Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

C Zikloa - Urtean Zehar 1 - 8. igandea - 2019.eko Martxoaren 03a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Ongi etorriak, anai-arrebok Jesus Berpiztuaren inguruan egiten dugun ospakizun honetara.

Nazareteko Jesusengan sinesten dugunok astero deituak izaten gara. Bere helburua: gu guztiok FAMILIA BAKARREKO KIDE izatea da; horixe da izan ere Aitaren gogo nagusia. Jesusek IZATEKO eta BIZITZEKO ERA BARRI BAT eskaintzen digu. Bere proposamena ezagutu eta geureganatzen goazen neurrian, beragan dugun KONFIANTZA ere sendotzen joango da.

Kristauon berezitasuna ez da Jesukristori buruz zerbait jakitea, berak planteatzen diguna bizitzarako merezi duela eta betetzera konprometitzen garela baino. Jesusi jarraituz, mundu hau gizakoiagoa egin eta benetako giza harremanak ditugun ingurua sortzen joan nahi dugu.

Jainkoaren Hitza horretarako bide eta argi izango dugu.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Sirak 27, 5-8

Jakintsuak, bere esperientzian oinarriturik, pertsonaren irudi bat eskainiko digu. Barrutik ezagutzen gaituen Jainkoak, balore batzuk zaintzera konbidatzen gaitu. Gogoeta hau entzuteko prestatzen gara.


2. irakurgaia: 1 Korintoarrei 15, 54-58

Paulo apostoluak, Jesusen antzera bizitzera konbidatzen gaitu. Gure bizitza bere antzeko egiten dugun neurrian, heriotzak ere ez gaitu aldenduko berarengandik; bere bizitza aintzatsuan parte hartzera deituak izango gara. Onar dezagun gogoeta pozgarri hau.


Ebanjelioa: Lukas 6, 39-45

Besteei laguntzeko, lehenago gure barrua zaindu eta landu behar dugu. “Itsu batek ezin du izan beste itsu baten gidari”. Norberaren bizitza Jainkoari begira bizi izanaz, besteen laguntzaile izateko proposamena egiten digu Jesusek gogoeta honetan. Zutunik ALELUIA abestuz prestatzen gara ebanjelioa entzuteko.

Jainko herriaren otoitza

Jesukristoren bitartez Jainko Aita-Amari zuzentzen dizkiogu gure eskariak.

1.- Elizaren alde: Ebanjelioaren mezua pertsona guztiei iragartzeko aske sentitu dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Misiolari guztien alde: egiten duten lana ebanjelioaren zerbitzurako izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Borrokan edo guduan bizi diren herrien alde: elkarrizketaren bidez bakerako bideak egiten ahalegindu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Kristau familien alde: Jesusek tokia duen benetako maitasun elkarteak izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure parrokietako eta Elizbarrutiko gazteen alde: eliztarron laguntzarekin, Jesukristorekin aurkituz, bere jarraitzaile izan daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

Oharra: erabilgarriak, "errazak" eta kristau elkartearen ibilbidean erabil daitezkeen "EZAUGARRI" ugari eskaintzen dugu.

Mesedez: Elkarte edota Liturgia talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



MAKILA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko heldu batek egin lezake. Ahal bada, itsu baten makila hobeto legoke)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, makila hau aurkeztean, ni eta elkarteko kideok, besteentzat lagungarri izan nahi dugula agertzen dizut. Itsuak zuzentzen ari den itsua izan ez nadin, ireki, Jauna, nire begiak. Iluntasunean ari den mundu honen erdian argi pixka bat jar dezadan, bete nazazu zure argitasunez.


GARIZUMAKO EGITARAUAREN AURKEZPENA

(Kontseiluko arduradunak egiten du. Horma-irudi handi bat iragarkien tokian jartzeko eta eskura emateko orriak)

OTOITZA - AZALPENA: Jainko Aita-Ama ona: hona hemen gure elkartearen Garizumako egitaraua. Kristau Garizumak bihotz-berritzera deitzen digu. Jauna, emaguzu gure barruan isiltasuna eginez zuri entzutea; Zuk eskatzen diguzuna onartzea; eta zure Seme Jesusi jarraituz Pazkora heltzea. Zurekin kontatzen dugu.


