Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - 4. igandea - 2018.eko Martxoaren 11a

Liturgia Salmoa

Ebanjelioa

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ongi etorriak ospakizun honetara. Pazkora bidean aurrera goaz.

Joan zen igandean, “era berri baten hasiera bezala”, Jesus bera aurkeztu zitzaigun “benetako tenplu” bezala. Gaur, gauez Jesusengana joan zen Nikodemo aurkeztuko digu liturgiak; itsututa lez, ezereztua sentitzen da. Bizitza aldatzeko prest zegoen baina horrek ez duala balio esaten diote; BERRIRO JAIO beharra daukala. Nikodemo argi zalea zen baina etzan seguru sentitzen bere egiarekin eta bila zebilen. Gau hartan Jainko gizatartuaren argia aurkitu zuen.

Prestatu gaitezen ospakizun honetan Hitz hori benetan hartzeko; Jainkoak maite gaituela, salbatzen gaituela eta bizi berritzen gaituela onartzeko. “Hain maite izan du Jainkoak mundua...” entzuten dugun bakoitzean, geure barruan maitasun berrikuntza hori eta salbatuak sentitu gaitezela. Hain zuzen ere, hauxe ospatzen dugu Eukaristian.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: 2 Kronikak 36, 14-16. 19-23

Idazle sakratuaren arabera, Israel herriaren atzerriratzea etzan hartu behar Jainkoaren galbide lez, bihotz berritze bide eta pekatuen barkamenerako baino. Jainkoa, Persiako erregea zen Zirogaz baliatzen da, herria morrontzatik askatu eta Jerusalengo tenplua berreraikitzeko. Entzun dezagun kontaketa hau.


2. irakurgaia: Efesotarrei 2, 4-10

Paulo apostoluak bere bizitzako testigutza eskaintzen digu: dena da grazia; dohaina da dena. Israel herriaren historia (eta gurea ere bai) bizitza eta heriotza artean dabil, argia eta iluntasun artean. Gure hutsegiteagatik hilda geundenok, Kristoren maitasunak biziazo gaitu. Salbatuak gara, Jainkoak horrela nahi izan dualako. Entzun eta onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Joan 3, 14-21

Joan, “ikasle maiteak” dioskun bezala, Kristo etzan etorri mundura inor galtzera, bere bitartez guztiak salbatzera baino. Horregatik, Joanen elkartea, etsipenerako bide barik, itxaropen eta baikortasun sortzailea izan behar du. Bere pobretasunean, Jainko argiaren hartzaile eta emaile izan behar du. Berri on hau entzuteko prestatzen gara, zutik “Aintza Jesus” abestuz.

Jainko herriaren otoitza

Jainkoaren seme-alaba izateak eta sentitzeak ematen digun konfiantzaz, eta, Jesusen erakutsiak eraginda, hain sarritan Aitaren aurrean egonaz, aurkeztu diezazkiogun gure beharrak, bai Elizarenak eta bai gizaki guztionak.

1.- Elizaren alde: bere pobretasunetik eta xalotasunetik, aurki ditzala oinazearen, gaixotasunaren, bakardadearen eta gure munduan agertzen diren hain baztertuta bizi diren gizon-emakumeak; senti ditzagula haien galderak, haien sendagileak eta beraiekin abegitsuak izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Gure artean eta munduko hainbat lekutan falta den bakearen alde: agintariek entzun dezatela herriaren oihua, ez dadila beste gerra bidegaberik sor; elkarrizketarako, tolerantziarako eta beste pertsonekiko errespeturako bide berriak ireki ditzagula. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Kristau guztion alde, Jainkoaren bizia eta Espiritua komunikatzeko gai izan gaitezela; Jaunaren eskuetan buztina bezalakoak izan gaitezela, Berak moldea gaitzan eta beti manten gaitezela bilaketan, entzuteko jarreran. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Beren bizitzan etengabeko bilaketan ari diren hainbat gizonen eta emakumeren alde, kristauok, konfiantzazko eta xalotasunezko jarreratik, Jainkoaren aurpegi berria erakusteko gauza izan gaitezela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gure Parrokiako Elkartearen alde, gure auzoan gehien sufritzen dutenekin hurbila izan dadila. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Garizumako denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ARGIAREN AURKEZPENA

(Ongi legoke bataio pastoraltzan dabilen batek egitea)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, hemen elkartuta gauden guztion izenean aurkezten dizut argi hau. Bataioko ezaugarria eta bertan hartu genuen konpromisoaren oroigarria dugu. Zure Seme berbiztuak piztu zuen eta gure bihotzak argitzen ditu; gure ekintza eta hitzekin munduko iluntasunak argitzera bidaltzen gaitu. Zaindu ezazu argi hori gugan, besteentzat argi izan gaitezen.


SENAR-EMAZTEAK BEREN SEME TXIKIA AURKEZTEN DUTE

(Senar-emazteak euren eserlekutik jaikitzen dira ume eta guzti, eta aldarera hurbiltzen dira, eskaintza egiteko. Biek hartzen dute parte, bata bestearen ondoren. Euren parte-hartzea buka ondoren, aldare aurrean bertan irauten dute, ospakizun denbora guztian)

OTOITZA – AZALPENA:

Senarrak: Jauna, hemen gaituzu gure seme (alaba) honekin, zeure opari eta gure maitasun fruitua da. Zure errukiari erantzuna izatea nahi dugu eskaintza hau. Zurea da, bete beragan zure salbamen asmoa.

