Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

A Zikloa - Eguberriak - 2. igandea - 2020.eko Urtarrilaren 05a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Egun on eta ongi etorriak, Belengo haurraren inguruan elkartuz, anai-arrebekin Eukaristia ospatzera etorri zaretenoi.

Gabon jai inguruan jarraitzen dugu, baina gaur igandea soilik ospatzen dugu: Jaunaren berpizkundea. Ospakizunean pozik egoteko eta Jaunaren Hitza gureganatzeko giroa egiten saiatuko gara. Hor entzungo dugu: Jainkoarengan zegoen Hitza agerpen eta berri emaile dela. Hitz hori Bizi eta Argi emaile zen. Gu ere, “haragi egin den” eta “gure artean lekua hartu duen” Hitz horren fruituak gera. Haragi egin den, gure ezintasunean bat egin duen, gure haize berbera hartzen duen, gure arazoetan bat egiten duen Jainkoa dugu.

Jainkoaren bila zerura begiratzen dugu eta ez gera konturatu gure ondoan dugula eta gure barruan benetan hartu gabe jarraitzen dugu. Jainkoaren Gizakundea aitortzen dugu eta Kristo gure artean dagoela ahazten dugu: pertsona artean, pertsonekin eta pertsonengan. Eukaristia honek lagun diezagula anai-arrebengana hurbiltzen eta guztiak gure barruan onartzen.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Siraken Jakinduria 24, 1-4. 8-12

Jainko JAKINDURIAREN goralpen handienetakoa entzungo dugu. Jakinduria horrek bere testigutza eskaintzen digu eta Jainko sortzaile eta salbatzailearen agerpena dugu; bere espiritua, bere hitza eta bere gogoa ezagutzera ematen dizkigu. Jainko herriak hartzen du eta bere argitara bizitzen saiatu. Gizakion bihotza gogo-berotzen duen dohaina dugu. Hauxe da jakintsu sinesmendunaren ondorena. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Efesotarrei 1, 3-6. 15-18

Jainkoaren herri berria den Elizari buruzko gogoeta bat eskaintzen digu Paulo apostoluak; mundua sortu baino lehen aukeratu gintuen Berak. Jainkoak, bere neurrigabeko maitasunez eta Jesukristoren bidez, bere seme-orde izateko aukeratu gintuen. Gure sinesmenaren oinarrian dagoen gogoeta hau entzuten dugu.


Ebanjelioa: Joan 1, 1-18

Joan ebanjelariaren gogoeta eskaintzen zaigu orain. Jesus, Jainkoaren azken Hitza bezala aurkezten digu. Hitz hori hurbilekoa da, gure artean ipini du bizilekua eta gure bizitza hori argitzera etorri da. Presentzia horretara zabalik egoteko proposamen eta gonbidapena egiten zaigu. Entzun dezagun.

Jainko herriaren otoitza

Jesu Kristogan Jainkoaren seme-ordeko garela jakitearen pozaz, aurkez ditzagun gure eskariak, entzunak izango garen konfiantzaz.

1.- Elizaren alde: Jesusi jarraituz, bizilekua pobreen artean jar dezan, Erreinuko hazi emankor izan, eta bakearen eta zuzentasunaren iragarpen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Eliza osotzen dugunon alde: Jainkoaren Argia eta Bizia Jesu Kristogan haragitu direla kontuan izan dezagun; gure lozorrotik atera, eta berak argitu eta biztu gaitzala gizaki guztiok. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Sufritzen dauden gizaki guztien alde: gutako bakoitzarekin arduratzen den Jainko onaren albiste onak ezagutzeko aukera izan dezaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Gobernuetako agintarien alde: herrien arteko ezberdintasun eta zuzengabekeria guztiak desegiteko pausoak eman ditzaten. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Otoitzean elkartu garenon alde: gure inguruan hurbiltasuna, bakea, solidaritatea ezarriz, “Jainkoa-gurekin” denaren testigu biziak izan gaitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, “errazak” eta denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten “EZAUGARRI” ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



KANPIN DENDAN ERABILTEN DAN ARGI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du. Isiotuta, aldarako kandelen ondoan ipintzen da)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, oporraldian hainbat gau-jai egin ditugu kanpin argi honen inguruan. Gure elkartasuna argitzeko balio izan digu. Gaur gure gurari eder baten ezaugarri bezala aurkezten dizut: bakarka eta elkarte bezala, zure Seme Jesukristo guretzat izan zen antzera, gure gizartearen erdian argia izan.


