Hemen zaude: Sarrera > Espiritualitatea - Testiguak > Elkartea ospakizunean > Igandeetako liturgia > Liturgia

B Zikloa - Garizuma - 5. igandea - 2018.eko Martxoaren 18a

Sarrerako oharra: MOTIBAZIOA

Senideok: Ondo etorri anaiarteko ospakizun honetara, Hitzaren eta Eukaristiaren mahai ingurura.

Gaur ospatzen dugu Garizumako azken igandea. Gogoratu, Garizuma, -hasieran esan zigun bezala-, Pazkorako, Jaun Berpiztuarekin aurkitzeko, prestaera bat zela; horrek esan eta eskatu gura duan guztia ahaztu barik.

Gaurko ospakizun osoak, Gurutzea besarkatu beharraren aurrean jarriko gaitu, eta behar den guztirako prest egotea eskatuko digu: heltzeko, hazteko eta zentzu betean bizi eta Kristoren arabera fruitu emateko ordua heldu zaigu. Proposamen bikaina da, sekulako erronka.

Fedez hasten dugu ospakizun hau, gurekin doan Jesus Jaunaren presentziak bizkortuta, Pazkorako bidean.

Irakurgaientzako oharrak

1. irakurgaia: Jeremias 3, 31-34

Jeremias profetak, Jainkoak bere herriarekin egingo duan itun berriaren iragarpena egiten du. Itun berri hori, harrian barik, gizon-emakume bakoitzaren bihotzean idatziko da. Horrela, Jainkoa beti Jainko izango da eta eurak, leialtasunez bizi den eta bere egitasmoa betetzeko prest dagoen bere herria. Ikuspen barri baten argitasuna dugu. Entzun dezagun.


2. irakurgaia: Hebertarrei 5, 7-9

Hebertarrei egindako idazkiaren idazleak, Kristoren abadetzaren misterioa aurkezten digu: Jainkoarekin harremanean bizi izan zen, bere hitza entzunez eta bere nahia bilatuz. Aitagan ipinita eukan konfiantza osoa eta horrek bere esaneko izatera eraman zuen. Izateko eta bizitzeko era berri bat agertzen zaigu. Gogoeta hau onartzeko prestatzen gara.


Ebanjelioa: Joan 12, 20-33

Entzungo dugun ebanjelioan, heriotzaren mehatxupean agertuko zaigu Jesus. Berak argi dauka: bizitza berria sortzeko norberena eman behar da; besteak bizi berritzeko, norberak besteagatik bizia emateko prest egon behar du. Bizitza maitasunetik dator eta norbera ematen den neurrian sortzen da bizi berria. Irakatsi ederra gaurko ebanjelioak eskaintzen diguna. “Aintza Jesus” abestuz prestatzen gara entzuteko eta onartzeko.

Jainko herriaren otoitza

Bere giza bizitzan deiadarrez eta negarrez Aitari otoitzak eta eskariak egin zizkion Kristoren bitartez, jo dezagun Jainko gure Aitagana, gizon-emakume guztien alde eskatuz.

1. Elizaren alde, batasunaren eta bakearen testigu: Jainkoak bere herriarekin egiten duen Itunaren testigu izan dadin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

2.- Herri guztietako gobernarien eta arduradunen alde: euren ahalegin guztiak gizarteko bizitza anaikorrago eta zuzenago baten alde elkartu daitezen. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

3.- Jainkoaren Erreinuagatik heriotza, jazarpena, gorrotoa eta destaina nozitzen dituzten guztien alde: beren bizitzetan senti dezatela Kristo hilaren eta berpiztuaren indarra. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

4.- Beren bizitzei zentzurik aurkitu ezinik eta itxaropenik gabe bizi direnen alde: Espirituaren eragina indarrez sar dadila horien bihotzetan eta bakea lor dezatela. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

5.- Gu guztion alde: Jesusi hurbiletik jarraitzeak, barkamenaren eta maitasunaren ezaugarri egin gaitzala, eta Aita Jainkoak onartuak izatearen gozotasuna ager dezagula ingurukoekin. ESKA DIEZAIOGUN JAUNARI.

Opagaiak aurkeztea

OHARRA: erabilgarriak, "errazak" eta Garizumako denboraldi honen esanahia eta Kristau Elkartearen bidea argi eta garbi adierazten duten "EZAUGARRI" ugari eskaintzen ditugu.

MESEDEZ: inork ez dezala pentsa guztiak egin behar direnik. Elkarte edota Liturgia Talde bakoitzak aukeratu eta bere errealitatera egokitu beharko ditu.



ESKUBETE GALGARAUEN AURKEZPENA

(Nekazari batek -Elkartean holakorik balitz- ospakizunaren aldare ostean dagoen ontzitik hartzen du esku bete galgarau, kontuz-kontuz aldarera eraman eta ospakizuneko buruak duen ontzi berri baten uzten ditu)

OTOITZA – AZALPENA: Lurra lantzen dudan esku berdinekin eskaintzen dizut gaur, Jauna, esku bete galgarau, bizitzaren eta piztueraren ezaugarri gisa. Zure Semeak erabili zuen metafora gisa, hauxe erakusteko: ez dagoela piztuerarik, heriotzarik gabe, ezta galbururik, lurrean hildako galgaraurik gabe. Guk gaur zure Semeak erabilitako konparaketa geuretzat hartzen dugu, gure bizitzak eskaintzerakoan, bizi betean berreskuratuko dugunaren itxaropenez.