Emazteak: Gure elkar maitasunari erantzuteko eta eusten jarraitzeko ditugun gogo nahiak ere eskaini nahi dizkizugu, horrek eraginda sortu, hazi eta hezi nahi ditugu ardura handiz. Hezi, baina ez helduak izateko aukerak eskainiz bakarrik; baita bete-betean pertsona izatea ere lor dezala lagunduz.

Bikoteak: Hala ere, zeregin horrek zenbat eragozpen sortzen dizkigun jabetzen gara eta, batez ere, pertsona erdipurdi eta manipulatzeko errazak nahi dituen gizartetik eta ingurutik sortzen zaizkigun eragozpenak. Horregatik, Jauna, emaguzu gure egitasmo eder hau betetzeko behar dugun grazia.


BOTIKA BATEN AURKEZPENA

(Azaleko kutxatxoarekin nahikoa litzateke. Osasun munduan dabilen batek egiten du)

OTOITZA – AZALPENA: Errukiaren eta bestea ongi ikusi nahi izatearen ezaugarria den botika hau dakarkizugu, Jauna. Hauxe da gure nahia: besteentzat sendagai izatea. Besteen zauriak osatuko dituan olioa izatea. Besteen arazoak arinduko dituen entzuteko gaitasuna izatea. Jesukristori begiratuz, berak egiten zuen antzera egiten jarraitu nahi dugu.


ESKU HUTSEN AURKEZPENA

(Emakume batek egin lezake. Esku hutsak erakutsirik dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Hemen naukazu, Jauna, esku hutsik. Nire ezereza agertzen dute, baina zuk beteko dituzun konfiantza daukat. Elkarte osoaren izenean, gure bihotz apala eskaintzen dizut, Zuk zure graziaz beteko dituzun itxaropenez. Jauna, zure Semeari zintzotasunez eta leialtasunez jarraitzeko emaguzu behar dugun laguntza, emaguzu bere Gorputza gure bizitzen janari gisa.


ALKARTEARI MISIOLARI BATEK EGINDAKO ESKUTZITZAREN AURKEZPENA

(Aurretiaz izan edo egin beharko dira harremanak halako pertsona batekin, zein erlijioso zein laiko izan; hobe Elkartearentzat ezaguna bada. Ez dago karta osoa irakurri beharrik; nahiko da ataltxo bat irakurtzea, edota halako leku batean egongo dela adierazi, norbaitek osoan irakurri nahi balu. Horregatik letra handiz idatzita aurkeztu, kartulina sendo baten edo)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, Elkarte honetako kide dugun eta senideengandik eta gugandik urrun misiolari ari den pertsona baten ESKUTITZA gaur Zuri eskaintzen dizugu. Munduan behartsuenak eta baztertuenak direnen artean beren bizia jokatuz ari den hainbeste gizon-emakumeren ahaleginak eskaintzen dizkizugu. Onar ezazu eskaintza atsegingarri hau, eta egizu geu ere zure maitasunaren testigu izan gaitezela hemen, geure gizartean eta kultura giroan.

Agurra

Senideok: Argi geratu zaigu ospakizun honetan, Jainkoak ezin gehiagoan maite izan gaituala, bere Semea emateraino, bete-betean erakutsi ere. Hauxe da eskaintzen digun mezua. Gure mundu honek ezagutu ahal dagiala geure bitartez. Aste on, kristau testigantza eta guzti!

Egun honetarako gogoeta

“Jainkoak bere Semea mundura bidali zuen,
Haren bitartez mundua salba dadin”




Garizumako bigarren etapan bete-betean sartuta, gaur ere liturgiak Jesusen jarraitzaile bakoitza lantzen jarraitu nahi du. Izan ere, Garizumaren helburua Jesusekin BIDEA EGITEA bada, bere Piztueraz IDENTIFIKATZEKO, bere irakatsietan sakontzen joatea beharrezko egiten zaigu. Hemen gaude, eta horretan dihardugu.

Gure bizitzan bada bizikizun bat: behin baino gehiagotan argi ilunetan ibili beharra. Sarri askotan lainope ilunpeak trinkoak eta sendoak dira, lodi-lodiak; noizbehinka, argiaren gozotasuna dastatzen dugu. Bizitza osoa, bere misterioak, bere kezkak eta galderak... eta heriotza bera ere kontrolatu nahi genuke. Baina gure ahaleginak ahalegin, gaurko aurrerapenak aurrerapen, ilunpe zabal lodiak aurkitzen ditugu gure esistentziaren barruan, bizi-bizirik.

Jainkoak munduari egiten dion OPARI gisa aurkezten digu GAUR liturgiak kristau salbamena; geuk sortu ditugun giza itsukeriak sendatzeko gai da Bera den ARGIA: ikuspegi berria, gauzetan eta jazoeretan sartzeko bide eta modu sakonago bat: JAINKOAK JESU KRISTORENGAN ESKAINTZEN DIGU. Bera da gizakiaren ilunpeak argitzen dituen Argia. Hala diosku Apostoluak: “Jaunak eginak gara. Berak sortu gaitu Jesu Kristorengan” (2. irakurgaia); “Hain maite izan du Jainkoak mundua, bere Seme bakarra eman baitio; Hari sinesten dion inor galdu ez dadin, baizik eta betiko bizia izan dezan” (ebanjelioa). Hona hemen gure biderako ARGIA.

ZORIONEKOAK, bila ibilita,
KRISTOREN ARGIAK argitzen dituenak!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Jainkoak bere Semea mundura bidali zuen, Haren bitartez mundua salba dadin"

(Jn 3, 17)

 

 


bidean@bidean.net
orue