ATERKI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, ni aterki batekin nator. Zure eskarien aurrean sarritan aterkia zabaltzen dugu ez “bustitzeko”, zure Hitzaren eskariak ez betetzeko. Sarritan beste leku batera begiratu dugu edo hori, beste pertsona batzuentzat dela pentsatu dugu. Jauna, alda ezazu gure bihotza, zure Hitza onartzeko eta zure eskakizunak betetzeko prestatuz.


FRUITUZ BETERIKO OTZARA BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko haur batzuk egin dezakete eskaintza hau)

OTOITZA - AZALPENA: Jauna, fruitu gozo eta ederrez beteriko saski hau eskaintzerakoan, hurrengo hau agertu nahi dizugu: guk ere arbola on eta osasuntsuak izan nahi dugula. Gure bizitzak antzuak ez, baina emankorrak izan daitezela. Zure graziari esker, kristau fruituak eman ditzagula.

Agurra

Anai-arrebok: gaurko ospakizuna amaitzera goaz baina izan dezala oihartzuna gure eguneroko bizitzan. Entzun eta ospatu duguna eguneroko bizitzara eramaten ahalegindu gaitezela. Garizumaren hasiera honetan, gure gizartean testigu izatera deituak gara. Har dezagun Jainkoaren bedeinkapena.

Egun honetarako gogoeta

“Ona denak fruitu ona ateratzen du bere bihotzeko gordailu onetik…
Bihotzean ugari dagoenetik berba egiten du ahoak”




Jesusen ondoan jarraitzen dugu. Bere ESKOLAN ikasten jarraitu nahi dugu. Gure izatea berak biziaz, zentzuz, argiz eta itxaropenez bete dezakeela sinesturik gaude. Eta… hainbatetan eta egoera ezberdinetan bere argia eta itxaropena behar ditugu…! Hemen gaude bere elkarteko kideok Bera onartzeko prest.

Igande honetako liturgiak gure barrura, GURE BIHOTZERA begiratzeko konbita egiten digu; hortxe aurkitzen da gure bizitzako, gure jarrera, gure ikusteko eta besteak ulertzeko SEKRETU NAGUSIA; baita gure biziaren eta ekintzaren zentzua ere.

Errez ulertzen diren konparaketa batzuen bidez, Jesusek gure bizitzaren sakontasuna zenbaterainokoa den ikustera konbidatzen gaitu; besteekiko harremanetan nolakoak diren gure portaerak. Horregatik galdetuko digu: “Itsu bat izan daiteke beste baten itsu-aurreko? Ez dira biak zuloan eroriko?”. Hurrengo hau ere nahiko argi planteatzen du: “Zuhaitz onak ez du ematen fruitu txarrik, ez eta zuhaitz gaixoak fruitu onik”. Indartsuago esan daiteke baina argiago esatea ez da erreza. Inork ez gaitu izendatu inoren epaile, eta gutxiago oraindik gure barrura behar den bestean ez badugu begiratzen: “Zertan zaude anaiaren begiko samarrari begira, eta ez zara konturatzen zure begian duzun habearekin?”. Nolako jarrera izaten dugu besteen aurrean?

Jesusek planteatzen digun honek, besteen gainetik edo hobeak garela ez dezagun pentsa konturatu gaitezen diosku. Bere proposamena argia eta eskakizun handikoa da: “Ona denak fruitu ona ateratzen du bere bihotzeko gordailu onetik… bihotzean ugari dagoenetik berba egiten du ahoak”. Hor dago Jesus Maisuak uzten digun abisua.

Hola bukatzen dugu Eguberri eta hurrengo egunetan hasiko dugun Garizumako tarte hau. Gure begien aurrean AUKERA berri bat izango dugu. Aukera berri bat Jesus Maisuagandik ikasi eta aurrera egiteko. Jainko Aita-amaren PROIEKTUAREKIN bat egiten joan gaitezen Berak esango digu zein den BIDEA. Bide hori jarraituz ondo sentituko gara eta gure biziaren osotasuna aurkituko dugu.

ZORIONTSUAK Jainkoaren PROIEKTUA onartzen dutenak,
OSOTASUNEAN bizi izango dira!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Zuhaitz bakoitza, bere fruituetatik ezagutzen da”

(Lk 6, 44)

 

 


bidean@bidean.net
orue