LORE BATZUEN ETA LANDARE BIZI BATZUEN AURKEZPENA

(Elkarteko beste kide batek eskaintzen ditu orain lore edo landare batzuk, egunean bertan han edo hemen bildutakoak. Eta dio:)

OTOITZA – AZALPENA: Gure zelaietako fruitu hauen bidez, gure itxaropena dakarkizut nik, Jauna. Itxaropen honen oinarria zera da: Jesusen eskaintza eta heriotza baliagarri izan zirela, Zuk, Aita, bere hatzaparretatik askatu zenezan. Horregatik, guk eskaintzen dizkizugu gaur gure sufrimenduak, oinazeak, destainak, burlak… Emaguzu zure grazia lagun dugula, geroko aintzaren itxaropena.


KOLONIA ONTZI BATEN AURKEZPENA

(Aurkezpen hau emakume batek egitea hobe legoke, gizonkeriaren keinutzat jo gabe)

OTOITZA – AZALPENA: Jauna, nik kolonia ontzitxo apal hau aurkezten dizut eta ospakizun leku hau usain gozotzen dut. Bizi usaina da, Piztueraren lurrina. Eta Elkarte osoaren izenean eskatzen dizut, gutariko bakoitza eta guztiok, gure hizketen, gure bizitzeko eren eta jokabideen bitartez, Jesus berpiztuaren bizi berriaren usain gozo eta ezaugarri izan gaitezela.


GATZONTZI BETEAREN AURKEZPENA

(Elkarteko edozein pertsona nagusiak egin dezake)

OTOITZA – AZALPENA: Gatzontzi bete hau, elkartearen, militante guztien eta nire izenean dakarkizut, Jauna; mundua eraldatzen eta zure ebanjelioa zabaltzen egiten dugun ahaleginaren ezaugarri bezala dakarkizut. Gaur eta hemen gure herriaren erdian, nahiz eta eragozpen ugari izan, zure ebanjelioaren misiolari izaten jarraitu nahi dugu. Emaguzu zure grazia eta laguntza gure gatza ez dadin gezatu.

Agurra

Senideok: ospakizuna bukaerara iritsi da; datorren astean buru-belarri sartuko gara gure fedearen gertaera nagusietan: Jesusen heriotzan eta piztueran. Aurkituko ote ditugu, egun hauetan, otoitz egiteko, Berarekin bakarrik egoteko uneak? Graziaren eta salbamenaren, heriotzaren eta biziaren aldian gaude, jarraipenaren aldian, frustrazio, nahigabe eta heriotza guztiak gorabehera, itxaropenaren aldian. Jauna gurekin ari da. Otoitz egitea, aukera horrekin baliatzea da. Aste zoriontsua guztioi!

Egun honetarako gogoeta

“Nire zerbitzari izan nahi duenak jarraitu biezat
eta Ni nagoen lekuan nire zerbitzaria ere egongo da”




Azkar baino azkarrago hurbiltzen goaz ASTE NAGUSIRA, ASTE SANTURA, bere burua kristautzat duen Elkartearentzat “nagusirik nagusiena”. Horrek zera adierazten digu: prestaera aldia bukatu beharrean dagoen deiaren ordua gainean dugula. Gure bizitza Jesusen bizitzarekin aurrez aurre jartzeko ordua; gure jarrerak (hau da, gure bizitza ulertzeko eta jokatzeko era, elkar maitatzeko neurriak eta ekintzetan sartzeko eta jokatzeko moduak...) eta bereak argitzeko eta zuzentzeko ordua. Berari BEGIRATU eta bere eskuetan utzi, Berak ALDATU gaitzan.

Garizumako igandeek KATEKESIA baliotsuak eskaini dizkigute: “Hau da nire Seme maitea. Entzuiozue” (2. igandea); “Ez ezazue azoka bihur nire Aitaren Etxea” (3. igandean); “Hain maite izan du Jainkoak mundua, bere Semea eman dio, Harengan sinestu dezanik inor galdu ez dadin” (4. igandean). Igande honetan, aurrekoak osatuz, Jesus Berak diosku: “Benetan diotsuet, galgaraua lurrera erori eta hiltzen ez bada, bera bakarrik gelditzen da”; “Zerbitza nahi nezanak jarrai biezat”. Gure bizitzarako sekulako PROPOSAMENA!

Mezu eta proposamen hauen argira, egun handietan sartu gara, ASTE SANTUko gure salbamen misterio harrigarriak bizitzeko asmoz, Jesusen ondoan goazela.

Zorionekoak JESUS BIDETZAT hartzen duzuenok!

 

Elkartea Ospakizunean

 
<< aurrekoa

"Nik, lurretik jasoko nautenean, neuregana erakarriko ditut denak"

(Jn 12, 32)

 

 


bidean@bidean.net
orue