9. 12-13. 22-23

Dabidek ez du atentaturik egin nahi Jainkoak gantzutu zuen Saul erregearen aurka. Dabidek ez dio gorrotoari gorrotoz erantzuten, eta auzia Jainkoaren eskuetan uzten du. Dabiden keinua barkatzen eta gizakiak onartzen dituen Jainko Aitaren ezaugarria da. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 15, 45-49

Irakurgaiaren testuinguruan, Paulok honako hau gogoratuko digu: Kristo hil eta piztu egin zela, eta Haren piztuerak ziurtatzen duela gurea. Gizaki lurkoiaren irudiak gara; gizaki zerutarraren irudiak izango gara.


Ebanjelioa: Lukas 6, 27-38

Mendiko Hitzaldiaren eskabideak erabatekoak dira, arerioa maitatzeko eskatzerainokoak. Jesusek kontrasteen bidez azaltzen dizkigu bere irakatsiak. Zoriontasunek ez dute eskatzen Jainkoarenganantz bakarrik zabaltzea, baita senideengana zabaltzea eta hareen zerbitzuan ipintzea ere.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren Espirituaren eskuetan ipinita, aurkez diezazkiogun Aita-Amari gure otoitzak premia guztien alde.

1.- Mundu osoan zehar zabaldurik dagoen Elizaren alde: gure Maisu Jesusengandik ikas dezagun arerioak maitatzen, guztiei barkatzen, guztiekin errukiorrak izaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gizatasunik gabeko egoeran, beharrezko ondasunik gabe, giza eta kultura mailarik eta babesik gabe bizi diren hainbeste gizonen, emakumeren eta haurren alde: beren egoeran eskua emango dien jendeak aurki ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Gizon eta emakume guztien alde: ez gaitezen ipini giro errazaren eraginpean eta saia gaitezen gure bizitzetan eta gure inguruan ongi egina eta egia beti garaile atera daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Munduko eta gure herriko bakearen alde, guztiok errespeta ditzagun besteen ideiak. Desiratzen dugun bakera eramango gaituen bide berriak zabaltzeko biltzen eta elkarrizketatzen ari diren hainbeste gizonen eta emakumeren alde. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokiako elkartearen alde, guztion onaren bilatzaile saiatuak izan gaitezen; Jesus Jaunaren, Maisu bakarraren antzera maitatzeko eta barkatzeko gai izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ZUZENKI BATEN AURKEZPENA

(Irakasle edo aita batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, oraindik gure familietan eta eskoletan uste dugu heziketa gogorkeriaz egin behar dela; horren ezaugarritzat dakarkizut zuzenki hau. Jakin badakigu gogorkeriak ez duela ezertarako balio eta are gutxiago gure seme-alaben heziketarako. Hau eskaintzerakoan, beste pedagogia baten aldeko aukera egiten dugula agertzen dizugu: elkarrizketan, errespetuan, tolerantzian eta erantzukizunean oinarritutako heziketa.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Errukiaren eta bestea ongi ikusi nahi izatearen ezaugarria den botika hau dakarkizugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan olioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten zuen antzera egiten jarraitu nahi dugu.


KARITASEKO AZKEN HORMA-IRUDIAREN AURKEZPENA

(Karitas taldeko batek egiten du. Gero eliza barruan uzten da)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, Karitasek azken kanpainan ateratako horma-irudi hau dakarkizut; Elizak pobrezia salatzeko duen erakundea dugu. Ahotsik gabekoak isildu ez daitezen, gure ahotsa erabiliko dugula agertu nahi dizugu. Beren salaketak eta arazoak gizarteak entzun ditzan, gure lana eta ahalegina eskaintzen dugu. Jauna, egin gaitzazu behartsuenen hurkoak eta solidarioak.


ONTZI BATEN LEGAMIAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.


ARGI PIZTU BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egin lezake)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, nik kandela (edo farola) piztu hau dakarkizut zure Seme Berpiztuaren ezaugarri gisa; bere argiaren inguruan bildu zituen lehen kristau elkarte biziak. Hau da gure desioa: zure mezua oinarritzat harturik eta elkarte bizitza bizirik eta elkar banaturik, “besteentzat argi” izatera eta gure elkartetik kanpora ere, gure hitzez eta bizieraz gizakien aurrean zu iragartzera irits gaitezen. Jauna, emaguzu zure grazia eta indarra.

Agurra

Senideok: Jainkoaren Hitzak irizpide argiak eman dizkigu gure senideekiko jarrerak eta portaerak zuzentzeko. Bizitza aurrera doa, eta entzun eta ospatu duguna zabaltzea dagokigu, gauden lekuan gaudela. Ez da aste beterako lana, bizitza osorakoa baino. Zabal diezaiogun gure bihotza maitasunari, barkamenari, senidetasunari, pozik bizi dezagun kristau egitasmoa.

Egun honetarako gogoeta

“Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala”



Jesusen pentsatzeko era, gauzak ikusteko era eta maitatzeko era ezagutu eta geureak egin nahi ditugulako, bere LORRATZAK jarraitzen ditugu. Horrela, eskaintzen digun Berri Ona ONARTZEN eta barruan duen indarrez bizi izaten ikasiko dugu.

Presta gaitezen igande honetako mezua entzuteko. Ea baldintzarik gabe eta geure aldeko interpretazio interesaturik gabe egiten dugun. Soil-soilik gure bihotza zabaldu eta onartu. Gutariko bihotz askotan, “zauri zaharrak” senda litzakeen mezua dugu. Ziur egon, gure munduak eta gure kulturak behar duten ikuspegi eder bat zabalduko digu.

Proposamena argia eta erabatekoa da: hutsean maitatu eta baldintzarik gabe barkatu. Hauxe da Jesusek seinalatzen digun bidea. Gure erlazioak interesatuak eta norberaren probetxurako izan ez daitezen diosku hori. Eskaintzen digun irizpidea gizatasunez beterikoa dugu: “ez ezazu besteentzat nahi zeuretzat nahi ez duzuna”.

Deigarriena da era honetara bizitzeko arrazoia non dagoen: JAINKO BERAGAN dago. “Izan zaitezte errukiorrak, zuen Aita errukiorra den bezala”. Eskandalagarria eta neurriz gainekoa! Baina horrelaxe da. Benetan, gure Jainkoak ez du erremediorik. Horregatik, hain erraz eta arinkeriaz erabiltzen ditugun esamoldeak, “denak batera ordainduko dizkidazu”, “barkatu, bai; baina... ahaztu, ez”, “egiten duenak ordaindu dezala” eta antzerakoak ez daukate lekurik Jesusen planteamenduan, nahiz eta beren burua “katolikotzat” edo “elizako” bezala dutenak esan. Gaurko ebanjelio zatia lasaitasunez irakurri beharra dugu.

Lehen irakurgaiko Dabiden irudia eta ebanjelioko lerro bakoitza JAINKOAREN EGITASMOA bere sakontasunean bizitzera bultzatzen gaituen proposamena da: Erreinuaren berritasuna.

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Besteek zuei egitea nahi duzuena, egin zuek ere besteei"

(Lk 6, 31)

 

 


bidean@bidean.net
orue