GATZEZ BETERIKO GATZONTZI BATEN AURKEZPENA

(Elkarteko pertsona heldu batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Nire izenean eta elkartearen izenean gatzontzi bete hau aurkezterakoan, mundua eraldatzen eta ebanjelizatzen dugun konpromisoa gogoratu eta gaurkotu nahi dugu. Historian zehar beste gizon-emakume askoren antzera, misiolari izaten jarraitu nahi dugu nahiz eta oztopoak ugari izan. Emaguzu zure grazia gatz honek bere indarra zaindu dezan.


ONTZI BATEN LEGAMINAREN AURKEZPENA

(Elkarteko militante batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Jainko ona, ore guztia eraldatzeko gai den legami pixka bat dakarkizut. Gizarte gizakoiago, berdintsuago eta solidarioago baten alde lanean gabiltzan militante guztien izenean egiten dut eskaintza hau. Gizon-emakume asko izan dira konpromiso honen erakusle. Onar itzazu haien bizitzak. Lan horretan aurrera egiteko behar dugun laguntza eta gaitasuna eskatzen dizugu.

Agurra

Senideok: “Eguberriak” direla esaten dugunean, Jainkoak bere hitzik ederrena eta samurrena esan duela gogoratu eta ospatzen dugu. Hitz hori, gure itxaropena, gure salbamena, gure argia eta edertasuna da.

Eguberriak, Jainkoak gizakiokin daukan konpromisoan bat egiteko gonbidapena ditugu. Jainkoa ez da geratu ate ondoan, gure sutondora sartu da. Jainkoak gure historian bat egin du, guk bere espiritua xurgatuz, bere konpromiso horretan bat egin dezagun. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Eta hitza haragi egin zen eta gure artean ipini zuen bizilekua
eta guk ikusi dugu Haren aintza”




EGUBERRITAN jarraitzen dugu; Jainkoak gizaki guztioi digun MAITASUN misterio hori kontenplatzen jarraitzen dugu. Jainkoa, aurrerantzean beti gizakion ondoan egongo da. Ikaragarria da: Jainko honek liluratu egiten gaitu.

Igande honetan, aldi honek eskaintzen digun mezuan sakontzen jarraitzen dugu. Jesusen etorrera, ebanjelariek SALBAMEN GERTAERA bezala deskribatzen dute. Herri baten itxaropenen gailurrera iristea eta historiako ALDI BERRI baten hasiera bezala. Dena berri izaten hasten da.

Zergatik ALDI BERRI bat? Bizitza eta gizakien historia argitzen duen ARGI berri bat sortu delako. Guzti hau haragia hartu duen Hitzari esker gertatzen da: JESUSI esker. Bihotzean sinesmenez onartzen duten guztien bizitzak argitzen dituen argia dugu. Horregatik, Kristo onartzeak, bere Hitza argi eta bizi bezala onartzea eskatzen digu.

Gaurko mezu hauxe da: “bere etxera etorri zen... eta onartu zuten guztiei, Jainkoaren seme-alaba izateko eskubidea eman zien, Haren izenean sinesten badute...”. Hauxe da EGOERA BERRIA. Urtero Eguberrietan indar berezi batez gogoratzen zaigu. EGOERA berri horretan parte hartzeko, ONARTZEA eskatzen zaigu.

Zoriontsuak ONARTZEN dutenak,
BIZIAREN ARGIA izango dute!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

“Hitza gizon egin zen, eta gure artean jarri bizitzen”

(Jn 1, 14)

 

 


bidean@bidean.net
orue